Gaztanberak badu bihotzik
Maulen egiten da Etorki markako gazta, baina ez pentsa artisau artzain gazta horietakoa denik. Bongrain talde erraldoiaren beste gazta bat baizik ez da, besteak beste Caprice des Dieux eta Tartare ospetsuak ekoizten dituen berbera. Ardi esnez egina izan arren, ahoan ez da horrenbesterakoa: ezagutzen ditugu hamaikatxo bera baino hobeak.
Alabaina deigarria da Etorki gaztak egiten duen publizitatea. Oker ez banaiz, bera da Itxaro Bordaren %100 Basque eleberri-saio ironiko eta premonitorio haren inspirazio iturri izan zena ere.
Aurtengo udan, kanpaina bat abiarazi du bai telebistan eta bai bide bazterreko iragarkietan, eta aurten ere, beste behin ere, bingo.
Nongotasuna lantzen du urtero Etorki gaztaren publizitateak, karikaturaren ertzean beti, baina mundu guztiak erreparatzen die bere iragarkiei.
Telebistan mutikotxo bat ageri da bere aita-aitonei gazta egiteko modu berriak erakusten, eta bide bazterreko afixa erraldoietan, argazkietako morrosko arrazakoak ageri dira, deigarrietan deigarri.
Zergatik da kitsch?
Iragarki hauek, lorategietako ipotxa gogaikarri horien antzera, kitsch huts dira. Oraingo gazteek ez dute hainbeste erabiltzen duela urte batzuk hainbeste ugaldu zen kontzeptua — friki, hortera eta beste batzuek ordezkatzen baitute zenbaitetan kitsch kategoria—, baina izatez kitsch huts baizik ez dira iragarkiok, Abrahamn Moles teorikoari irakurrita genionaren arabera.
Etorki gaztaren iragarkiek kitsch kontzeptuaren bost printzipioak betetzen dituzte, goitik behera: ezegokitasuna, metaketa, sinestesia, erdipurdikeria eta erosotasuna.
Ezegokitasunaren printzipioa.
Ez dirudi gaur eta hemen, arraza garbi baten aldeko aldarria politikoki egokiena denik. Ez eta gazta bat saltzeko orduan ere.
Jakin nahi nuke nola hartuko litzatekeen iragarki hau berau Espainian. Segur naiz baten batek aterako zukeela Arzalluzen Rh-aren kontua bazterren batetik. Baina Frantzia, Frantzia da, eta nahiz eta etorkinez beteta eta sutan ukan banlieu eta auzoak, arrazakeriaren mugetan dagoen zerbait erakuts dezake harro-harro. Halakoxea izaten da kitscha, beti zeharka, garbiaren lekuan zikina jarriz, nahiz eta beti garbia deskribatzen duela dirudien.
Metaketaren printzipioa.
Erlijioa, erotismoa, exotismoa, heroitasuna, bukolikotasuna, naturzaletasuna… denak batera metatzen badira, gure sentiberatasunaren baitan, uholdea eragin daiteke.
Hala, Etorki gaztaren iragarki honetan, hiru mutiko eder, dutxatu berri ageri zaizkigu, konposaketa ezinezkoan. Baserritxoak, ardiak, medi ederrak, Itxasuko gereziak eta haiekin egindako errejimenta… Errealitatean ez dagoen sistema oso baten oldarrak harrapatzen gaitu azpian.
Sinestesiaren printzipioa.
Zentzumenen arteko nahasmendua da sinestesia, azkar eta sinpleegi adierazita. Zentzu batentzat eginiko zerbaitek, beste zentzu bat ernarazten duenean gertatzen da sinestesia: soinu bat ikusi, usain bat entzun, zapore bat ukitu…
Iragarki honetan ere, ahalik eta zentzu gehienak harrapatu nahi dizkigu irudiak. Ixiltasuna entzun egiten da arditxoen txintxarri artean, gizon dutxatu berrien after shave usain garbia iristen zaigu belarrarenarekin batera, bazterretako bakea ere guganaino iristen da txoritxo baten txioarekin…
Nolabait esateko, erabateko arte moduko bat da iragarki hau, bere baitan hasi eta amaitzen dena, bidean geure arreta guztia bereganatuz, eztai tarta batek egin ohi duen bezala.
