Ispilu beltza, hil eta buelta
hil eta buelta
Ez dakit Black Mirror telesaila ikusi duzuen; nik bai, eta burua jaten nabil ordutik hona. Ez dakit zer demonio dagoen gidoilarien garunean, baina exorzismo batean beharrean daudela garbi.
Telesaila da, baina atalek ez dute harreman berezirik haien artean, independenteak dira; eta sekulakoak. Gainera, badute hala moduzko ukitu makabro bat. Etorkizunari begira jartzen dira, eta ohartarazten gaituzte zertan bilaka gaitezkeen kontu handiz ez ibiliz gero (hauteskundeetara aurkezten den marrazkia eta Trump, mobilarekin guztia grabatzen ibili beharra, reality-ek sortzen dutena…).
Bigarren denboraldiko lehen atalaren izenburua “Berehala nator” da, robotika eta sare sozialak ardatz hartuta. Marta eta Ash elkarrekin bizi den bikote gazte bat da, baina tamalez azken hau istripu batean hiltzen da. Baina Martari aukera berri bat eskaintzen dio azken puntako teknologiak: enpresa batek gorputz bizidunak sortzen ditu, eta hildakoak bere bizitzan zehar sare sozialetan utzitako informazioarekin (itxura fisikoa, ahotsa, mugitzeko modua, gustuak, hitz egiteko era…) kopia bat sortzen dute. Honainokoak esanda aski, horrek sortzen dituen gorabeherak ikusi nahi izanez gero, badakizue zer egin.
Etorkizuna iristen hasia dago, ordea; Eider Rodrigezek esango lukeen moduan, “eta handik gutxira gaur”. Buenos Aireseko familia batek Antony izeneko txakur bat izan zuen, hamazazpi urteetan zehar, duela ez asko hil zen arte. Sendiak, dirudienez, ez zuen bere heriotza onartu, ez omen ziren aurrera jarraitzeko gai beren txakurra aldamenean izan gabe (Anarik esango lukeen moduan, “melankolia burgesa”); hartu eta txakurra klonatzea erabaki zuten, hil eta gero. Bere azal zati bat Koreako laborategi batera bidali zuten (Sooam Biotech Research Foundation), laborategia prestigiotsua baita klonazio arloan.
Aurtengo uztailen jaio da Antony II, Antony I-aren kopia genetikoa, kalkoa. Faktura: 60.000€.
Zer pentsatua ematen du. Agerikoa da ez dela txakur bera, Antony zizareen bazka izan zen, baina praktikan txakur bera da, genetikoki iguala. Laborategi honek jadanik mila klonazio burutu omen ditu arrakasta osoz, eta distantzia apur batekin begiratuz gero, 60.000€ ez da kantitate estratosferiko bat (ezagutzen dut kotxe batean hori baino zerbait gutxiago gastatu duenik).
Hain urruti al dago berdina egiteko aukera gizakiekin?
Eta handik gutxira gaur, eta nire melankonia burgesean itota, bertigoan amildu naiz.