Haur-amnesia edo umetako oroitzapenen ahanztura

Haur-amnesia edo umetako oroitzapenen ahanztura –

Uxune Martinezek, Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduradunak, Zientzia Kaiera atarian.

Gutako gehienok ez ditugu gogoratzen haurtzaroan bizitako pasadizoak. Izan ere, ez dugu bi edo hiru urteko umeak gineneko oroitzapen argirik. Ikerketen emaitzek erakutsi dute zazpi urte baino lehenagoko bizitzaz oso gutxi oroitzen garela eta, normalean, umetako oroitzapenak kontatu digutenetik eraiki ditugula.

Haur-amnesia edo umetako oroitzapenen ahanztura
Haur-amnesia esaten zaio helduek haurtzaroko lehen urteak gogoratzeko duten ezintasunari. (Argazkia: Michal Jarmoluk – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gure lehen oroitzapenak gogora ekartzen saiatzen garenean, askotan ez dago argi egiazkoak diren edo beste batzuek kontatu dizkiguten istorioak diren. Akaso, ikusi ditugun argazki zaharretan oinarritutako pasadizoak besterik ez dira. Gure haurtzaroko lehen urteotako, jaiotzatik hiruzpalau urte ingurura arte, oroitzapen ezari “haur-amnesia” esaten zaio.

.

Haur-amnesiaren aldagaiak

Oroitzeko gaitasuna ez da gauza bera haurtzaroan edo helduaroan. Oroimenaren oinarrizko prozesuen garapenean garuneko hainbat eskualde daude inplikatuta. Izan ere, garuna da oroimena osatzen, mantentzen eta berreskuratzeaz arduratzen den organoa. Juan Ignacio Pérez biologoak azaldu zigun bezala, giza garunak denbora behar du garatzeko eta horrez gain, eremu guztiak ez dira batera hazten ez garatzen. Esaterako, hipokanpoa ez da osatzen gutxienez zapi urte bete arte eta bera da oroitzapenak kudeatzen dituen garuneko egitura.

Zientzialariek uste dute hipokanpoa dela oroitzapenak sortzen dituenak, egitura honek espazioari eta testuinguruari dagokion informazioa prozesatzen laguntzen baitu eta erlazionatuta dago epe luzeko memoriarekin. Kontua da, hipokanpoa ez dela garatzen gutxienez zazpi urtera arte. Hori izan daiteke haurtzaroan gertatutakoa ez gogoratzearen arrazoia. Baina hipokanpoaz harago badago ere kontuan hartzeko beste aldagai bat “haur-amnesian”: hitz egiteko gaitasuna.

Hizkuntza dugu beste faktore garrantzitsu bat. Urtebetetik sei urtera bitartean, haurrak hitz bakarra esatetik bere ama-hizkuntza edo -hizkuntzak menderatzera pasatzen dira. Hitz-eztanda bat bizi dugu tarte horretan eta hitz egiteko ahalmenean aldaketa garrantzitsuak gertatzen dira, haurren amnesiarekin (jaioberritik lau-bost bat urtera arte) bat datozenak.

Hitz egiteko gai garenean oroimenarekin zerikusia duen iraganeko denbora erabiltzen ikasten dugu eta baita horrekin harremana duten hitzak: “gogoratu”, “ahaztu”, “atzo” edo “aspaldi” kokatzen eta interpretatzen ditugu. Beraz, badirudi hitzaren domeinuaren aurreko oroitzapenak galdu egiten direla, hizkuntzaren bidez ez direlako “itzultzen” edo gauzatzen, oroimen bihurtzen.

Baina bada ere hirugarren faktore bat haur-amnesian: gurasoen narratiba. Ikertzaileen ustetan eragina du ere gurasoek gauzak kontatzeko duten moduak eta baita ere noiz hazten diren umeekin kontu-kontari izaten. Haur txikiei iraganeko gertaerak gogora ekartzen badizkiete gurasoek, kontakizun horien bidez gaitasun narratiboak edo istorioak kontatzeko trebetasuna irakasten diete. Hau da, istorioak modu ulergarrian transmititzeko baliabideak eta egiturak erakusten dizkiete. Bestalde, istorioetan jarritako enfasiak garrantzizko gertaerak zeintzuk diren jakitera ematen diete eta horri esker, haurrek sailkatu egingo dituzte gertakizunak. Orden horren arabera, garrantzizkotzat jo dituzten pasadizoak gorde egingo dituzte tarte batez (asteak, hilabeteak edo urteak) eta baita oroitu ere. Beraz, narrazioaren koherentziak, gertaeren kronologiak eta emozio-mailak laguntzen dute jazotako zerbait hobeto gogoratzen.

Gertatukoaren informazio hutsa ematea baino gehiago da oroitzea, oroitzapenek besteekin esperientziak partekatzeko funtzioa dute. Horrela, kontakizunek denboran zehar oroitzapenak eskuragarri mantentzen laguntzen dute. Eta zenbat eta istorio koherenteagoak eta ondo josiak, hobeto gogoratuko ditugu.

Haur-amnesiaren nondik norakoak ez dituzte guztiz argi ikertzaileek. Jakin badakite, adibidez, haurrek eta nerabeek helduek baino oroitzapen goiztiarragoak dituztela. Eta horrek iradokitzen du arazoak oroitzapenen eraketan baino, hauek bizirik mantentzeko lanetan dirauela. Dena dela, badirudi hipokanpoaren garapenak, hitz egiteko gaitasunak eta gurasoen istorioen kalitateak badutela zerikusia gure oroitzapenetan.

.

Iturriak:

  • Shinskey, Jeanne (2016). Why can’t we remember our early childhood? The Conversation.
  • Noel, M., Pavlova, M., Lund, T., Jordan, A., Chorney, J., Rasic, N., Brookes, J., Hoy, M., Yunker, W.K., Graham, S. (2019). The role of narrative in the development of children’s pain memories: influences of father- and mother-child reminiscing on children’s recall of pain. Pain, 160(8), 1866-1875. DOI: 10.1097/j.pain.0000000000001565
Haur-amnesia edo umetako oroitzapenen ahanztura

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.