Erdipurdikeriaren printzipioa.
Hauxe da kitscharen trajediarik handiena. Hainbeste gauzaren metaketarekin, erdibidean geratzen da beti kitscha. Abangoardiaren aurkako ageri da, masarentzat eginiko arte mota bailitzan. Mediokritatea du abiapuntu eta helmuga, aldi berean. Erdipurdikeria ageriko batek nahasten ditu bere baitan osagai guztiak: estetikoak, kulturalak, filosofikoak, politikoak, funtzionalak…
Erosotasunaren printzipioa.
Iragarkiaren aitzinean sentitzen dugun guztiaren onarpenak, halako erosotasun edo konfort moduko bat eragiten digu. Sentsazio gozoak, biolentziarik gabeko kolore ederrak, egoera bare-baketsuak, bapatekotasunaren itxura neurtuak… horiek denek zabaltzen digute barnean ezinezkoa dela dakigun egoera gozo-gozo eta ideal bat.
Eta gainera.
Morrosko eder dutxatu berri bat edo txapela bat ikusten dugun bakoitzean, edota arditxo bat zelaian, edo baserri eder bat… Etorki gaztaz oroituko gara, behar den bezala. Izan ere, harro baitago gazta hau euskaldun izateaz.
Egia esan, Iparraldean ez naiz aspaldian egon, baina niri Le Pays Basque-FranÇais bera beti iruditu zait kitsch-aren tenplua; eta hiru exenplu baino ez ditut aipatuko:
• “La Grand Chistera” trinkete – frontoiak (pilotan jokatzeko baino, soilik ikusteko direnak)
• Pastoralak
• Kaikuak eta txapelak saltzen dituzten souvenir-dendak
(Honen atzean, frantziarrek marketing turistikorako duten dohain berezia ere oso kontuan hartzekoa da, kontuz!).
Iragarkia ikusita, sentsazio hau areagotu baino ez zait egin. Nago, oro har, han goian euskaltasuna oraindik bizitzen dela hemen behean aspaldi desagertu zen folklorismo kutsu nabarmen batekin; ezta horrela? (oker banabil, esaidazu, Hasier, uste baitut zu han bizi zarela).
Abiapuntu hau hartuta eta ironia apur bat erabiliz, Etorki markako publizistek iragarkia sortuko luketelakoan nago. Nola hartzen da Frantzian –Iparraldetik kanpo- mezu etniko hau?
Interesantea artikulua kitsch kontzeptuaren gainean egiten duzun disekzioarekin. Deliciousera doa.
Ondo ibili.
bueno, egia esan, badaude Hegoaldean ere euren publizitaterako euskalduntasunaren kontzeptu berbera erabili duten markek: Kaiku edo ETB bera, kasu, baina ironia eta umorea oso modu nabarmenagoan erabiliz.
Etorki gaztaren kasuan askosez zuzenagoa da, diferentea.
Juan Luis, kuriosoa da, baina nahiz eta nire familia (andrea, seme-alabak) Iparraldekoak izan, ene Iparraldearekiko ikuspegia guztiz turistikoa dela sentitzen dut. Hala ere, saiatuko naiz zuri erantzuten.
Bai, orokortzea beti den arren arriskugarri, era folklorikoan bizi da euskaltasuna Iparraldean. Ikusi baizik ez dago Baionako festak eta beste hainbat gertakari. Alabaina, esango nuke, horrexen beharrean direla Iparraldeko biztanleak mundu globalizatu honetan. Nolabaiteko sustraien balioaz ohartzen direla.”Frantziartasunak” gutxi daukala gaur emateko, eta lehenago Frantzia eta bere kultura handiak izan diren bezala, gaur Hegoaldetik etor dakiekela onurarik.
Bestalde, uste dut Etorki-ren publizitate Frantzian oso ongi ikusia dela. Frantziarrei ere komeni zaiela jene eta etnia “puruak” eta “irredentoak” ukaitea euren errepublikaren baitan.
