Firefox Mexikoko berezko hizkuntzetan ere bai
Geroz eta hizkuntza gehiagotan nabigatu daiteke Motzila Firefoxekin eta orain zapoteco, maya eta tarahumara hiztunek ere izanen dute aukerarik interneten haien mintzairan murgiltzeko. Oraingoz, nahiz eta bertsioa egina dagoen, %80a baizik ez dago itzulita, baina Nacnati elkartea lanean dabil buru belarri aurki eduki oro hiru hizkuntzotan egon dadin. Gainera, etorkizunean gaztelaniaz aurretiko beste hizkuntza batzuetan ere egonen da Firefox, náhuatlen adibidez.
Helburua internet ahalik eta jende gehienarengana hurbiltzea da, izan ere, Mexikon zulo handia baitago teknologiari dagokionean. Bide horretan, ekintza sozialaz gain gobernua ere lanean dabil, Campus Partyren gisako ekimenekin. Gainera, Firefox hizkuntza hauetan egonik komunitate indigenari internet gerturatzeko parada ere izanen da, eta analfabetismoari aurre egiteko bidea ere bai. Bidenabar, interneten hizkuntza indigenetan egindako edukiak gehitu nahi ditu Nacnati elkarteak.
Honetaz gain, hizkuntza hauen ofizialtasunak, horrelako ekimenak beharrezko bihurtzen ditu. 2003an Mexikoko gaztelaniaz aurretiko hizkuntzak ofizial bihurtu ziren Hizkuntza Eskubideen Lege Orokorrari esker. Gainera, nahiz eta hizkuntza hauek biztanleria osoaren %3en ahotan baizik ez egon, garrantzitsuak dira Mexikon. Hizkuntza mayak 892.700 hiztun ditu, tarahumarak 87.700 eta zapotecok 500.000 inguru.
Pasa den uztailean Mexikon Firefoxen lokalizazioaz arduratzen den arduradunarekin hitz egiteko aukera izan nuen (Julián Ceballosekin) eta kuriositate modura komentatzen zuen hizkuntza hauetarako itzulpenak paperean egiten dituztela.
Juliánek itzulpen-kateak paperera pasatzen ditu, itzulpena beste hiztunek osatzen dituzte eta gero berriro paperetik ordenagailurako bidea egiten da. Prozesu nahiko makal eta garestia da.
Ekimenaren inguruko informazio gehiago Juliánen blogean topa daiteke.