Kontuz mugikorrekin!

Kontuz mugikorrekin! –

Joxe Rojasek sarean.eus atarian.

Kontuz mugikorrekin!Kontuz mugikorrekin! -Esan ziguten.- “Funtzionatzeko behar dituzten erradiazioak ezin kaltegarriagoak dira, antzutu egingo zaituztete, eta minbizia eragin!. Eta horrela izan gaituzte entretenituta urte batzuetan: antenen alde eta kontra, Wifiaren alde eta kontra, telefonoa poltsikoan eramatearen alde eta kontra, hitz egiteko aurpegira hurbildu ala tostada baten batean erabili…

Baina bitartean beste kalte batzuk ekarri dizkigute telefonoek, zuzenean edo zeharka. Batez ere ‘adimentsu’ egin zirenetik. Beharbada ez minbizia edo antzutasuna bezain agerikoak dira gaitzok. Baina larri-larriak, hauek ere:

.

  1. Menpekotasuna

Makina bat gailu txiki ordezkatu digu telefonoak: argazki makina, grabagailua, musika entzuteko gailua, eskanerra… boligrafoa ere, neurri batean behintzat, estutzen banauzue. Gailuak ez diren beste zenbait gauza ordezkatu ditu: postalak -oporretakoak, baina baita urtebetetzea edo gabonak zoriontzekoak-, argazki albumak, bankuko “kartillak”, kreditu txartelak… gauza da erabileraren erabileraz, eta funtzioak pilatzearen ondorioz, mugikorrak azkenean menpekotasuna sortu digula. Kontrakoa esango dugu harro-harro, baina gehien-gehienok mugikorrarekiko menpekotasun handia dugu. Eta dena delakoagatik egun bat -edo ordu batzuk- hura gabe pasatu behar izanez gero, gutxienez ezinegon puntutxo batekin biziko dugu egoera hori. Nomofobia deitu diote adituek, eta zenbat eta gazteago izan, orduan eta larriagoa da kontua.

.

  1. Informazioa etengabe jaso eta emateko irrika

Telefonoaren menpeko bihurtu gara. Haren jakinarazpenen menpeko hain zuzen ere. Ordenagailuak hedatzen hasi zirenean, psikologo batzuek esaten zuten haren kurtsoreak idazleen ‘paper zuriaren sindromearen’ antzeko zerbait eragiten zuela. Kurtsorea ñir-ñirka ikusteak idaztera behartzen du bat… Horrexetarako dago diseinatuta, hain zuzen ere.

Efektu hori biderkatu egin da smartphonen hedapenarekin. Jakinarazpenen yonki hutsak bihurtu gara. Ez esan gertatu ez zaizuenik: bost laguneko bilera bat, denok mugikorra isilpean jarrita ez molestatzeko. Batek dardara egiten badu, bost lagunen artean inortxok ere ezin dio bulkadari eutsi, eta denek begiratu behar dute abisua beraientzat ote den.

Eta jakinarazpenik ez badugu, ba probokatzera jotzen dugu, gure menpekotasun hori asetzeko. Eta horretarako zer? Ba, horretarako, informaziorik jasotzen ez badugu, geuk ematen dugu: non gauden, zer egiten, ikusten, pentsatzen edo jaten ari garen, norekin gauden, zer asmo dugun… Konturatu garenerako, mugikorrarekiko menpekotasuna ezin hobeto baliatu dute ingeniaritza sozialean adituek, duela gutxi arte esparru pribatu eta intimokoak ziren informazioak eta datuak lau haizetara zabal ditzagun, dozena bat datsegit eta bertsio pare batek sor dezaketen endorfinen truke. Eta azken boladan ikusten ari garenez, konpultsiboki emandako informazio hori ederto baliatzen ari dira batzuk, ekonomian, gizartean zein politikan zuzenean eragiteko.

.

  1. Obesitate mentala

Lehen buruz egiten genituenak, gero eta gehiago delegatzen ditugu poltsikoan daramagun ordenagailu txikian. Telefono zenbakien agendatik hasi ginen. Gaur egun, lagun edo senitartekoen zenbat telefono zenbaki dakizue memoriaz? Eta zenbat ikasteko gai zaretela uste duzue?

Baina hori hasiera baino ez da izan. Hurbilekoen urtebetetzeak, norbere agendako hitzorduak, zereginak… horien kudeaketa ere mugikorren esku uzten ari gara gero eta gehiago… Batzuen arabera, horrek eragin negatiboa sortzen du gure burmuinean, eta bereziki epe laburreko memorian. Obesitate mentala deitu diote batzuek fenomenoari, nahiz eta, egia esan, kontzeptu horren inguruan ke saltzaile makinatxo bat dabilen.

Tira, parrafada hau guztia azaltzeko irakurtzen ari zareten artikulu hau oso berandu entregatu dudala, nire telefonoko posta aplikazioak kale egin eta gogorarazpena ez didalako garaiz erakutsi. Barkatu, e?

Kontuz mugikorrekin! Kontuz mugikorrekin! Kontuz mugikorrekin!
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude