Euskal Wikilariak 2017ko Wikimedia Konferentzian
Euskal Wikilariak 2017ko Wikimedia Konferentzian
Martxoaren 30etik apirilaren 2 arte iraun du aurtengo nazioarteko Wikimedia Konferentziak, urte gutxi batzuetatik hona urtero egiten dena. Mundu osoko Wikipedia ezaguneko kideez gain, bertan bildu dira urteen poderioz sortutako mugimenduko beste wiki baliabide eta taldeetako 350 parte-hartzaile, eta bertara gonbidatua izan da 2016an sortutako Euskal Wikilarien Elkartea ere. Bi kide bertaratzeko eskaintzari heldu eta Elkartearen ordezkari lanetan izan dira han Galder Gonzalez eta Iñaki Lopez de Luzuriaga.
Berlingo Neuköln auzuneko Mercure hotelean izandako topaketan, hiru eztabaida ildo jorratu dituzte: Mugimenduaren Estrategia, Mugimenduaren Aliantzak, Trebakuntza eta ikasketa. Honen bitartez, mugimendua definitu eta sendotu nahi dute. Euskal wikilariek, Wikimediaren ezagutza libre eta dibertsitate helburuen artean, hizkuntza gutxituen pisua nabarmendu dute konferentziako askotariko bilkuretan, baita mugimenduaren 2030eko estrategian hizkuntza gutxituak esplizituki aipatzea bultzatu ere. Konferentzian komunitate txikiek garrantzi handia hartu dute, eta irekita jarraitzen du estrategiari buruzko eztabaidak.