La Ligaren blokeoak: milaka webgune kaltetu, tartean euskal domeinuak
La Ligaren blokeoak –
Azkenaldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko.
Helburu horrekin ezarritako blokeoek; halere, La Ligako partidak emititzen diren aldiro, futbolarekin zerikusirik ez duten milaka eta milaka webgune arrunt ere uzten dituzte zerbitzuz kanpo. Horien artean euskal webguneak ere badira: La Ligak Cloudflareri jarritako betoak bere webguneari eragin diola salatu du Berriak eta LaLigak webgunearen erabilpena baldintzatu duela Tropela.eus-ek. Horregatik, eta erabiltzaileen egoeraz kezkatuta, abiatu ditugu .EUS webguneak jasaten ari diren kaltea neurtu eta horiek babesteko lanak.
Zein da .EUS domeinuen egora?
La Liga auziaren jarraipen tekniko eta legala egiten ari diren adituekin egindako lehen azterketaren arabera, une honetan, 209 .EUS domeinuk erabiltzen dute Cloudflare proxy-zerbitzua; hori dela eta, Interneteko operadoreek webgune horien IPak blokeatzeko arriskua dago La Ligaren hurrengo emanaldietan. Balizko blokeoak denbora errealean aztertzeko eta izango duen inpaktua neurtzeko, domeinu horiek guztiak monitorizatuko dira futbol partidak jokatzen diren orduetan. Ondoren, eta ikerlanaren emaitzetan oinarituta, zehaztuko ditugu eman beharreko hurrengo urratsak.
Honezkero, webgune askok Cloudflare desaktibatu dute blokeoaren beldurrez. Hala ere, segurtasunaren ikuspegitik ez da aterabiderik egokiena. Alde batetik, badirudi blokeoak ez direla Cloudflarera mugatzen; beste hornitzaile batzuek ere jasan ditzakete. Bestetik, proxya deskatibatzen duen webguneak, aurrerago aktibatuta ere, ez du aurrez zuen segurtasun-maila berreskuratuko. Izan ere, IPa agerian egon den bitartean arrastoa utzi du eta irisgarria izango da erasotzaile potentzialentzat.
Baina zer gertatu da?
2024ko urte amaieran, Bartzelonako 6. merkataritza-epaitegiak ahalmen handiago eman zien Tebasek gidatzen duen La Liga elkarte pribatuari eta Interneteko zerbitzu-hornitzaileei futbol-partidak emititzen zituzten webguneen IPak blokeatzeko. Horrez gain, IP berriak identifikatu eta sarbidea mugatzeko eskumena ere aitortu zien. Testuinguru horretan, futbol-emisio ilegalek Cloudflare proxy zerbitzua erabiltzen zutela aitzakia hartuta, La Ligak Interneteko zerbitzu-hornitzaileei (Movistar, Digi…) agindu zien Cloudflareko hainbat IP helbide blokeatzeko.
Cloudflarek webgunearen eta erabiltzaileen arteko bitartekari lana egiten du. Horrek hainbat abantaila eskaintzen ditu, hala nola segurtasuna hobetzea, eraso informatikoak arintzea (DDoS erasoak, adibidez) eta edukien banaketa optimizatzea. Proxyak IP helbidea ezkutatzen du, benetako zerbitzariaren kokapena babestu eta erabiltzaileei webguneak azkarrago erakusten dizkie.
Epailearen arabera, hartutako neurriek “ez diete kalterik eragiten hirugarrenei”, baina errealitateak kontrakoa frogatu du. La Ligako partida orduetan hainbat IP blokeatu dira, eta milaka webgunetara sartzea eragotzi die milioika erabiltzaileri. Horien eraginez, askotariko webguneak geratu dira zerbitzuz kanpo denbora batez, hala nola RAE, X, Agencia EFE, BlueSky, CaixaBank edo LinkedIn.
Egoera honen aurrean, Cloudflarek LaLigaren aurkako ekintza legalak abiatu dituela iragarri du, eta “blokeatzeko ahalegin neurrigabeak” legez kanpokoak direla argudiatu. Horrez gain, RootedCon komunitateak eta erabiltzaile kaltetuek LaLigaren blokeoen aurka aurkeztu duten jardunbidea deuseztatzeko eskaera onartu du justiziak, non blokeo indiskriminatuak berehala etetea eskatzen duten. Izan ere, Tebasek pirateriaren kontrako guda gisa irudikatu nahi izan duen horretan uste baino askoz gehiago dago jokoan: Interneten neutraltasuna.