Euskal itzultzaileen gehiengoak itzulpen automatikoa erabiltzen du

Euskal itzultzaileen gehiengoak itzulpen automatikoa erabiltzen du –

Itziar Cortesek sarean.eus atarian.

Euskal itzultzaileen gehiengoak itzulpen automatikoa erabiltzen duAdimen artifizialak gure eguneroko bizitzan sartzearekin batera eraldatu ditu merkatuko sektore ezberdinak ere; horietako bat da itzulpengintzaren sektorea. Itzulpen automatikoaren mamua aspalditik dabil sektore horri segika, eta adimen artifizialaren eztandarekin bat egin du itzultzaile automatikoen kalitatearen gorakadak; baita euskarazko itzulpen automatikoenak ere.

Teknologia berri horiek, beraz, itzulpengintzaren sektorean asko eragin dute, eta eragiten ari dira, eta horri tiraka EIZIE eta ANETI elkarteek diagnostiko bat egin dute eta “Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta” ikastaroan aurkeztu, UNUM Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen lehen edizioaren testuinguruan.

Diagnostiko hori itzulpengintza sektoreko bi talde nagusiei zuzendutakoa zen: enpresei eta norbanakoei. EIZIE arduratu zen itzultzaileen ikuspegia aintzat hartzen eta ANETI, enpresena; lurralde ezberdinean eragiten dute elkarteok, eta hori ere diagnosian ikusi ahal izan da. Lau profiletako erantzunak jaso ahal izan dira: enpresako arduraduna, freelancea, besteren konturako langilea arlo pribatuan eta besteren konturako langilea administrazio publikoan.

Euskaraz zein gaztelaniaz bete zitekeen galdetegia. Euskarazkoa euskal itzultzaileei zuzendu zitzaien ohiko komunikazio-kanalen bidez: EIZIE elkarteko posta-zerrenda edo ItzuL posta-zerrenda, kasu; estatuko beste lurraldeetako elkarteei ere eskatu zitzaien galdeketa zabaltzeko. ANETIk, bestalde, espainiar estatuko enpresatara jo zuen.

Galdetegian jasotako erantzunak askotarikoak izan dira, eta diagnostiko orokor bat aurkeztu zen aipatutako “Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta” ikastaroan. ANETIko webgunean ere laburpen bat argitaratu da gaiaren inguruan. Artikulu honetan ere laburpen bat egingo dugu, zehazki erantzunen lagin bat aztertuta; euskarazko galdetegia erantzun zuten norbanakoen emaitza batzuk aztertuko ditugu. Beraz, euskal itzultzaileen gehiengoak itzulpen automatikoa erabiltzen duela diogunean, jasotako datuetan oinarritutako baieztapen bat ematen ari naiz, besterik gabe.

Euskarazko itzulpengintzan errezeloz begiratu zaio itzulpen automatikoari, baina badirudi jarrera hori aldatzen ari dela. Lagin horri erreparatuta, teknologia berri hauen aurrean bestelako jarrera hartzen ari da euskal itzulpengintza-sektorea. Hona datu batzuk:

  • Itzultzaileen % 81k erabiltzen du itzulpen automatikoa.
  • Itzulpen automatikoa erabiltzen duten itzultzaileen % 67 EAEkoa da.
  • Batez ere euskara eta gaztelaniaren arteko itzulpenak egiteko erabiltzen dituzte sistema automatikoak: % 69k euskaratik gaztelaniarako itzulpenak egiteko eta % 79k gaztelaniatik euskararakoak egiteko.

Teknologia garrantzitsua da, bai, eta hori erabiltzeko modua ere bai. Itzulpen automatikoa erabiltzen dutenen artean % 46k bakarrik erabiltzen du bere tresnan integratuta, besteek beste moduren batera erabiltzen dute, ziurrenik, webguneetatik kopiatu eta itsasten. Gehienek Itzuli, Elia edo Batua itzultzaile automatikoak erabiltzen dituzte; administrazio publikoko langileen artean, ordea, Itzuli da gehien erabiltzen den sistema.

Itzulpengintzako sektoreko lagin batek erantzun duen galdetegi batean oinarritutako emaitzak dira hauek. Guztira 132 itzultzaile norbanakok emandako erantzunetatik euskaraz erantzun duten 73k esandakotik ateratako datuak dira.

