Euskarazko Wikipedia eta OpenStreetMap
Euskarazko Wikipedia eta OpenStreetMap –
Euskarazko Wikipedian artikuluak hobetzeko kartografia osatzen egon gara hasieratik bertatik. OpenStreetMapen ere milaka boluntariok euren ingurunearen mapak osatzeko lana hartu dute, mapa libre eta osatuak eskaintzen. Orain Kartographer luzapenari esker Euskarazko Wikipediako artikuluetan OSMko mapa dinamiko eta interaktiboak txertatzeko aukera dugu. Wikidatatik eskuratutako datuekin osatutako txantiloiekin batera, aurrerapauso handia artikuluak osatzeko lana errazago eta aberatasagoa egiteko garaian.
Hainbat dira artikulu honen sarreran dauden irudian dauden berrikuntza teknologikoak, wikilariontzat lana errazago egiten dutenak. Wikidatatik txantiloiak automatikoki osatzea, Wikimedia Commons irudi errepositorio erraldoitik irudia automatikoki txertatzea eta orain, Kartographer luzapenari esker, OpenStreetMap zuzenean eta interaktiboki agertzea. Esfortzurik gabe, gainera.
Kartographer luzapena
Yuri Astrakhanek garatua, MediaWikiko luzapenetako bat da, hasiera batean WikiVoyagen erabiltzeko pentsatuta. Arrakasta handia izan du bertan, bidaia mapak egiteko oso erabilgarria baita: leku bat baino gehiago erakutsi daiteke, ibilbide bat marraztu, ikonoen bidez artikuluan aipatutako elementuak mapan kokatu…
Euskarazko Wikipedian Kartographer aktibatzeko eskaera luzatu genuen ekainan, eta gaur bertan jaso dugu albistea: “dagoeneko erabil dezakezue luzapena”. Goizean mezua jaso, behar diren txantiloiak eratu eta arratsaldeko lehen ordurako 716 artikulutan OSM mapa txertatuta genituen.
Luzapenak, mapan puntua jarri ez ezik, eraikin edo dena delakoa markatzeko gaitasuna du. Eta hori Wikidatan OpenStreetMap eta beste datubase libreetako edukiak aurki daitezkeelako da.
Txantiloi automatikoak
Denetarik aurki daiteke Wikidatan, modu egituratu eta semantikoan, gainera. Har dezagun adibide bat: San Mames Barria. Wikidatan Q182864 deitzen da, hau da, 182.864. elementua. 30.000.000 elementuen zifra pasa dugu aste honetan, bide batez. Bertan ikus dezakegu zer den, nork eraiki duen, noiz ireki zen, zein edukiera duen, non dagoen… har dezagun, Donald Trump: Q22686. Bertan ikusiko dugu nongoa den, zer egiten duen, zein izengoiti erabili dituen, zer ikasi duen, non bizi izan den, familiari buruzko datuak…
Datu guzti hauek hor daude, eskuragarri. Eta Euskarazko Wikipedian abangoardian gabiltza datu hauen erabileran. Artikuluan “Biografia infotaula automatikoa” jarrita, Donald Trumpi buruzko informazio guztia modu antolatuan jasotzen dugu. Artikuluan “Eraikin infotaula automatikoa” jarrita, San Mamesi buruzko informazio guzti hori jasotzen dugu, baita lehen aipatu dugun mapa dinamikoa ere.
Lankidetza zabalari esker
Jada ez da beharrezkoa euskaraz jakitea euskarazko Wikipedia indartzeko. Wikidatan 300 hizkuntza ingurutan egin daiteke lan, eta terminoak itzultzea da egin behar den bakarra informazioa txertatzeko. Hau da, punjaberazko Wikipediako lankide batek bere hizkuntza idazleen inguruko artikuluak egiten dituenean Wikidatan “??????” kontzeptua txertatuko du. Wikidatan kontzeptu hori “Q36180” izango da, euskaldunontzat “idazle”.
Kartografia ere eleanitza izango da. OSMko erabiltzaile batek bere mapa hobetzen duenean mundu osoko mapak hobetuko du, baita Wikipedian dauden artikuluetan agertzen direnak ere.
Eta txantiloi automatikoak ere lankidetzaz egiten ari gara. Erabiltzen dugun kodea LUA hizkuntzan egina dago, eta katalanezko Wikipediako bi lankidek garatu dute. Txantiloia etxean egin dugu, euskaraz. Eta orain galesez, eskoziako gaelikoz eta asturieraz gure txantiloiak ari dira erabiltzen euren Wikipediak automatikoki berritzeko esfortzuan.