Hain iritsi berriak ez diren auzokide basatiak
Hain iritsi berriak ez diren auzokide basatiak –
Juanma Gallegok Zientzia Kaiera atarian.
Fauna sorta zabala biltzen da hirietan, askotan horren jakitun ez garen arren. 2020ko udaberriko konfinamenduan gaia hedabideetara eta sareetara igaro da, baina presentzia hori aspaldikoa dela gogoratu du Juan Ignacio Perez Iglesias biologoak.
Gora eta behera dabil gaur egungo gizaki hirikumea, eta, gehienetan, ez die erreparatzen alboan dituen bizidun bitxiei. Baina, egon, badaude; hasiera batean eman dezakeena baina kopuru handiagoan, gainera. Gaiaren harira aritu da EHUko fisiologia katedradun eta Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari Juan Ignacio Perez Iglesias, 2020ko ekainaren 11n Bidebarrieta Zientifikoa ekimenaren barruan izandako Animales urbanitas hitzaldian.
Koronabirusaren krisiak eragindako konfinamenduan hirietan sartu diren animalien kasu ugari ezagutarazi diren arren, Perez Iglesiasek dio horrek irudi distortsionatua eman dezakeela, berez “hirietan animalia asko daudelako”. Landa eremuan bereziki, aspaldikoak dira hartu-emanak. Vega de Tirados (Salamanca) herrian izandako anekdota bat ekarri du gogora Perez Iglesiasek. Herriko tabernaren atzeko aldean arratsaldero azaltzen zen azeri bat, eta tabernako jabeak janari soberakinak ematen zizkion. Ez dira, gainera, familiatik gertu izandako halako esperientzia bakarrak. Londresen etxeko sukaldean agertutako azeri bat, esaterako, edota hiriko metroan ikusitako beste bat aipatu ditu.
Halako behaketak ez dira arraroak, Londresko datuei erreparatuz gero: 2006an 10.000 azeri inguru zeuden hirian, baina kopuru hori dezente handitu da. Erresuma Batu osoko datuak oso adierazgarriak dira: 1990ean, 33.000 ale zeuden. 2018rako, berriz, 150.000 ziren. Baina, halakoetan, dentsitate datuak dira agian argigarrienak: Londresen kilometro koadroko 20 azeri daude. Bournemouth bezalako hiri batean, 23 azeri kilometro koadroko; eta Bristolen 36 izatera iritsi ziren, gaixotasun batek kopuru hori txikitu zuen arte. “Hirietara sartzen ari dira bertan janaria dagoelako”, nabarmendu du Perez Iglesiasek. Ez da hurbiltze berria: Londresen kasuan, esaterako, 1940ko hamarkadan agertzen hasi ziren.
Testuinguruan sakontzeko, etxekotzearen historiara jo du adituak. Animalien etxekotzean hainbat bide aipatu zituen, horien artean komentsalismoan oinarritutako harremana. Komentsalismoaren emaitza da seguruenera gizakiok animalia askorekin izan dugun lotura sakona. Txakurren kasua da ezagunena: uste da hondakinen artean janaria eskuratzeko hurbildu zirela lehen otsoak giza taldeen inguruetara. Mendebaldeko herrietan maskotatzat hartzen ditugu, baina datu harrigarria eman du katedradunak: munduko txakurren %85 zabortegietako txakurrak dira, eta kalean elikatzen dira.
Geroago etxekotu ziren arren, litekeena da katuekiko harremana komentsalismo horretan abiatzea; eta berdin gertatu zen basurdeekin. Basurdeetatik txerrietarako aldaketan oso ondo ikusten dira, hain justu, fenomeno interesgarri baten ondorioetako batzuk: animalien tamainan aldaketak egon dira. Hasieran txikitu egin ziren, baina, janari gisa erabiliak izan direnez, gizakiak egindako hautaketekin pixkanaka tamainak berriro handitu zen. Entzefaloaren tamaina ere txikitu egin zen, eta, gainera, erantzun emozionalari dagokien eremuetan eman zen gutxitze hori.
Aldaketa horiek etxekotze sindromea edo etxekotze fenotipo gisa ezagutzen den fenomenoaren parte dira. Espeziaren arabera ezberdina izan arren, badira nahiko zabalduta dauden ezaugarri batzuk: muturra laburtzen da, eta belarriak jausten dira. Azalean agertzen den pigmentazioan ere islatzen da fenomenoa. Baina, itxuran ez ezik, portaeran ere azaltzen dira berezitasunak; estimuluen aurrean erantzute-atari handiagoa erakusten dute: basa animaliekin alderatuta, ez daude hain adi inguruan dituzten estimuluetara. Mantsotasun handiagoa erakusten dute, eta ez dute horrenbeste beldur erakusten, ez gizakiarekiko ez beste espezieekiko. Modu berean, ugalkorragoak dira.