Hemen gertatzen dena da Frantziak mundu guztiko indigenen eskubideak errespetatzu eta bultzatzen dituela, bere indigenenak izan ezik: horiek, “egalité” kontzeptupean, uniformizatuak direla automatikoki eta euren aldeko zernahi, Frantziaren aurkako bilakatzen dela.
Bistan denez, azkarregi, axalekoegi eta laburregi ari naiz halako gai sakon bati erantzuteko, Juan Luis. Utz dezakegu aurrerago eztabaida bati ganoraz ekiteko, udazkenean edo: “Bai ote Iparralderik?” tituluarekin, esate baterako.
[…] karriketan sonatu bilakatu den balla publizitario baten eraldaketa: “Gure Mutilak”, euskaldun izateaz harro, “fier”. “Le frómage d’Zipays Basque”. Hendaiako kale-iragarkian […]
Niri ere asko gustatu zait zure artikulua, Hasier. Eta, gainera, barre batzuk egin ditut dutxa gora eta after-shave behera.
Bestalde, Juan Luisek dio hemen, Hegoaldean, aspaldi desagertu zela folklorismo kutsu nabarmen hori. Baina ni ez nago hain seguru. Hiru exenplu ekarri nahi nituzke hona:
1. Ez al du, adibidez, estetika hori erabiltzen ezker abertzaleak, manifestazioen aurrealdean dantzariak eta zanpantzarrak jartzen dituenean?
2. Estetikatik ideien arlora jauzi eginez (demagun posible dela ideologia kitsch batez hitz egitea) ez al dago pentsamolde hori sobera errotuta jeltzale askoren artean? Begira, kasurako, zer idatzi duten jeltzaleen inguruko blog batean, “Conceptos Para Abertzales del Siglo XXI” izeneko atalean:
«Cultura Vasca de Valores: La que más allá de las manifestaciones culturales tales como la lengua, los deportes y otras de carácter más folklórico, imbrican el sentir y hacer de los vascos y que se traducen en cuestiones tales como sentido de la palabra, lealtad, sentido del deber, sentido del trabajo, por un sentido de la igualdad ajena a la cultura de clases etc…. Que son los que destacan entre nosotros y nos han permitido destacar como pueblo y que tiene mayor trascendencia que las otras manifestaciones culturales que a las que se presta mayor atención.»
Hau da, euskal herritar zintzoa, hitzekoa, langile fina, leiala… “dutxatu berria” (?).
3. Vasquito eta nesquiten estereotipoa –gauza jakina da– erdaretatik zabaltzen zaigu gehienetan, eta horren abidideak ugari topa daitezke ez bakarrik Diario Vasco eta bere sokakoen artean, baita Noticias de Gipuzkoa bezalakoetan ere. Gogoratu, horren harira, Onintza Iruretak joan den ekainean plarazatutako kritika, Mindegia aizkolariari egindako elkarrizketa dela eta:.
http://argia.com/erredakzio-mahaia/onintza-irureta/2009/06/15/kazetariak-badaki-euskaraz/#comments
Bai, Iparraldeak badu orientalizazio bat (Loti ondorio gisa ezagut genezakeena), non Euskal kontuak Hegoaldekotasunarekin batzen diren (zezen plazak Landeetan). Baina, 2003an espainiako mediaren arrazismorik bortitzena jasaten ari ginenean, ikurriña bat ia deabrua bera zenean, asko eskertu nizkion Iparraldeari kotxeetako anbientadoreak; hor orain askatasuna bazen. Ihes egin behar izan nuen 2003tik 2005era Hendaian lehenago, eta Bordelen geroago; nire ihesa ideologikoa zen (ez politikoa, politika gurean ulertzen den bezala), nazkatuta nengoen espainolekin, eta hego-euskaldunen kolpeak hartzeko joerarekin.
