Irulegiko eskua Interneten babes bila
Irulegiko eskua Interneten babes bila –
Josu Waliñok sarean.eus atarian.
Irulegiko eskuak Euskal Herrian utzi duen arrastoa ikaragarria izan da. Aurkikuntzaren garrantziaz ohartu da gizartea, baina baita enpresak ere, eta eskuaren inguruan etekin bila hasi dira batzuk zein besteak. Honek, noski, Interneten ere izan du bere oihartzuna.
Bideo erreproduzigailua
Bertan kontatzen da dagoeneko Sorioneku izena baliatuz zazpi marka erregistro eskaera gauzatu direla, horietako bakarra Aranzadiren izenean. Hala bada, zer gertatu da Interneteko domeinuekin? Aurkikuntzaren berri eman zen egun berean ikusi genuen Irulegiko eskua eta Sorioneku hitzaren aipamen egiten zuten hainbat .EUS domeinu-izen erregistratu zirela. Astebete beranduago ikusi dugu 9 direla erregistratu diren .EUS domeinu-izenak, honakoak:
- irulegikoeskua.eus
- sorioneko.eus
- manodeirulegieskua.eus
- sorioneku.eus
- sorionekugara.eus
- manodeirulegi.eus
- lamanodeirulegi.eus
- sorionekuak.eus
- sorieneku.eus
Bederatzi domeinu-izen horietatik bi bakarrik dira Aranzadik erregistratutakoak, gainerakoak beste norbanako eta enpresek erregistratu dituzte. Gehiago ere iritsiko dira, baina, nola babestu horrelako egoera baten aurrean?
.
TMCH babesa
Ohiko marka erregistro prozesuek ez dute aurrez babesten Interneteko domeinu-izenen erregistrotik. Baliagarriak dira ondoren erreklamazioa egiteko garaian, baina aurrez domeinuaren erregistroa babestea zailagoa izaten da. Hori kontuan izanda ICANNek Trademark Clearinghouse (TMCH) izeneko sistema jarri zuen abian, TLD berrien abiarazte aldietan marka erregistratuei domeinuen erregistroan lehentasuna emateko helburuarekin.
Sistema honek marken jabeak domeinu-izenen erregistroetan babestea du helburu. Horretarako, lehentasuna ezartzen du edozein TLDren abiarazte aldian, eta ondoren ere hirugarren batek TMCHren datu-basean dagoen markaren baten domeinua erregistratuz gero alerta sortzeaz gain domeinua berreskuratu ahal izateko aukerak hobetzen ditu.
PUNTUEUSen kasuan, 2014an egin genuen abiarazte-aldian hainbat lehentasun maila izan ziren, eta horien artean TMCH bidez babestutako markek izan zuten lehentasun osoa. Lehentasun hau baliatuz 91 markek erregistratu zuten beraien .EUS domeinua beste inork egin aurretik.
Ez dakit orain Sorioneku edo Irulegiko eskua markak erregistratu eta domeinuak erosteaz gain inor ahaleginduko den TMCH babes digitala lortzen, baina garbi dago, sorioneku eskuak oraindik ere emango duela zer esana, baita sarean ere.
Irulegiko eskua Interneten babes bila