Datuek interpretazio ugari izan ditzakete, eta aipatutako lagin hau kontuan hartuta, eta galderen erantzunak aztertuta, euskal itzultzaileen gehiengoak itzulpen automatikoa erabiltzen duela esan dezakegu. Ziur urte batzuk atzera eginda erabilera dezente txikiagoa izango zela eta hemendik urte batzuetara inkesta errepikatuko bagenu, teknologion erabilerak nabarmen egingo lukeela gora. Are gehiago, itzulpen automatikoko sistemez hitz egiteaz gainera, sektorean dagoeneko erabiltzen diren bestelakoez ere hitz egingo genuke, hala nola, diktaketa bidezko sistemak, hizketa-ezagutzaileak… Galdetegi berean konpetentzia digitalen inguruko datuak ere bildu ziren, eta bertan nabaria zen belaunaldi berrienek erraztasun handiagoz lan egiten dutela teknologiarekin.

Azterketa hauek errealitate zehatz baten isla dira, lagin jakin batenak; hala ere, sektorearen momentuko argazki txiki baten gisakoa da. Sektoreak eraldatzen jarraituko du inguruan ditugun berrikuntzek hala egiten duten bitartean, gizartea bera eraldatzen ari den moduan.

Euskal itzultzaileen gehiengoak itzulpen automatikoa erabiltzen du

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

11 pentsamendu “Euskal itzultzaileen gehiengoak itzulpen automatikoa erabiltzen du”-ri buruz

  • Barkatu, baina neronek “itzultzaile gehienek erabiltzen dute” esanen nuke.

  • Benat Castorene 2022-09-24 11:04

    Nagore, iduritzen zait, ez banaiz makur, biak erran daitezkeela nahiz ene ustez bat bestea baino politagoa izan.
    Eta iduritzen zait nik ere eguneroko bizitzan “gehien”erabiltzen dutala (gehien) baita euskaldun gehienek ere.
    Baina itzultzaileen ohitura berriei buruzko kurtso unibertsitario batean, erakasle anitzek (ez gehienek) erranen lukete beharbada “Itzultzaileen gehiengoa…” Zergatik?
    Erdara kopiatzen dutelako (La majorité des…)? piska bat jakintsuago emaiten duelako? Nabardura estatistikoa gehitzen duelako?

  • Benat Castorene 2022-09-24 14:10

    Segur naiz kasu tekniko sinple eta arruntetan etorkizun are handiagoa izanen dutela itzultzaile automatikoek. baita beste kasu guzietan laguntzeko ere. Eta hobetuko direla gero ta gehiago.
    Baina testu literiario, poetiko, edo filosofiko konplexu bat itzultzeko, aipatua den gaia eta kontestua ezagutu behar dira, eta bi hizkuntzak ongi menperatzeaz gain, maitatu behar dira haien humorearaino zeina askotan inplizitua baita. Noiz izanen dituzte gaitasun horiek iitzultzaile automatikoek?
    Nola eginen du itzultzaile automatikoak : “Asukrea balitz mokorra litzateke” bezalako esaldiaren aurrean?
    Hitzez hitz itzuli beharrean bilatuko du baliokide humoristiko bat erdaran? edo jarriko du orrialde behereko nota bat humorea seinalatzeko eta esplikatzeko?
    Gainera itzulpena, batez ere erdaratik euskarara ariketa baliagarria eta abersagarria da gure hizkuntzan pentsatzen trebatzeko.

  • Arratsaldeon Beñat: Iruditzen zait gehiena eta gehiengoa ez direla sinonimo. Uste dut euskarak plurala erabiltzen duela. “Gurasoen gehiengoak seme-alabendako jantoki zerbitzua eskatu du” ez da euskara nire uste….

  • Itzultzaile batek ehuneko 81k idazten badu itzultzaile agiria kendu behar zaio. Oro har, testua espainola da, ez dago ulertuko duen amaren semerik. Hori al da euskarazko itzultzaileek duten maila.

