Izar baten bizitza eta heriotza
Izar baten bizitza eta heriotza –
Almudena M. Castro pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea. Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen maiatzaren 7an, eta EHUko Euskara Zerbitzuak itzuli du Zientzia Kaiera atarirako.
Bere uhartea inguratzen duten herrialdeetatik zenbateko distantziara dagoen kalkulatu ondoren, gure naufragoa emigratzeko prestatzen ari da. Zientzian eta ikerketan inbertitzen duen herrialderen batera igeri egin nahiko luke; etorkizuna duen herrialde batera, alegia. Zorionez, bere hondartzako fakturei esker, herrialde bakoitzeko ekonomiaren oinarria zein den, zein garapen mailatan dagoen, etorkizun luzea izango duen edo krisi beldurgarri bat etorriko den jakiteko pista bat dauka.
Izar baten konposizio kimikoak horren antzeko zerbait kontatzen digu. Bere bizi zikloaren zein unetan dagoen jakin dezakegu, bere “erregaia” zein den baldin badakigu; hau da, bere energiari zerk eusten dion. Baina pixkanaka joango gara. Zer esan nahi dugu “erregai” terminoaren bidez kasu honetan?
Bada, azaleko azalpen bat ematearren, izar bat erreaktore nuklear izugarri handi bat da: hainbat atomo fusionatzen ditu eta soberako energia erradiazio moduan askatzen du. Izar gehienak hodei molekular batean jaiotzen dira; hau da, hidrogeno molekular ugari dagoen espazioko eremu batean. Hori da izar guztien “erregai” nagusia; izan ere, hidrogeno atomoak fusionatu egin daitezke eta helioa gehi energia soberakin bat sor dezakete. Horregatik, gasez eta espazioko hautsez osatutako hodei horiei “izar haztegi” ere deitzen zaie; espazioko lorezaintzaren artea irudikatzera bultzatzen gaituen izen eder bat da hori. Batzuetan, grabitateak erakarrita, hodeia konprimitu egin daiteke, bere pisuaren eraginez kolapsatu eta protoizar bat osatzeraino.
Puntu horretan, masa 0,08 eguzki masa baino txikiagoa bada (0.08 M?), protoizarra ez da behar adina konprimituko eta ez da hidrogenoa fusionatzen hasteko behar den tenperaturara iritsiko. Argitasun gutxiko nano marroi bihurtuko da, eta, denborarekin, pixkanaka itzaltzen eta hozten joango da. Aldiz, masaren eta tenperaturaren atalase hori (10 milioi kelvin inguru) gainditzen duten protoizarrak beren nukleoan hidrogenoa fusionatzen hasten dira. Orduan, sekuentzia nagusiaren parte bihurtzen dira, Hertzsprung-Russell diagramaren (izarren historien mapa) adar bereziki ikusgarri horren parte. Fusio erreakzioek eragindako erradiazio presioak eta izarraren grabitateak berak indar oreka bat sortuko dute. Oreka horrek bere tamaina definituko du eta aipatutako adaretako puntu jakin batean kokatuko du.
Izarrek sekuentzia nagusian igarotzen dute bizitzaren zatirik handiena, beren nukleoko hidrogenoa erretzen duten bitartean. Fusio erreakzio horiek, apurka-apurka, beste elementu astunago batzuk sortzen dituzte, eta horiek, era berean, erregai nuklear bihur daitezke. Lehenik helioa agertzen da, gero berilioa, karbonoa, oxigenoa… harik eta atomo astunenak, burdin atomoak, sortzen diren arte. Beren nukleoko hidrogeno iturriak agortzen direnean, izarrak zahartzarora iristen dira. Une horretan, sekuentzia nagusitik bereizten dira, eta, erretiroa igarotzeko, mapako beste txoko bat bilatzen dute. Baina desplazamendu horren norabidea, abiadura eta helmuga izarraren hasierako masaren araberakoak dira.
.
Izarren heriotza haien masaren mende dago
Izar batek masa txikia edo ertaina badu (9 M? baino txikiagoa), ez da iritsiko bere nukleoan sortzen den helioa berehala erretzeko adinako tenperaturara. Nukleoa agortu ondoren, hidrogenoa erretzen jarraituko du, erdigunetik gero eta urrunago dauden geruzetan, eta, hori egitean, hedatuko egingo da, erraldoi gorri bat osatzeraino. Adituen ustez, gure eguzkiak etorkizun hori izango du. Milaka milioi urte bakar batzuk barru, Merkurio, Artizarra eta agian Lurra ere irentsiko ditu.
Hedapen itzel horren ondoren, baliteke erraldoia bere nukleoko helioa ere irensten hastea. Fase horri pilaketa gorria esaten zaio, H-R diagraman mota horretako izarrak kontzentratzen direlako. Nukleoko helioa agortzen denean, izarra berriz kontsumitzen da, gero eta kanporago dauden geruzetan. Prozesu horretan, hedatu eta hoztu egiten da (gero eta erraldoiagoa eta gorriagoa bihurtzen da) eta diagraman gorantz eta eskuinerantz mugitzen da. Justu desagertu aurretik iristen da izarra bere tamaina handienera. Harik eta, azkenean, kanpoko geruzak botatzen dituen arte (grabitate indarrak gutxien erakartzen dituenak). Orduan, erdian nano zuri bat duen nebulosa planetario bat bihurtzen da.
Izar pixka bat handiagoek (9 eta 30 M? artekoak) antzeko jatorria dute. Haiek ere haztegietan jaiotzen dira eta gaztaroa beren nukleoko hidrogenoa kontsumitzen pasatzen dute. Baina erregai hori agortzen denean, helioa erretzen jarraitu dezakete arazorik gabe. Prozesu horretan, haien argitasuna ez da aldatzen, baina masa galtzearen ondorioz, beren tenperatura (kolorea) azkar murrizten da eta diagraman eskuinera mugitzen dira. Urdin izatetik zuri izatera igarotzen dira, eta gero hori izatera, harik eta supererraldoi gorri bihurtzen diren arte; hau da, unibertsoko izarrik handienak. Erregai guztia agortzen dutenean, beren masa erraldoiaren kolapso grabitatorioak supernoba bat sortzen du, neutroi izar deituriko hondarrez osatua.
Izarrik masiboenek (30 M? baino gehiago) antzeko historia dute, xehetasun bat kenduta; izan ere, izar horiek beren masa erritmo oso bizian galtzen dutenez, inoiz ez dira supererraldoi gorri bihurtzen. Beren erregai guztia kontsumitzen dutenean, izarrak kolapsatu egiten dira eta supernoba bat eta zulo beltz bat sortzen dituzte, izar hondar gisa.
Urruneko objektuen historia liluragarriak dira horiek; hain dira urrunak, ezen gure irudimena ere ez baita haraino iristen. Liluragarriena da gaur egun historia horiek kontatzeko modua dugula, izarren argiari begiratze hutsarekin. Mende eta erdiko ikerketari esker, haien mezua deszifratzen ikasi dugu. Zeru sabaiaren gainazala zeharkatu dugu, azkenean, eta, beste aldean, kontakizun sakon bat aurkitu dugu; denboraz, hidrogenoz eta grabitatez osatutako kontakizun bat.
Izar baten bizitza eta heriotza