Hamaika Telebistak web orri berritua aurkeztu du

webberritua

Martxoan hiru urte bete dira Hamaika piztu genuenetik. Urteurrenari loturik hainbat berrikuntza ditugu. Eta gaur, horietako bat aurkeztu nahi dugu. Hain zuzen ere, web orri berritua. Hamaika.tv ataria denon eskura jarri dugu, hobekuntza nabariekin. Helbidea ez da aldatu, www.hamaika.tv izaten segitzen du. Aldiz, diseinua eta edukia sobera aldatu dira.

Internetek etengabe bizitzen eta eguneratzen duen erritmoa jarraitzea zaila den arren, beharrezkoa da egokitzea eta korrontearekin bat egitea. Horiek horrela, web ataria zeharo berritzea erabaki genuen. Emaitza bistakoa da, eta aldea nabarmena.

Erakargarria, dinamikoa, nabigatzeko erraza, diseinu sinplea bezain erakargarria, mamitsua, atalen osaketa landua, erreferentea, bestelakoa … Asko dira Hamaika.tv atari berriaren inguruan azpimarratu ahal ditugun ezaugarriak. Horiek denak, pixkanaka bisitariak deskubrituko ditu.

BERRITASUNAK

Asko dira web orriaren berritasunak. Hona hemen, jarraian labur azalduta.

Hasierako orrian edukiaren antolaketa egokiagoa da. Telebistako edukiak, bideoak, dira protagonista. Horrela, agerikoa da ezkerreko pantaila. Bertan azken bideoak, ikusienak eta nabarmendutakoak bistaratu daitezke.

Ezkerretik eskuinera eginez, gaurko eta biharko programazioa kontsulta daiteke. Hala nola, goizekoa, arratsaldekoa eta gauekoa.

Beherago, beste berrikuntzetako bat ikus daiteke: albisteen atala. Egunean sortzen diren berri esanguratsuenak web orrian eskainiko ditugu atal honen bitartez. Iluntzeko Bat eta Bat saioaren aurretik ikusi ahal izango dira.

Eta orriaren behealdean, atal berri bat kokatu dugu, bere orri berezitua duena: Ikusleen Txokoa. Hamaika Telebistaren ikus-entzuleen parte hartzea bermatzeko, txoko berezitu bat sortu dugu jendeak bere bideo zein argazkiak igorri ditzan. Horiek, web orrian ez ezik telebistan ere eskainiko ditugu.

Goiko menua ere ezin aipatu gabe utzi. Bertatik web orriaren atalera jauzi egin daiteke. Berriak, Programazioa, Saioak, Zuzenekoa eta Ikusleen Txokoa. Atal guztiak zeharo berrituta daude.

Bisita ezazu: http://www.hamaika.tv