Komunikazio instituzionala aro digitalean

Komunikazio instituzionala aro digitalean

Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakien berri emateko astero egin ohi dugun prentsaurrekoan, Estrategia Digitaleko Zuzendaritza aurkeztu genuen atzo. Aldundiaren on line komunikazioa bideratzea eta planifikatzea izango da bere egiteko nagusia eta, besteak beste, bi lan bereziki potoloak edukiko ditu. Alde batetik, Aldundiak dauzkan web orri guztiak antolatu eta zentralizatzea. Urtez urte sortzen joan dira atariak internetek indarra hartu zuenetik, eta 240 izatera iritsi ziren. Anabasa horri aurre egitea ezinbestekoa zen. Eta bestetik, Aldundiak sare sozialetan dituen perfil instituzionalak integratzea, eta modu koherentean funtzionatzea.

Komunikazio instituzionala aro digitalean

Denbora faltaren poderioz abandonatu samar neukan Zuzeuko plaza honetara itzultzeko aitzakia ezin hobea iruditu zait erabakia. Izan ere, on line komunikazioan sustatu nahi dugun ezaugarri askoren erakusle da Zuzeu hasiera hasieratik, teknologia berriak eta euskara ondo asko uztartzen dituelako, bai, baina batez ere, komunikazio eredu berri baten alde egin duelako, non herritarra, informazio hartzaile edo kontsumitzaile hutsa izateaz gain, informazio sortzaile ere baden. Iritzi publikoaren kontzepzio zaharkitua apurtzen duelako, eztabaida eta ideien trukaketa bultzatuz.

Komunikazioaren teknologia berriek ekarritako paradigmara egokitzea sekulako erronka da erakunde publikoentzat. Beharbada astiroegi egin zaio aurre erronka horri, sare sozialak eta bestelako tresnak informazio zabaltzeko erabiliz soilik, norabide bakarrean, eta ahaztuz nolako potentziala duten publizitate instituzionalaz haratago, gobernantza eredu hobe baten alde egiteko. Zerbitzu hobea ematea, ekarpen eta iradokizunak jasotzea kudeaketa aberasteko, kontsulta eta zalantzak argitzea… aukera ugari zabaltzen zaizkigu.

Berritu ala hil dioen esamoldeari jarraiki, gai honi ematen diogu lehentasuna islatzen du espreski zuzendaritza digitala sortu izanak. Ezin dugu gertutasunaz, eraginkortasunaz edo gardentasunaz hitz egin, herritarrekin harremanak bideratzeko dugun modua modernizatzeko eta arintzeko kapazak ez bagara, gure komunikazio estrategiak eta kanalak egungo gizartera eta teknologietara egokitzen ez baditugu. Funtsean, betikoa egiten jarraitzen badugu.

Egia da dena ez dela arrosa kolorekoa. Badira on line komunikazioan eta sare sozialetan saihestu beharreko arriskuak: formatuaren berehalakotasunak ekar dezakeen azalkeria, ‘postureoa’, zarata… edonola ere, herritarrekiko interakzioan sakontzea ezinbesteko ariketa demokratikoa da, ondorio positiboak ekarriko dituena zalantzarik gabe. Denontzat.

Adimena, jakintza eta irudimena ez daude esparru konkretu eta itxietan. Edonon eta edonorengan daude. Gizarte eragileengan, herritarrengan. Balia ditzagun tresna digitalak giza kapital hori guztion mesedetan jartzeko. Sartuko dugu hanka, jasoko ditugu kritikak, deserosoa egingo zaigu gure burua besteen –kasu honetan herritarren- ispiluaren aurrean jartzea… baina merezi du saiatzeak.

Komunikazio instituzionala aro digitalean
Administrazioa., aldundia, Gipuzkoa, gobernantza, herritarrak, ikt, Internet

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude