Goazen ohera (bat)

Goazen ohera (bat)

Eduardo Angulok Zientzia Kaieran loari buruz idatzitako artikulua jaso eta bitan banatu du salabardoak. Hauxe duzu lehen atala:

.

“Loak ez badu inolako bizi-funtziorik betetzen, eboluzioaren akatsik handiena da”
Allan Rechtstaffen, 1971

Lo egitea misterio bat da. Hala diote adituek. Washingtongo Estatu Unibertsitateak Spokane hirian duen campusean lan egiten duen James Kruegerrek zuzendutako ikertzaile-taldeak, adibidez, lo egitea misterio zientifiko bat dela eta, beraz, haren funtzioaren edo funtzioen inguruko inolako adostasunik ez dagoen azken prozesu fisiologikoa dela adierazi du. Zergatik egiten dugu lo? Zergatik igarotzen dugu lotan gure bizitzaren heren bat eta laurden bat bitartean?

Goazen ohera (bat)
Antonio Possenti (1933-2016) margolariaren “Morfeo” lana.

Esna gaudenean, jan egin dezakegu ala ez, edan dezakegu ala ez, ugaldu gaitezke ala ez, edota interesatzen zaizkigun eta interesatzen ez zaizkigun beste hainbat gauza egin ditzakegu ala ez. Baina, lotan gaudelarik, begiak abiadura bizian mugitzen zaizkigu eta amets egiten dugu, erremediorik gabe eta inongo kontrolik gabe gure aldetik. Gainera, ez da ahaztu behar animalia gehienek ere lo egiten dutela. Ohiko funtzioa da animalien erresuman. Beraz, zerbait garrantzitsua izango du loak, eboluzioak milioika urtean zehar espezie ugarirengan txertatu badu.

Gure espeziearen biologian lo egitea zein garrantzitsua den irudikatzeko, zenbait adibide zehatz ikus ditzagun. Hasteko, New Yorkeko Columbia Unibertsitatean lan egiten duen Marie-Pierre St.-Ongek gidatutako ikertzaile taldeak dietaren eta ondo ala gaizki lo egitearen arteko lotura aztertu du.

.

Dieta eta loa

Badakigu gutxi eta gaizki lo egitea pisua hartzeko arriskuarekin lotuta dagoela eta, ondorioz, baita umeek zein helduek pairatzen duten loditasunarekin ere. Are gehiago, behar adina denbora lo eginez gero, gantz gutxiago irensten dugu. Hala ere, hori ez da lotura kausala, hau da, ez dakigu zehatz-mehatz zerk lotzen dituen loa eta dieta. Ondorioak ezagutzen ditugu, ez ordea zerk eragiten dituen. Gainera, ikerketaren egileen arabera, alderantzizko loturaz are gutxiago dakigu, hots, dietak loari eragiten ote dion.

Ikerketan, 26 boluntarioren laguntza izan zuten. Horiek 30 eta 45 urte bitartean zituzten, eta gauero 7 eta 9 ordu artean lo egiten zuten. Esperimentuak sei egun iraun zuen; haietan, gauero 9 ordu igaro zituzten ohean, lehen lau egunetan dieta kontrolatua izan zuten, eta nahi zutena jan zuten azken bi egunetan. Era horretan, ikertzaileek boluntario bakoitzaren loari buruzko datuak bildu zituzten, dieta kontrolatuari eta ez-kontrolatuari lotutakoak bereiziz. Dieta kontrolatuan %31 gantzari zegokion; karbohidratoei, %53; eta proteinei, %17.

Emaitzek dieta ez-kontrolatuak lo sakon eta indar-berritzailearen iraupena murrizten duela adierazten dute, lo geratzeko behar den denbora handitzearekin batera. Zuntzek eragin nabarmena dute dietan, loa hartzeko denbora murriztu, eta lo sakonaren iraupena luzatzen baitute. Dieta kontrolatua jarraituz gero, batez beste, 17 minutu behar dira lo hartzeko; kontrolik gabeko dieta izanez gero, batezbestekoa 29 minutu dira. Horrez gain, gantz aseak lo sakonaren iraupena murrizten du. Eta karbohidratoen ehunekoa altua bada, datu hori loaldian zehar gehiagotan esnatzearekin lotuta egon daiteke.

Orain artekoak laburbilduz, zuntz gutxi eta gantz saturatu asko irensteak gutxiago eta arinago lo egitea, okerrago atseden hartzea eta gauean zehar gehiagotan esnatzea eragiten du.

Londresko King’s College izenekoan Gerda Potek zuzendutako ikerketa-taldeak loaren eta gure gorputzaren pisuaren arteko harremanari buruzko datu berri bat jakinarazi du. Argitaratutako hamaika ikerlanen meta-azterketa egin ondoren, gutxi lo egiteak (hiru ordu eta erdi eta bost ordu eta erdi bitartean) egunean 385 kcal gehiago irenstea dakarrela ondorioztatu dute. Eta, denbora gutxi lo eginda ere, ez dute energia-gastuan aldaketarik hauteman.

Loaren eta dietaren arteko harremanari buruzko bigarren datua Suediatik datorkigu, Uppsalako Unibertsitatean Chistien Benedictek gidatutako taldearen eskutik. Bederatzi boluntarioren laguntzaz egindako ikerketa argitaratu dute. Boluntario guztiak gizonak ziren, eta batez beste 23,3 urte zituzten. Bi esperimentu egin ziren modu jarraian: lehendabizikoak lo-iraupen txikia izan zuen baldintza nagusi (2.45etik 7etara bitartean), eta bigarrena loaldiaren ohiko iraupena errespetatuta burutu zen (22.30etik 7etara bitartean). Esperimentuaren aurretik eta ondoren boluntarioei gorotz-laginak hartu zitzaizkien hesteetako mikrobiota, hots, haien digestio-hodian bizi ziren mikroorganismoak aztertzeko. Mikrobiotak elikagaien digestioan parte hartzen du, eta horiek kudeatzen ditu digestio horren emaitzak xurgatzeko unean. Hortaz, mikrobiotaren espezieen konposizioa eta haren funtzioa garrantzitsua da organismoak elikagaiak beregana ditzan.

Benedicten ikerketak erakusten duenez, mikrobiotak espezieen konposizioa aldatzen du loaren iraupenaren arabera, eta, ondorioz, bakterio talde batzuk ugaritzen, eta beste batzuk urritu egiten dira. Egileek neurtutako beste parametroen argitan, lo gutxi eginda ere, ez da aldaketarik odoleko gantz-azidoetan; intsulinak, ordea, %20an galtzen du eraginkortasuna, nahiz eta glukosak ohiko kontzentrazioari eusten dion. Gainera, egileek beraiek aitortzen dute ez dela erraza lo eskasak eragindako aldaketen arrazoiak eta ondorioei buruzko hipotesiak planteatzea.

(Jarraituko du…)
Goazen ohera (bat) Goazen ohera (bat) Goazen ohera (bat) Goazen ohera (bat)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.