Hamar aholku komunikazio zientifikoan genero-ikuspegia bermatzeko

Hamar aholku komunikazio zientifikoan genero- ikuspegia bermatzeko –

Martxoak 8aren harira, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak zientziaren komunikazioan genero-ikuspegia bermatzeko dekalogoa osatu du.

Aurtengo Emakumeen Nazioarteko Eguna “Mundu digital inklusiboa: Berrikuntza eta genero-berdintasunerako teknologia” lelopean egingo da. Gaur egun agerikoa da Informazioa eta Komunikaziorako Teknologien (IKT) erabilera desegokiek jokabide diskriminatzaileak iraunarazi ditzaketela.

Hamar aholku komunikazio zientifikoan genero- ikuspegia bermatzekoTestuinguru horretan, adibidez, komunikabideek funtsezko zeregina dute berdintasuna lortze bidera. Honen harira, otsailaren 9an, Zientziaren arloko Emakumearen eta Neskatoaren Nazioarteko Egunaren baitan Generoa eta Zientziaren Komunikazioa jardunaldia egin zen Bilbon. Bertan, zientziaren komunikazioaren esparruan genero-ikuspegia ezartzeko eta hobetzeko moduari buruz hausnartu zen hainbat ikuspuntutik.

Jardunaldi honekin, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedratik, hausnarketa eta salaketa binomiotik beste binomio batera igaro nahi izan zen: gogoeta eta ekintza.

Horren erakusgarri da Zientzia genero-ikuspegiarekin komunikatzeko dekalogoa, non komunikazio zientifikoan genero-ikuspegia bermatzeko adituen hainbat gomendio eta ondorio biltzen diren.

Kontuan izan gauzak asko hobetu direla, baina gaur egun gauzak oso ondo doazela eta berdintasuna lortuta dagoela zabalduta badago ere, pertzepzio hori ez da benetakoa. Beraz, komunikazio zientifikoari heltzen diozunean, eman garrantzia alderdi kualitatiboari, ez soilik kuantitatiboari. Ondorioz, ez hartu kontuan zenbat emakume zientzialari izendatzen diren, nola irudikatzen diren baizik.

1. Komunikazio arduratsua praktikan jarri: ez dago komunikazio aseptikorik; beraz, kontziente izan behar da genero-ikuspegiari jaramonik egin gabe eginez gero, komunikazioa alborapenak eta aurreiritziak indartzeko tresna izan daitekeela.

2. Kontuan izan ikerketa bat genero-ikuspegirik gabe egin ahal izan dela, eta, beraz, emaitzak ezin direla orokortu. Genero- ikuspegia ikerketa-taldeen osaeratik askoz harago doa. Horrela, planteatutako galderak garrantzitsuak dira, uste dugunetik sortuko baitira eta hori generoaren araberakoa izan daiteke. Genero-ikuspegiak ere eragina du galdera horiei erantzuteko datuak lortzeko erabiltzen den metodologian eta datu horiek interpretatzeko sortzen den narratiban. Narratiba datuak bezain garrantzitsua da: normalean, datu-multzo berberak bat egin dezake hainbat narraziorekin.

3. Ezarri irizpide argiak iturriak hautatzeko orduan: joan jatorrizko iturrira, bilatu emakume adituak solaskide gisa (nahiz eta batzuetan premiazkoa izan berehalako erantzun bat izatea eta horren aurrean zailagoa izan emakume zientzialarien kolaborazioa) eta lehenetsi merituak adituaren karguaren aurretik. Jarri harremanetan emakume zientzialariekin, ez bakarrik efemerideak edo STEM diziplinetan emakumeei buruzko albisteak daudenean. Praktika horrek emakumeen garatzen dituzten lan zientifikoak ikusezin bihurtzen laguntzen du.

4. Emakume ikertzaileak normaltasunez tratatu, gizonezko ikertzaile bat bezala: haien itxura, bizitza pertsonala, jatorria, adina edo ikerketarekin zerikusirik ez duen beste edozein aldagai aipatu gabe.

5. Ez erabili metafora mugatzaileak, hala nola “kristalezko sabaia”, “oztopo-lasterketa” edo “zulo beltza”. Baliatu ekintzara gonbidatzen duten esamoldeak.

6. Ezagutarazi emakume ikertzailea ondo identifikatuta, adierazi haren izen-abizenak, lanpostua eta erakundea. Generikoaren eta inizialen erabilerak ikusezin bihurtzen baititu zientzialariak.

7. Protagonista sinesgarriak eta imitagarriak sortu: emakume ikertzaileak benetako merituaren arabera tratatu, ez da beharrezkoa hauek salbuespenezko figurak bezala aurkeztea, eman ezagutzera ezohikoak izan beharrik gabe, gizonezko ikertzaile gehienak salbuespenezkoak ez diren bezala.

8. Hizkuntza ez-sexista, inklusiboa eta ez-diskriminatzailea erabili. Orokorra maskulinotzat hartzen dela jakinda, saihestu termino neutroen erabileraren arriskutik, emakumeak ikusezin bihurtzen baitituzte. (Adibidez, gaztelaniaren kasuan, ez erabili “x”, “@” edo antzeko flexioak).

9. Edukiarekin bat datozen irudiak erabili, emakume zientzialariaren presentzia “loreontzi” gisa agertzen dutenak ekidinez. Protagonistak lehen planoan eta kamerari begira erakutsiz eta ez da beharrezkoa bere jarduera edo konpetentzia justifikatzen duen elementurik sartzea, hala nola mantalak, laborategiko tresnak edo bestelakoak.

10. Lana amaitutakoan, begiratu egindakoa eta hausnartu: era berean tratatuko zenukeen testuko zientzialaria gizonezkoa izan balitz? Erantzuna ezezkoa edo zalantzazkoa bada: irakurri berriro dekalogoa.

Komunikabideak, komunikazio-lanak egiten dituztenak edo zabalkundearen esparruan lan egiten dutenak, genero-berdintasunaren aldeko eragile eta sustatzaile aktiboak dira. Horregatik, dekalogo honek zenbait estrategia eskaini nahi ditu komunikazio zientifiko hobea lortzeko, genero-ikuspegia duen zientzia-komunikazioa, edukiak idazten laguntzeko eta hedabideetan emakumeen presentzia areagotzen laguntzeko.

Hamar aholku komunikazio zientifikoan genero- ikuspegia bermatzeko