Gladys Saria, ingurune digitaleko emakumezko profesionalen saria

Gladys Saria, ingurune digitaleko emakumezko profesionalen saria –

Gladys sariaren helburua da ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritzea, gazteentzat erreferenteak sortzea eta egiten duten hori jendarteratzea, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera.

Gladyssaria.eus webgunean izena eman ahalko dute zuzenean hautagaiek, baita hautagaiak izendatu nahi dituzten hirugarren pertsonak ere, ekainaren 18a bitarte.

Saridunek 3.000 euro jasoko dituzte eta euren lana ezagutzera emateko hainbat hitzaldi emango dituzte.

Gladys Saria, ingurune digitaleko emakumezko profesionalen sariaPuntuEUS Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Organoaren babesarekin, sustatzen dute Gladys saria. Gladys sariak emakumeak esparru teknologikoan sartzea sustatzen du, eta ondorioz, emakumeen presentzia areagotzea du helburu. Sariek ingurune digitalean lan egiten duten emakumeen funtsezko zeregina aitortzen dute eta, azken finean, gizarte digitalaren eraikuntzan berdintasun-irizpideekin parte hartzea sustatzen dute hiru helburu nagusirekin:

  1. Emakumeek ingurune digitalean lanbide, enpresa eta ikasketa munduan duten funtsezko zeregina aitortzea.
  2. Emakumeek garatutako ibilbidea saritu eta emakumezko erreferenteen proiekzioa bultzatzea.
  3. Etorkizunean STEAM diziplinetara bideratu ala ez zalantza egiten duten neska eta nerabeei erreferenteak eskaintzea.

.

Zergatik Gladys saria?

Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatea aspalditik arduratuta dago informatikako ikasketak egitera etortzen den emakume kopuru txikia dela eta. Ez da Donostiako Informatika Fakultatean bakarrik gertatzen den fenomenoa baizik eta mundu mailakoa, eta are gehiago, ez da bakarrik informatika arloko ikasketa eragiten ari den fenomenoa baizik eta ikasketa zientifiko-teknikoetan, hau da, PuntuEUS Fundazioak ere Kaixomundua.eus bezalako proiektuekin, adibidez, sustatzen duen STEAM arloan eta bokazioetan oro har. Horregatik indarrak biltzea erabaki dute Gladys saria sortu ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Organoaren laguntzarekin.

Donostiako Informatikako Fakultateari dagozkien zenbakiei erreparatuz gero, argi ikus daiteke emakumezkoek ez dutela interes handiegirik informatika arloko unibertsitate ikasketak egiteko. Azpiko taulan azken ikasturteetan Fakultatera joan diren ikasle berrien kopuruak agertzen dira; lehen lerroan (Guztira) jasotako ikasle guztien zenbatekoa eta bigarrenean (Emakumeak), horien artean emakumezkoen kopurua. Emakumezkoen portzentajea oso txikia da, ikasturtez ikasturte (Emakume %).

Gladys Saria, ingurune digitaleko emakumezko profesionalen saria

Datuak baxuak izan arren, emakume informatikariak egon dira informatikaren historia hasi zenetik eta gainera, urteetan zabaldu diren informatikarien estereotipoetatik urrun zeudenak. Horietako bat dugu Gladys de Estal.

Gladys del Estalek Informatika Fakultatean ikasi zuen III. promozioan, eta 1978an amaitu zituen ikasketak. Ekologiaren aldeko eta energia nuklearraren aurkako ekintzailea ere bazen, baita analfabetismoa desagerrarazteko boluntarioa ere (helduentzako eskolak ematen zituen musu-truk). 1979an poliziak hil zuen Tuteran, Ingurumenaren aldeko jaialdi batean parte hartzen ari zela. Gipuzkoan instalatutako lehen konputagailuetako bat programatzen lan egiten zuen garai hartan.

2019an, bere heriotzaren 40 urtera, Informatika Fakultatean aho batez erabaki zen Batzar Aretoari bere izena jartzea.

.

Zertan datza saria eta zer egin behar da hautagai izateko?

Saridunak errekonozimendua eta 3.000 eurotako saria jasoko du. Sariaren helburuetako bat erreferenteak sortzea da, hain zuzen, STEAM bokazioak sustatu aldera, horregatik, saridunari bere ibilbidea biltzen duen bideoa egingo zaio hori webgunean ikusgarri egon dadin. Horrez gain, STEAM bokazioak sustatzen dituen Kaixomundua.eus proiektuko ikasleei hitzaldia eman eta bere jarduna azaldu ahal izateko beste hainbat hitzaldi emateko aukera izango du.

Parte hartu ahal izateko hautagaiak izena eman beharko du www.gladyssaria.eus webgunean. Posible izango da, baita ere, hirugarren batek izendatu dezala hautagaia. Bi kasuetan CV azaldua bidali beharko du eta erreferentziazko dokumenturik balego ere. Ingurune digitaleko edozein arlotan ari diren eta 2021ean 40 urte gehienez dituzten emakumezkoek parte hartu ahalko dute.

Gladys Saria, ingurune digitaleko emakumezko profesionalen saria

".eus" domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea da.