Itzulpengintza automatikoa eta euskal testuen kalitatea

Itzulpengintza automatikoa eta euskal testuen kalitatea –

Adimen artifizialak jauzi handia eman berri du eta, egia esatera, baten batzuok jokoz kanpo harrapatu gaitu, berorretan zer onura, zer arrisku ikuste aldera, oraindik ondo oinarritutako hausnarketa bat falta dugula.

Badirudi adimen artifizialak iraultza handia ekarriko duela gure egunerokotasunean, zenbait arlotan, gure egiteko moldeetan, sormen eta kulturan, gure lanbideetan, gure bizimoduetan… Bateko, eraldaketa horietariko askok oso baikor aintzat hartzekoak ematen dute, baina, besteko, ezin uka beste zenbait kasutan ere gure etorkizun hurrean ezin konta ahal kezka eta zalantza sor dakigukeenik.

Itzulpengintza automatikoa eta euskal testuen kalitateaNi ez naiz adimen artifizialean aditu inondik ere, ez eta beraren gaineko hausnarketa eremuan ere. Ez dut baina adimen artifiziala bere osoan hizpidera ekarri nahi. Bere aplikagarritasun eremu mugatu bat baino ez dut aintzakotzat hartu nahi. Itzultzaile automatikoen gainean hausnartu nahi dut, eta, gurera etorriaz, zehatz-mehatz, euskarazko itzultzaile automatikoez hausnarketatxo baten batzuk edo beste hona ekarri. Zer onura, zer kalte, zer arrisku aurreikus litezkeen euskara idatziaren bilakaeran, bere erabilpen formetan, bere kalitatean…, nola edo hala hizpidera ekartzen ahalegindu nahi dut. Mahaigaineratu nahi ditudan hausnarketa eta zalantzak doazela zer pentsa eta zer hausnartu emate aldera, guztiz jakitun, ez naizela horretan batere aditua, eta, begirada altxatuta, prozesu berri hauek guztiak, gaur-gaurkoz eta oraindik, gehiago dute gertakizun dagoenetik, ezen ez gertakari denetik.

Hausnarketagaiari helduta, esan, egun oso zabaldua dagoela jadanik euskarazko itzultzaile automatikoen erabilpena. Jauzi kualitatibo egundukoa egin du berrikitan, inoiz, eta are gutxiago horren azkar, espero izatekoak ez ziratekeen kalitate-mailak lortzeraino.

Eremu anitzetan ari da dagoeneko erabiltzen, Administrazioan, enpresa pribatuetan, hezkuntzan, webguneetan… Enpresa askok erabiltzen dute jada IA beren digitalizazioak egiteko, beren webguneetan, hainbat dokumentu, txosten eta gutun itzultzeko eta, berorren kalitate-maila tarteko, ezin jakin sarri askotan, sortutako testua makina batek edo pertsona batek egina den. Hezkuntza eremuaz beste horrenbeste esan daiteke. Ikasleek zein irakasleek eguneroko tresna dute jada IA. Itzulpengitza zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetan ere ez da gutxiestekoa ekarri duen iraultza.

Egungo errealitatearen argazkia hori delarik, noan orain dakusadan problema nagusia planteatzera. Makina hauek guztiek baitaratutako datuetatik, euren datu-baseetatik ikasten dute eta euren unibertsoa egunean-egunean ari dira zabaltzen eta hedatzen hartzen dituzten input eta interakzioetatik. Une zehatz batean euskaratze- edo erdaratze-erantzun batean makinak luza diezazukeen emaitza ez da berez makinak sortua, baizik-eta lehendik jada zituen testuetan oin harturik emana. Eta hor ikusten dut nik etorkizun hurrenean balizko arazo edo kezka bat; zer gertatuko da erabiltzearen erabiltzez baseetan gehitzen, eta gehitutakotik makinaren barne bilakaera autonomoaz, testuen kalitatearekin?

Badaude, bai mintza mailan, baino ahozkotasunean, gero eta zabalduagoak dauden hainbat akats; berauek behin makinaren unibertsoan sartuta, aurrez inongo berrikuspenik gabe, hedatuz eta hedatuz joango dira, eta jada lehendik egondakoa areagotzen eta indartzen baino ez dira joango.

Adimen artifiziala oro har zabaltzen ari den eskenatoki berria sorkuntzari dagokionean gutxi-asko honako hauxe da: aurrerantzean sortutako produktua eskuragarriago izango dugun bitartean, produktu horien sorkuntza-prozesuetan parte hartzeak gutxituz eta gutxituz joango dira. Euskarazko testugintzari dagokionean beste horrenbeste gerta daiteke. Behin IA erabilita, gure moldatze propioak, gure berrikuspen eta egokitze kalifikatuak eratxikitzen ez baditugu, kanpotiko jatorrizko eredua gero eta urrunago geldituko da, edota datu-baseen ikuspegitik mintzoka, kopuruz besteen aldean gero eta urriagoak izango dira. Pentsa dezagun, kasu baterako, zein izango den hezkuntzan emango den bilakaera; bertan D ereduan ibilita ere, euskaraz batere trabatuak ez dauden ikasle kopurua oso handia da, proportzioz askoz handiago euskaraz txukun eta egoki egiten duten ikasle euskaldunena baino. Hori horrela, zer gertatuko da behin zinez eztanda eginda erabiltzaileen interakzio kopuruak? Izan ere, makina elikatutakotik bizi da, jasotzen duenaren kalitatetik, eta, behin eredua lanbrotzen eta zabartzen joan zaiola, hortik emango ditu bere erantzunak.

Zer pentsaturik emateko plazaratu nahi izan ditut hausnarketa hauek. Planteatutako etorkizun horretarantz egingo ez bagenu, hainbat hobe, baina, tamalez, nago oso gertatzekoa dela. Eta finean eta buruan, eskuartean dugun arazoa ez dago inondik inora intzulpengintza automatikoarekin hertsiki loturik; honelako itzulpen automatikoek ez dute-eta honelatsuko arazorik sortuko minorizatu egoeran ez dagoen beste zeinahi hizkuntzatan. Gurean baina, berez aurrerapen dirudikeena, dugun arazoa hanpatuko du.

Igor Goitia

Itzulpengintza automatikoa eta euskal testuen kalitatea

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.