Beraz, esan bezala, alde kitx horrek badu alderdi onik, arazoa izan daiteke horretan bakarrik geratzea, baina ez berez. Ni asko pozten naiz Beñatak saltzen direlako, eta Bordelen euskal produktuak agertzen direlako, eta pena dut haien berri Hegoaldean ez dugulako
Jope zelako kuriosoa hau guzia. Nik, egia esanda, berehala flipatu nuen iragarkia ikusi nuenean eta gero, esaten didate ea Argian elkarrizketa bat egin nahi duen eta hona hemen lehen galdera:
GALDERA 1
“Diskurstso multikulturalistaren uholde betean, liburu honek presa lana egin nahi duela dirudi. Esplikatuko zeniguke zerk bultzatu zaituen Subordinazioaren Kontra idaztera?” Eta seguru asko erantzuna aldatuko da argitaratu orduko baina hona hemen erantzunaren hasiera:
“Begira, oporretan etorri naiz, Liverpooletik Bordelera hegazkinez eta gero trenez Hendaiara. Han familiakoekin bildu eta Aretxabaletako bidean kotxea hartu orduko hara non ikusten dudan izugarrizko kale-iragarki bat geltokia utzi bezain pronto. “Fier d’être Basque’ esaten dizu. Hiru katxarro txapeldun agertzen dira bata bestearen baino morroskoago. Iragarkiak ‘Etorki’ gazta aurkezten du. Orain jo hogei bat urte atzera eta gogoratu bideoklipa Negu Gorria-ren “Euskalduna naiz eta harro nago” rap kantuarekin. Onartuko duzu slogana berdin-berdina dela, baina zerbait aldatzen da, ez da hala? Adibidez, gazta saltzeko ez dago hibridazioaren beharrik. Kasu honetan, subjektu multikulturalista tolerantearentzat ‘do the right thing’ esan nahi du bestearen kultura errespetatzeko orduan beste horrek autentikotasun edo benekotasunaren eremua bete behar duela. Horrela, benetako gazta autentikoa janez gain dibertsitatearen maitale hedonista izateko ahalmena mantentzen da. Baina ez! egongo da norbait jadanik bere buruan pentsatzen: hori Iparraldeko kontua da eta denok dakigu folklorismoa-eta noraino dauden hedatuak. Ederto. Geroztik Gasteizko jaietara hurbildu naiz eta konturatu naiz ‘Vasquitos y Nesquitas’ karameluak nahikoa arrakastatsuak direla, kanpoko bisitarien artean batik bat. Kosmocivico politak, beraz, izugarrizko apetitoa dauka gu produkto etniko gisa jateko. Multikulturalismoari buruz aritzekoan, orduan, alde batera nik hala deritzon merkatu kulturaniztasuna dago, kontsumismoan oinarrituta dagoena (turismo, musika, janari eta fusio etnikoak…) eta autentikotasunarekin batera, hala ere, nahi dituzun nahasketa glokal eta rurbarno denak operatzeko gai dena: Zu zer? Beltza zara? Oso ondo. Eta lesbiarra? Ederto! Eta gurpil-aulki batean zabiltza? No problemo. Greziako irla honetan badago hotel merke-merke bat guztiz apainduta zure aisealdi beharrak zure neurrira betetzeko… eta abar”. Eta hori, ez dakit nik ba iragarki hau kish eta ironia kontua den edo justu-justu beste instantzia bat multikulturalismo merkatilarena non txanponaren bi aldeak (kultur autentikotasuna eta kultur mestizaia) esakitzen zaigun modu batera edo bestera gure euskalduntasun etniko petralari buruz hitzegiten jarraitu daigun opresio politikoaz edo justizia sozialaz, demagun, hitzegin beharrean. Baina bueno, ni beti modaz, lekuz eta denboraz kanpo, baita eztabaida honetan ere pentsatuaz inor ez zela ohartu iragarki horren potentzial heuristikoaz. Benga.
[…] Etorki gaztaren iragarki kitschak zer esana eman zuen, eta balkoian baratzea egiteko argibide batzuk eman genizkizun. Hasier Etxeberriak, Azkoitian aurkitu zuten hilotzaren harira, bera ez zela asasinoa argitu zigun eta Beñat Sarasolak A gripea zuela . […]
Aurreko iruzkineko Imanol Galfarsororen eskua dela esango nuke, Youtubeko bideo honen erantzulea ere: http://www.youtube.com/watch?v=GmjzK3aRC0w
[…] uda honetan erabili genuen kitscharen gaia dakarkigu […]
[…] luze eta zabal aritu ginen Etorki gaztak publizitatea egiteko erabili ohi duen irudiaz. Kitsch kontzeptua gora eta […]