Qwant.eus edo euskarazko bilatzaileen paradoxa
Joan den apirilaren 14an Hendaian aurkeztu zuten Qwant bilatzaile frantsesaren euskarazko bertsioa. Baina aurretik euskaraz ditugun beste bilatzaileen antzera, hau ere hankamotz gelditu da.
Euskaldunok aspalditik behar dugu Interneten euskara ulertuko duen bilatzailea. Google jaun eta jabe da bilaketa ingurunean, eta interfazea euskaraz duen arren, Googlek eskaintzen dituen bilaketa hizkuntzen artean ez dago euskararik. Ondorioz, ezin dugu bilaketen emaitza mugatu euskarazko edukietara. Arazo horri aurre egiteko, 2007an aurkeztu zuen Elhuyar Fundazioak Elebila bilatzailea. Elebilak ongi deskribatzen zuen euskarak Interneteko bilaketetan duen arazoa:
Interneten euskarazko edukia bilatzeko ohiko bilatzaileetara jotzen dugunean, bi arazo ditugu, nagusiki. Lehenengoa da batek ere ez duela ematen aukerarik euskarazko orrietan soilik bilatzeko. Hala, beste hizkuntza batzuetan grafia bera duten hitzak bilatzean (adibidez: energia, anorexia edo software) apenas agertzen zaigun euskarazko emaitzarik. (…) Bigarrena da euskara hizkuntza deklinatua dela, eta ezaugarri hori ez dutela kontuan hartzen bilatzaileek.
Zoritxarrez, hamar urte beranduago Elebilak ez du eguneratzerik izan, eta ondorioz bilatzaile hau zaharkituta gelditu da gaur egungo Interneteko erabiltzaileen beharretarako.
.
Qwant.eus eta Bilatu.eus
Interneteko bilatzaileen esparruan dauden aukeren artean, Qwant bilatzailea jaio zen 2013an Google-en nagusitasunari Europatik aurre egin nahian. Bilatzaile honek filosofía zabalagoa defendatzen du, erabiltzailearen askatasun eta pribatutasuna zainduz. Orain, Qwant.eus aurkeztu berri dute, bilatzailearen interfazea euskaratuz, eta aurkezpenean esandakoaren arabera bilaketaren emaitzetan ere euskara kontuan hartu dute. Proiektu horretan GAIA Klusterraren lankidetza izan dute, eta joan den apirilaren 14an aurkeztu zuten Hendaian.
Today we are launching https://t.co/ZeXPonup7N the Euskara version of Qwant for French and Spanish users from both sides. #PaysBasque pic.twitter.com/c41ke7KJMh
— Qwant (@QwantCom) April 14, 2017
Bertan esandakoaren arabera “Garapen honi esker, bilaketa-esperientzia osoa (interfazea eta barne-motoreak) euskaraz egingo da eta web osoa arakatzeko aukera ematen du (webguneak, sare sozialak, bideoak, argazkiak, musika…), lehentasunezko bilaketak eginda .eus domeinuan indexatutako zein euskaraz argitaratutako edukietan, konexioa non egiten den kontuan hartu gabe.”
Honen aurretik bazegoen Qwant oinarri zuen euskarazko beste bilatzaile bat: Bilatu.eus. Ipar Euskal Herriko enpresa batek garatutako bilatzaile honek ere Qwant du oinarri eta euskarazko bilaketak egiteko aukera eskaintzen du.
Egia da bi kasuetan bilaketako hizkuntza lehenetsi moduan euskara ezartzeko aukera dagoela, baina errealitatea, hauetan ere, bestelakoa da. Kasu batean zein bestean egindako probetan, bilaketa hizkuntza euskara ezarri arren emaitzak erdaraz ematen dituzte. Nahikoa da “Donostia” bilatzea batean zein bestean honelako emaitzak jasotzeko:
Euskarazko edukiak modu egokian filtratuko dituen bilatzaile baten beharra dugu, eta oraingoz, eskura ditugun irtenbideak ez dira nahikoak. Espero dezagun abiatutako proiektu hauek jarraipena izatea, eta laster euskara ulertzen duen bilatzaile egokia izatea sarean.