Ez ezazu harekin larrua jo
Ez ezazu harekin larrua jo
Sare sozialak egoa puzteko esparruak dira. Gogoetak, burutazioak edo gertaerak mundu zabalera botatzeko leihoak dirudite eta Twitter, Instagram eta Facebook orriak nork bere ekintza edo burutazio gogoangarriez betetzen ditu. Nork bere autobiografia idazteko apunte-kaierak dirudite, eta ez nolanahiko biografia; baizik eta ekintzen palmaresa; eta sarritan ospetsuaren eta paparazziaren rola jokatzen dugu aldi berean: inork ez du argazkian atera nahi baina argazkietan kuadrilla guztia agertzen da. Nork bere neurriko kaiera osatzen du: batzuek aipu-liburuak, besteek aforismo-bilduma eta gehien-gehienek egografiak. Betiere bukatu gabeak, onena etortzear ei dago-eta.
Gure bizitzaren pasarte gogoangarriak pornografikoki erakusteko ariketan literaturak rol funtsezkoa jokatzen du. Liburua fetitxe bihurtu da, nork bere burua goraipatzeko tresna; azkarra eta borderlineren arteko marra ezartzen du eta nor den berezia eta nor arrunta ere bereizten du. John Watersen “libururik ez badu ez ezazu larrua berarekin jo” aipua sakon sartu zaigu. Kontua da liburuak irakurtzen dituzula erakustea, haiekin argazki pilo ateratzea, enfant terribleen esaldiak igotzea (Watersena, akaso), edota idazle handien aipu sakon dezente kopiatzea azkarra eta berezia zarela erakusteko eta, batzuetan, baten batek zurekin larrua jo dezan desiran (Reading is sexy, ezta?). Edozer liburuaren gaineko iruzkinik idaztea baino. Aspergarri, pedante eta luzeak dira.
Sare sozialei esker aparteko jendea biderkatzen da. Edozein burutazio eta gogoeta ideia itzela da eta edozein jarduera makinak gelditzeko modukoa. Guzti-guztia historikoa eta kontatzekoa da, intimitatea eta diskrezioa osasunerako kaltegarriak balira bezala. Lehen opor- osteko argazkiak ikusteko hitzorduak nagia ematen bazuen, oporretako argazki-albumak ikusteak nagia bera emango du, Instagramean eta no filter argitaratuta ere. Liburuak irakurtzen direla pornografikoki erakusteak ez du inor azkarrago edo bereziago bihurtzen. Sinistu ala ez, uste baino askoz arruntagoak gara.