Jauzi egin baino lehen, urik badagoen begiratu
Gaurko postan, azken aste hauetan jarraitu dudan haria utzi, eta sare sozialak aipatuko ditut. Datozen astean jarraituko dut komunikazio plan baten egiteko jarraitu behar diren urratsekin. Sare sozialak aipatzean, behin eta berriz aipatzen da honako esaldi hau: “Sare sozialetan ez bazaude, ez zara existitzen”. Sare sozialetara urratsa egitearen aldeko esaldia da dudarik gabe, baina esaldi honek ñabardurak behar ditu.
Gaur egun erran daiteke sare sozialak ez direla berrikuntza. Gure gizartearen parte dira. Nahi ala ez informazioa kontsumitzeko bide bat bihurtu dira. Gainera garatzen jarraitzen duen bidea. Komunikatu nahi duen orok egokitu egin behar du, fenomenoa ezagutu, aztertu eta komeni bazaio sare sozialetara jauzia egin. Azken urrats hau, sare sozialetan orri bat irekitzea alegia, errazena da, baina aurretik etxeko lanak ez badituzue egin, ezustekoak izan ditzakezue, eta sare soziala zuen kontra bihurtu daiteke.
Lehenik eta behin, jakin beharko dugu zertarako sartu nahi dugun sare sozialetan, zein den helburua gure marka, enpresa edo elkartearen inguruan komunitate digital bat osatu nahi izateko. Besteak bezala egiteko baldin bada, hasiera batean bere eragina izanen du agian, baina sare sozialetan gaudela jendea ohartu orduko, itxura txarra ematen ariko gara. Sare sozialetan egon egoteagatik nire ustez, ez zara gehiago existitzen. Hori gezurra da.
Sortzen den orri edo perfilari bizia eman behar zaio, komunikatzeko tresna bat bezala erabili, enpresarentzat baliagarria izan behar da nola ez, baina baita bezero edo jarraitzailearentzat ere. Interesatzen zaizkion edukiak eman beharko zaizkio, et entzun egin beharko zaio. Sare sozialetan izateko gure helburua zein den adostu eta gero, estrategia bat diseinatu beharko dugu, zehaztuz zein den guk, enpresa bezala, bezeroari eman nahi diogun mezua, baina baita balio erantsia ere. Gisa berean, sare sozialak ezin dira kontrolatu, beraz krisi baten egoeran, haserre den bezero baten aurrean, erantzuten jakin beharko dugu, edo agian onartzen hanka sartu dugula.
Itxura txarra aipatzen nuen arestian. Hori web gunea bezala da, web gune batean sartzen bazarete eta azken egokitzapena 2006ko urriaren 2koa baldin bada, kontra eraginkorra da enpresaren irudirako. Kasu zehatz batzuetan normala da informazio finko bat izatea web orri batean, baina aholkatzen da eguneratzen den atal bat izatea gutxienez, enpresaren bloga demagun. Sare sozialetan, ordea, alde ezkor hori are handiagoa izan daiteke, besteak beste bezeroen kezkei edo galderei erantzuten ez baduzue, zure burua soilik iragartzeko erabiltzen badituzue eta hizkuntza desegokia erabiltzen baduzue, besteak beste.
Joan den astean post batean, irakurtzen nuen 10 bat aholku kontuan hartuz gero, erraza zela enpresa txiki baten orri edo perfila kudeatzea. Nik ez dut kontrakorik erranen, baina egiten duenari, aldez aurretik ongi prestatzea eta informatzea aholkatuko nioke oso ohikoak diren akatsak ez egiteko. Hortik post honen izenburua. Gai honen inguruan informazio asko dago sarean, baina oraindik askok perfil bat irekitzen jarraitzen dute Facebook-en, orri baten ordez. Hasiera batean erosoa da lagun eskaerak egin daitezkeelako, baina luzera begira oso mugatua da, perfil batek ez baitu estatistikarik ematen zure publikoari buruz, nongoa den, zer adin duen eta beste hainbat gauza. Gainera 5.000 lagunetan mugatuak izanen zarete, FBk ez baitu gehiagorik onartzen. Horrelako txikikeria asko daude, baina jakin gabe denbora asko galdu daiteke horiek konpontzen.
Oso interesgarria Xan.
Milesker. Zuek ere ederki ari zarete, ikusten dudanez. Ez nauzue gehiago ikusten baina kuxkuxeatzen ibiltzen naiz gero.