Kooperatzen duzu ala lehiatzen zaren bitartean hiltzen zara?
Kooperatzen duzu ala lehiatzen zaren bitartean hiltzen zara? –
Dabid Martinezek sarean.eus atarian.
Duela aste gutxi Thunderbird-ek, Mozilla-ren posta elektronikoko bezeroaren proiektuak, laster, data zehaztu gabe, Android sistema eragilerako eskuragarri egongo den Thunderbird bertsioaren berri eman zuen. Gutako batzuk, “gutako” idaztean software librea ahal bezain beste erabiltzen dugun guzti horietako batzuk adierazi nahi dut, urte asko daramatzagu Thunderbird-en bertsio mugikorra eskatzen. Eta egia esateko, ni behintzat, ezustean harrapatu nau guzti honek. Ez nuen egun batetik bestera honelako albiste potolorik espero, horrenbeste urteren ondoren. Thunderbird proiektuko liderrak jakinarazi zuenean Thunderbird apk formatuan eskuratzeko oso gutxi falta dela, hamaikatxo blogek albistea zabaltzen lagundu zuten. Irakurri ditudan artikulu horietako asko albistea berandu datorrela esateko besterik ez dira idatzi, esaten duten hori argumentatzeko arrazoi bakar bat ere idazten nekatu gabe. Batek daki zein asmorekin.
Tira, berdin du. Gu geurera.
Thunderbird-ek bi aukera zituen Androiderako bertsioa garatzeko. Aukeretako bat aplikazioa zerotik garatzea zen bere baliabide teknologikoekin eta ekipo propioarekin. Baina ez. Nago, Thunderbird proiektuak Androiderako softwarearen garapenean aditua ez dela konturatzeko bezain argia izan delakoan. Zergatik esaten dudan hau? Thunderbird aplikazioa ez delako zerotik eraikiko.
K-9 mail urte dezente dituen software libreko proiektu bat da. Alde batetik, dagoeneko oinarri teknologiko eta sendotasun nahikoa dauka eta, bestetik, giza- eta erabiltzaile-oinarri polita. Laburbilduz, K-9 mail Thunderbird-ek garatu nahi duen tamainako proiektuari ekiteko bezain heldua da. Eta Thunderbird horretaz ohartu eta aplikazio horretan oinarrituko du bere Android bertsioa. Nire ustez, hartu zezakeen erabakirik zentzudunena hartu du.
Dirudienez, Thunderbird-en ekosistemaren barruan K-9 mail integratzeko moduari buruzko elkarrizketek hilabete batzuk iraun dute, baina fruituak eman dituzte. Emaitza? Emaitza zein izango den ikusi beharko bada ere, seguru proiektu polit bat jartzen dutela denon eskura.
Gutako batzuk urteak daramatzagu K-9 mail erabiltzen eta K-9 mail izatetik Thunderbird for Android izatera pasatzen denean, ez dugu ezer berezirik egin behar izango. Beste barik, aplikazioa eguneratu eta kitto. Euskarazko itzulpena ere aurreratuta dago, seguru.
Ez baduzu K-9 mail aplikazioa erabiltzen, ez dakit zeren zain zauden. Google Play Store-an eta F-Droid biltegian eskuratu dezakezu. Zalantzarik gabe, bi softwareen arteko kooperazioak, elkarren kontra lehiatzen aritzeak baino askoz emaitza hobeak emango ditu.
PS: Mezu elektroniko bat jaso berri dut Thunderbird-en. Gogorarazten dit Itziar Ituñoren azken lana ikustea gomendatu behar dizuedala.
Bada, hortxe gaurko gomendio biak.
Kooperatzen duzu ala lehiatzen zaren bitartean hiltzen zara?