Ezaugarri hauetako asko Dmitri Beliaiev genetista errusiarrak etxekotutako azerietan egiaztatu zituen esperimentu baten bidez. Siberian azeriak etxekotzen ibili zen, eta arrakasta handia izan zuen: hogei belaunaldiren ondoren, kumeen herena mantsoak izatea lortu zuen, horretarako joera gehien zuten animaliak aukeraketa soilarekin. Azken ikerketen arabera, enbrioi-garapenean zehar gandor neuraleko zeluletan izaten den defizit txikian legoke honen abiapuntu biologikoa, eta epigenetika ere tartean egon daitekeela uste dute ikertzaileek.
.
Bizilagun hegalariak
Ugaztunei ez ezik, hegaztiei ere erreparatu die Perez Iglesiasek. Horien artean, badira aspaldian gurekin dauden espezieak. Usoen kasua erdibidean dagoen horietako bat da: batzuetan gizakiek nahita hautatu eta erabili izan dituzte (mezuak bidaltzeko batez ere, baina batzuetan kontsumitzeko ere), baina, oro har, komentsalismo harreman horren barruan mantentzen dira. Kaxoi berean sartzen dira ere kurloiak, tabernen inguruan ogi puskak lapurtzen dituzten txikitxo lotsabako horiek. Baina, duda izpirik gabe, atrebentzia gehien erakusten dutenak kaioak dira. Tradizionalki arrantzaleen inguruan bildu izan dira, arrantza kaietara eramaten denean ahal dutena eskuratzen saiatzen direlarik. Baina, pixkanaka, zabortegietara ere egokitu dira. “Harrigarria da ikustea nola haztegietatik zabortegietara eguneroko migrazio txiki bat izaten den, non eta Madrilen!”, nabarmendu du adituak. Gure artean ere, kostaldetik barruko herrietara mugitzen ari direla azaldu du, eta Getxon edo Barakaldon, esaterako, hegazti horiek teilatuetatik uxatzeko kanpainak abiatu behar izan dituztela dio. “Oso erasokorrak dira, gainera, eta jendeari janaria kentzeraino iristen dira”.
Korbidoen artean, berriz, mikak dira gure bazterretan gero eta gehiago zabalduta dauden hegaztiak. Parkeetan aise ikusten dira, eta, zenbait kasutan, kaioekin borrokatzen ikusi zaie. Oso argiak izan arren, momentuz, korbido hauek ez dira iritsi Japonian ikusi izan diren portaerak erakustera. Bertako belabeltzek nazioarteko ospea eskuratu dute, erakusten duten portaeragatik: intxaurrak hartu eta, semaforoa gorri dagoenean, zoruan uzten dituzte, autoek euren gurpilekin zapaldu eta oskolak apur ditzaten. “Are gehiago, hori egiten ikasteaz gain, gainerako kideei ere irakatsi diete teknika hori”.
Gurekin batera bizi bai baina etxekotuta ez dagoen beste espezie interesgarria da sorbeltza.”Bizitza osoa eman dezake lurra hartu gabe, eta soilik txitak elikatzen ari denean lotzen da hormei”. Gauez zeruan gora egiten du hegaztiak, haize lasterretan, eta, seguruenera, izurdeek egiten duten bezala, garunaren zati bat adi edukita lo egiten du. Kaioek bezala, inguru naturaletan labarretan habiak egiten dituzte, baina hirietako eraikinek betetzen dute orain labarren rola. Horrek beste ezaugarri biologiko interesgarri batera eramaten gaitu: aurretiko joera. Horren arabera, hainbat espeziek joera gehiago izango dute hiriak kolonizatzeko, horretarako ondo egokituak daudelako. Kramerren papagaia (Psittacula krameri) hegaztiaren zabalpena da beste adibide argigarri bat. Eremu beroetatik maskota gisa ekarria, espezie inbaditzailea bihurtu da orain. Kasu honetan, badirudi hirien inguruan sortzen diren bero uharteek erraztu dutela animaliaren hedapena.
Amaitzeko, ugaztunetara bueltatu da Perez Iglesias, gaur egun gertatzen ari den zenbait fenomeno bitxiren berri emaneko. Batetik, azaldu du duela gutxi Proceedings of the Royal Society B aldizkarian argitaratutako ikerketa batean alderatu dituztela Erresuma Batuko landa eremuko eta hiri eremuetako azerien garezurrak, eta ikusi dute hirietakoek baraila indartsuagoak eta mutur motzagoak dituztela. Buru txikiagoa eta borobilagoa dute ere: “finean, badirudi azeriak etxekotze prozesu batean daudela”. Bestetik, koioteak izan ditu hizpide, bereziki AEBetan beste kanido batekin gertatzen ari den hibridazio bat. Otsoekin batera ugaltzen ari dira koioteak, eta aldaera berriari Coywolf izena eman diete ingelesez. Gainera, badirudi kanidoen ménage à trois ebolutibo horretan txakurrak ere sartuta daudela.
Hortaz, aspaldiko bizilagunez gain, badirudi kide berriak etorriko direla, eta eboluzioaren garapenean fenomeno harrigarriak ikusten ikusteko moduan egongo garela. Baita hirietan ere.
.
Erreferentzia bibliografikoa:
Schilthuizen, Menno, (2019). Darwin viene a la ciudad. La evolución de las especies urbanas, Madrid, Editorial Turner.