Zergatik ez zara nire jarraitzaile Twitterren?

cafeAkaso zuei ere gertatuko zitzaizuen inoiz. Aspaldian ikusi gabeko lagun on batekin geratu naiz gaur, kafe bat hartu eta ordubetez-edo gure istorioekin elkar entretenitzeko. Halako batean,  azken aldian lo orduak Gradu Amaierako Lanari (GAL) eskaintzen dizkiodala bota diot, eta lanaren nondik norakoak azaltzen hasita, saiatu arren, ezin izan dut Twitter aipatu gabe utzi. Hanka sartze galanta izan da. Pare bat bat esaldi borobil xamar osatzen asmatu dut, denok informazio igorle izatearen bertute eta ajeez, botere-harremanez… Baina ordurako, nire hitzei entzungor eginda, lagunak prest zuen purrustada: “Eta zu zergatik ez zara nire jarraitzaile Twitterren?“. Akabo, pentsatu dut. Begirada tabernako horman iltzatuta, hasi natzaio azaltzen Twitter informazio iturri gisa erabiltzen dudala, ez dela komenigarria jende gehiegi jarraitzea txio uholdeak itotzerik nahi ez baduzu, lagunen berri izateko badaudela Facebook eta gisa bereko beste sare sozial batzuk… Alferrik. Gure laguntasunaren mesedetan, urrundu dugu konbertsazioa lur horren labainkorretatik, baina hala ere, “hurrengoan kafea zure kontu” esanda agurtu dudanean, kopetilun eta hotz nabaritu dut, irainduta.

Laguna Twitterren jarraitzen hasi behar nuke?  Zalantza hori arrastaka eraman dut etxerainoko bidean, erantzun argirik gabe. Ez litzake unfollow-a dela eta norbaiti diosala ukatzen dioten lehen aldia, baina bestetik,  ez du zentzurik, esan dizkiodanak esan eta gero, nire irizpideei traizio egiteak. Eskerrak etxetik gertu dagoen taberna bat hautatu dugun. Bertara iritsi, berriro lanean jarri eta erabat ahaztu ditut laguna eta solasaldia.

Ez luzerako baina. GALaren marko teorikoa osatzeko zenbait artikuluren bila nenbilela, hara non topatu dudan lagunari emateko arrazoi/aitzakia bikainena: Dunbarren zenbakia. Rubin Dunbar antropologoak hainbat esperimentu sozial egin ondoren egiaztatu zuenez, edozein komunitate edo sarek modu egokian jarduteko 150 parte-hartzaile edo gutxiago izan behar ditu. Gehiago izanez gero, oso zaila ei da indibiduo bakoitza zein den jakin eta haren inguruko gutxieneko informazioa gogoratzea, eta orduan hasten dira kudeaketa arazoak. Interneten eta sare sozialetan fenomeno bera errepikatzen dela frogatzen duten ikerketarik ere ba omen da.

Birritan pentsatu gabe, lagunari esteka bidali diot e-mail bidez: “Dunbar dixit. Baina hala ere, jarraituko zaitut, agindu bezala, hurrengo kafea zuk ordaintzeko prest bazaude behintzat”. Twitterren sartu naiz segidan, lagunaren izena jarri dut bilatzailean eta pantailaren erdialdean agertu zait bere “profilaren laburpena”. “Jarraitu” klik egitera nindoanean ordea, harrituta geratu naiz. Ez zen inon “Jarraitzen dizu” esaldia ageri. Irainduta sentitu naiz, haserre. Laguna ez jarraitzea erabaki dut, eta ez dut dastatuko hankabiko kabroi horrek ordaindutako kafe tanta bakar bat ere. Zertarako nahi ditut lagunak ez banaute Twitterren jarraituko?

NIRE KONTRA ESANAK