Gainbeheran dago munduko lakuen erdia
Gainbeheran dago munduko lakuen erdia –
Munduko laku eta urtegien egoerari buruzko azterketa zabal batek argitu du erdiak baino gehiagok ura galdu dutela azken hamarkadetan.
Aral (Kazakhstan) hiriko tren geltokiko itxaron gelara iristen den bidaiariak iragan hurbil baten oroimena ikusi dezake horman marraztutako mosaiko batean: gerriraino uretan sartuta dauden pertsona batzuek arrantza sareei eusten diete, arrainak ateratzeko ahaleginean. Alboan, Leninen aurpegia agertzen da. Erika Fatland antropologo sozialak Sovietistan liburuan kontatzen duenez, horma irudiak ekartzen du gogora nola, 1921ean, jaio berria zen Sobietar Batasun gehiena gosez akabatuta zegoela, baina egoera bestelakoa zen hiri horren inguruan. Horregatik, Leninek hamalau bagoi arrantza eskatu zizkion hiriari. Garaiko estandarren arabera, Aral itsasoaren inguruan eraikitako hiriak arrantzan oinarritutako hiri aberatsa zen.
Pozak ez zuen luze jo, Fatlandek berak azaltzen duenez. 1950eko hamarkadan hasita, sobietar agintariek barne aldeko itsaso hori elikatzen zituzten Amu Daria eta Syr Daria ibaien emaria desbideratzeari ekin zioten, kotoi soro erraldoiak ureztatzeko. Planifikatutako ekonomietan horren ohikoak diren erabaki zoro horietako batean, kotoi andana lortu zuten, bai, baina XX. mendeko hondamendi ekologiko handienetako bat sortu zuten ere, barne itsasoaren zati gehiena lehortuz.
Adibide erraldoi eta esanguratsua da, baina horren deigarriak diren galerak ere gertatzen ari dira mundu osoko barne ur eremuetan. Gaur egungo datuen arabera, lur idorrean, azalaren %3 betetzen dute lakuek. Kopuru txikia izanik ere, aintzat hartu behar da horietan bilduta dagoela planetaren lurrazalean dagoen ur geza likidoaren %87. Beraz, argi dago eremu horiek nahitaezkoak direla. Ur gezakoak direnean ura kontsumitzeko eta nekazaritzan erabiltzeko funtsezkoak izateaz gain, ur hegaztientzako habitatak dira ere, eta nutrienteen zein elementu kutsakorren birziklatzea ahalbidetzen dute. Ziklo geokimikoetan ere funtsezko rola betetzen dute, batez ere karbonoarenean.
Hau guztia aintzat izanda, zientzialari talde batek halako egiturei erreparatu die, gaurko egoera zertan den ezagutzeko. Ur geza zein gazikoak aintzat hartu dituzte. Oraingoan ez dira zentratu ur erreserba horien egoera ekologikoan, biltzen duten ur kopuruan baizik. Atera duten ondorio nagusia da laku eta urtegien %53k duela hiru hamarkada baino ur gutxiago biltzen dutela orain. Science aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean eman dituzte xehetasunak.
Orotara, 1.972 laku eta urtegi handi aztertu dituzte. Gutxi gorabehera, egitura naturalak zein gizakiak sortutakoak erdi bana aztertu dituzte: 1.051 laku eta 921 urtegi. Bederatzi satelite artifizialek jasotako irudietan oinarritu dira ikerketa egiteko. Hala, 1992 eta 2022 urte tartean satelite bidez hartutako 248.649 irudi hartu dituzte abiapuntutzat. Irudi hauen bidez, azken hiru hamarkadetan ur biltegi horietan pilatutako kopuruak ondorioztatzeko moduan izan dira. Epe luzeko datuak eskura izan ez dituzten kasuetan, iraganean ere zenbat ur zegoen kalkulatzeko teknika estatistikoak eta datu hidrografikoak erabili dituzte. Mapa batean jaso dituzte datu guztiak, horien interpretazioa erraztu aldera. Halako ikerketa bat mundu mailan modu integral batean egiten den aurreneko aldia izan dela ziurtatu dute.
Kopuru zehatzetara joanda, kalkulatu dute batez bestean lakuetan urteko 26,3 giga tona ur gutxiago daudela. Aztertutakoen artean, 457 lakutan (%43) “galera nabarmenak” atzeman dituzte. Alabaina, dena ez da galera izan: 234 lakutan (%22) irabazia garbiak izan dira. Gainerako 360 lakuetan (%35), berriz, ez da aldaketa nabarmenik egon. Dena dela, aintzat hartu behar da galdutako ur guztiaren erdia (%49) ur masa zabalenean gertatu izan dela: Kaspiar itsasoan.
Ura irabazi dutenei dagokienez, ikertzaileek diote populazio asko bizi den lekuetatik nahiko urrun dauden lakuak direla gehienetan. Adibidez, Ipar Amerikako lautadetako laku handiak, edota Tibeteko ordokian daudenak dira horietako batzuk. Logikoa denez, eta azpiegiturei dagokienez, nahiko berriak diren urtegien kasuan ere normala da ur gehiago pilatu izana —adibidez, Yangtse, Mekong edota Nilo ibaietako arroiletan daudenak—.
Dena dela, egileek berek nabarmendu nahi izan dutenez, galbidean den laku edo urtegi batekiko dependentzia dute 2.000 milioi lagun inguruk, eta horrek are beharrezkoagoa egiten du baliabide hidrikoak taxuz kudeatzea.
Batez ere ikerketa deskriptiboa izan arren, zientzialariak ahalegindu dira proposatzen ur galera horien atzean egon daitezkeen zioak. Lehen erruduna, egileen esanetan, klima aldaketa da, eta, horri lotuta, ur lurrunketaren gehitzea. Beste faktore garrantzitsua da gizakiek egindako ur kontsumoa.
Urtegien kasuan —horietan ere, datuek diote %40-60 inguruk ura galdu dutela—, hirugarren faktore geologiko bat ere badago joera horren atzean: urtegietan sortzen den sedimentuen pilatzea, hain justu. Prozesu horren ondorioz, urtegien edukiera gutxitu egiten da urteen poderioz. Horrek bereziki eragiten die, noski, urtegi oso zaharrak dituzten herrialdeei. Sedimentuak kendu badaitezke ere, prozesua ez da merkea, inondik inora, eta material horien kudeaketa ere ingurumen erronka garrantzitsua da, normalean urtegia hustu behar delako eta material andana beste norabait mugitu beharra dagoelako.
“Ura kontserbatzeko ahalegin eraginkorrek ur masa horiek salbatzen lagun dezakete”, argudiatu dute egileek. Horren adibidetzat jarri dute Armenian uraren bueltan abiatu diren legeek Sevan lakuaren berreskurapenean izan duten eragin positiboa.
.
Erreferentzia bibliografikoa:
Yao, Fangfang; Livneh, Ben; Rajagopalan, Balaji; Wang, Jida; Grètaux, Jean-François; Wada, Yoshihide; Berge-Nguyen, Muriel (2023). Satellites reveal widespread decline in global lake water storage. Science, 380, 6646, 743-749. DOI: 10.1126/science.abo2812
Gainbeheran dago munduko lakuen erdia