Internet doktorearen diagnostikoak
Medikuek badute aspaldian lehiakide berria. Ez dira gutxi kontsultara hurbildu eta medikuak diagnostikoa egitean, beste gaixotasunen bat ez ote duten galdezka hasten direnak. Dituzten sintomekin ustez izan ditzaketen gaixotasun posible guztietarako frogak egiteko eskatzen duenik ere bada. Erruduna, Internet.
Osasun arazoei buruzko kontsultak Internet bidez egiteari gaixotasun izena jarri diote jada: Ziberkondria. Hain zuzen ere, sintoma batzuen inguruan irakurritako hipotesirik okerrena ontzat hartzea da ohikoena, eta gaixotasun larri bat duzula pentsatzea. Kasu askotan, Interneten ikusitakoaren arabera norbere kabuz sendagaiak hartzera ere heltzen da jendea. Obsesioaz gain, beraz, arrisku fisikoak ere izan ditzake ziberkondriak.
Badira, informazio fidagarria eskaintzen duten web orriak, gaixoei euren gaixotasuna ulertzen laguntzen diotenak. Hainbat medikuren iritziz, hain zuzen ere, Interneten erabilera positiboa izan daiteke, esperientzia bera jasan duten gaixoak kontaktuan jarri baitaitezke honi esker. Gehienak ordea ez daude gustora euren lanbideak eman duen aldaketarekin. Sarean idazten dutenek intrusismoa egiten dutela irizten diote. Batik bat, euren irizpideak etengabe zalantzan jartzea da atsegin ez dutena.
Google-en “azalean orbanak atera zaizkit” ipini eta kasik 600.000 emaitza atera zitzaizkion lagunari. Horiek desagertuarazteko etxeko erremedioak azaltzen zituzten gehienak, baina minbizia izan zitekeela zioten orriak ere ikusi zituen. Egiaz, eguzkiaren eraginez azaldutako orban batzuk besterik ez ziren, bi astetan desagertu zirenak. Beraz, argi ibili beharko dugu Internet doktoreak esaten duena aintzat hartzeko garaian.