  • Benat Castorene 2022-09-24 23:06

    Beharbada arrazoi duzu Nagore eta dudatzen hasia naiz:
    Alta interneten azterketa tipi bat eginez gero, hemen “biztanleen gehiengoa” eskuarki idazten da eta iduriz “biztanle gehienak” esaeraen zentzu bertsuan
    Baina beharbada hemen makur gara.
    Izan ere Harluxet edo Euskalzaindiko hiztegian holako etsenplurik ez dute emaiten aldiz bai “Herriaren gehiengoa” edo “gizartearen gehiengoa” Euskalzaindiko hiztegian.
    Erran nahi luke “gehiengoa” dela talde baten azpi-talde handiena. Beraz “itzultzaile taldearen gehiengoa” ongi litzateke
    Joseba edo Josu bezalako euskara erakasle baten laguntza ongi etorriko litzaiguke

  • Benat Castorene 2022-09-25 09:38

    Kaixo Nagore,
    Aditu baten laguntza ezperoan, hau proposa nizuke : “langile gehienak”edo “langile klasearen gehiengoa” bi esamoldeak baliokidetzat onartu nahiz lehena bestea baino jatorragoa edo politagoa izan.
    Aldiz “langileen gehiengoa” ekidin.
    Zer deritzozu Nagore?
    Kaixo Josu eta Joseba
    Zer zioten honetaz Leiçarragak edo Lafittek?

  • Caixo, Beñat!

    Leiçarragac ez çuen “guehiengo” hitza erabili.
    Guehientassun hitza, ordea, bai, baina berce adiera batean.
    Neuc gehiengo hau batuaren bidez ikassia dut, ikaslego eta irakaslego hitzequin batera.
    Bakoitza librea da nahi duena erabil deçan. Gueroac erranen.
    Adeitsuqui

  • Benat Castorene 2022-09-25 10:49

    Ados Josu eta zein adieran erabiltzen zuen gehientassuna?
    Aldiz “Bakoitza librea da nahi duena erabil deçan” erraiten duzunean estonatzen nauzu iduri baitu semantika erlatibismoan erortzen zarela .
    Alta justu bilaketa hau ez ote da egiazko itzultzaileen.
    ariketa itzultzaile automatikoek inoiz eginen ez dutena
    Mesedez, preferentziaz erranen zinuke “ikasleen gehiengoa” ala “ikaslegoaren gehiengoa”?

  • Kaixo, Beñat!

    Euskaltzaindiaren hiztegia:

    gehientasun

    iz. g.er. Nagusitasuna. Pedroren gehientasuna. Hango mintzairaren gehientasunak iraun zuela oraindik.

    gehiengo

    1 iz. Gehienak. Halaxe uste du euskal gizartearen gehiengoak. Herriaren gehiengoa.

    2 iz. Batasun bat osatzen duten multzoetako handiena. Legebiltzarreko gehiengoa. Gehiengoa lortu dute hauteskundeetan. Gehiengo osoa. Bigarren bozketan gehiengo soila nahikoa da.

    Eta beste nonbait Akademiak zera diosku;

    irakasle (*irakaslego)

    Izen multzokari gisa (irakasle-multzoa adierazteko, alegia), *irakaslego ez da egokia. Egokiak irakasleria eta irakasleak dira. (? -go (-eria))

    ikasle (*ikaslego)

    Ez da zuzena *ikaslego. Egokiak ikasleria eta ikasleak dira. (? -go (-eria))

    Neuc majoritate erraitecotz majoritate dut erabilcen naffarreran:
    ikasleen majoritatea

    ikasleen guehiengoa ere, ençunaren ençunaz, athera lequiquet. Edo halaber ikaslegoaren guehiengoa.

    Euskara Batuac naffarreran ere eraguina daduca. Eta viceversa, evidentqui, euskara batuaren % 90 naffarrera hutsa baita.

    Adeitsuqui

  • Beñat Castorene 2022-09-26 14:25

    Argitzen ari da. Euskalzaindiak dio :
    Gehiengoa da; 2 iz. Batasun bat osatzen duten multzoetako handiena.
    Hortik dator erran daitekeela “euskal gizartearen gehiengoa” baina ez “euskaldunen gehiengoa ” edo ekidin behar dela behintzat.
    Aldiz gehientasuna ( nahiz gehiengoaren sinonomo izan daitekeen Iparraldean) hobe dugu gordetzea erraiteko “nagusitasuna” edo supremazia” Nagorek erran nahi zuena beharbada erranez gehien(tasuna) eta gehiengoa ez zirela gauza bera.