Euskarri “zaharrak” desagertu?

 

komunikabide euskarriak-cc Matt callow (flickr)
komunikabide euskarriak-cc Matt callow (flickr)

Nola moldatu gaur egun berri diren teknologietara? Duda izpirik gabe ikerketa eta garapenak bere fruitua emango dute, interneteko oihanean nolabaiteko “hautespen naturala” emango da eta ikusiko dugu zer formula motek funtzionatzen duten eta zeintzuk ez. Garbi dago jasangarritasun ekonomikoa dela erronka nagusia eta hori lortzeko modelo zaharra ahantzi behar dugu, hutsetik berplanteatu dena. Pentsaezina da, Vicent Partal-ek Berriak antolatutako kazetaritza jardunaldietan esaten zuen eran, web-orrialde baten behe-behean banner bat ipinita, edo behintzat horrelako formulak erabiliz soilik jasangarritasuna lortzea. Internetek oraindik eta aukera gehiago ditu,  finantzaketa modu berriak aurkitu behar dira.

Paperezko prentsa, desagertzear?

Planteatu dute zenbait katastrofistek paperezko prentsaren desagerpena. Interneten etorrerak papera kondenatuko omen du, desagertu egingo omen da. Tira, unibertsitateko irakasleren batek komentatu zigun hauxe bera karrera hasi eta gutxira. Une batez beldurtu ginen ikasle erromantikook.
Nik garbi dut hau ez dela gertatuko. Paperezko edizioak ez dira inolaz desagertuko. Historiari begiratu besterik ez dago, beti errepikatu baita berbera. Zinemak antzerkia kondenatu behar zuen, baina antzerkia desagertu da? Ez, bizirik darrai. Zinemak berak ere, nobela desager arazi behar omen zuen. Ez da hala izan. Telebistak ere ez zuen ez zinemarekin, ez irratiarekin amaitzerik lortu… Ignacio Ramonetek aipatu zuen Bilboko Bidebarrieta liburutegian: “Historia modernoan zehar desagertu den euskarri bakarra morse kodea da. Bai, SOS eta halako mezuak bidaltzeko erabiltzen zen tramankulu hura.”

cc midnight-digital (flickr)
cc midnight-digital (flickr)

Telebista eta internet, fusioa
Interneten baliabideen eta telebistaren antzekotasunak gero eta nabarmenagoak dira. Geroz eta aukera gehiago daude telebista sarean egiteko, eta youtuberen antzeko bideo datu base handiek “pantaila txikiaren” antzeko papera jokatzen dute. Adibide bat jartzearren, nire koadrilako zenbait lagunek aspalditik ikusten dituzte Padre de familia, Prison Break, House eta antzeko telesailak internet bidez.
Nire aburuz, bien arteko fusio antzeko bat gertatu behar da. Zergatik prentsarekin ez eta telebistarekin bai? Ba paperetik pantailara dagoen aldea oso handia delako eta salto hori ezin dutelako asimilatu irakurleek. Paperaren aukera beti izango da erosoagoa irakurketarako, paperak beti izango du bere esparrua eguneroko bizitzan. Telebista eta internet pantailak batzen ditu, ordea. Denborarekin, bere garaian irautzaile zen euskarria, sarean edo saretik ikusten hasiko gara; hau da, bien arteko fusioa eman eta arrunta izango zaigu ETB ikustetik ZUZEU.com era pasatzea mandoaren ikutu batez.

Desagertu ez, baina euskarri guztiek moldatu beharko dute sarearen iraultzara. Nola? Denborak eta lanak esango du.

Ekaitza bainuontzi batean