Errezeta: Bakailao eta mahaspasa enpanada
Errezeta: Bakailao eta mahaspasa enpanada –
Uda garaian, astebururo pertsona askok etxea utzi eta egun pasa doaz mendira edo hondartzara. Inguruan jatetxerik izanez gero, erosoena diru-zorroa atera eta gosea asetzea ohi da. Baina ekonomia zaindu beharreko garai honetan, etxean prestatutako janariak protagonista bihurtu dira berriz. Eta kanpoan bazkaltzeko, ogitartekoak dira aukera erosoena. Hementxe duzue, bada, mendian, hondartzan zein hirian errege-erreginen modura bazkaltzeko moduko errezeta: Bakailao eta mahaspasa enpanada.
Osagaiak
- Kg bat irin
- Ura, litro erdia inguru
- 800 g gurin
- 4 tipulin handi, zerrendatan moztuak
- dl erdia oliba olio
- Ximiko bat piperrauts gozo
- 2 baratxuri-ale, pikatuak
- 2 koilarakada bete perrexil xehatu
- Gatza
- 750 g bakailao, papurtua eta beratua
- Eskukada bat Korintoko mahaspasa
- Arrautza bat, joa
Errezeta
Orea egiteko: Gopor batean irina bahetu eta ura isuriko dugu xirripaka. Ore trinkoa lortu ondoren erantsiko ditugu 100g gurin. Ongi nahasiko dugu guztia. Pausatzen utziko dugu orea, ongi tapaturik, 25 bat minutuan.
Orearen hostorea egiteko
Orearen hostorea egingo dugu ondoren, 15 minutuko etenaldiak eginez eta oreari hiru bira bikoitz eraginez: hostorearen kasuan bezala, 700 g-ko gurin blokea barruan sartu eta adierazitako bira bikoitzak eragingo dizkiogu oreari. Film paperean bildu eta hozkailuan gordeko dugu ondoren orea. Gure enpanada prestatzeko, orearen erdia ere bideratu ahal izango dugu. Izozkailuan gordeko dugu beste erdia, ongi tapatuta. Beraz, hurrengoan betegarria baino ez dugu egin beharko.
Orea egiteko modu hau batere xamurra iruditzen ez zaienek, honako era errazago honen arabera egin lezakete proba: konfiantzazko okindegi batean kilogramo bat ogi-ore fresko erosiko dugu lehenik. Etxean dagoeneko, aski izango dugu orea gopor zabal batean egokitu eta, dl bat oliba olioa erantsi eta gero, nahastura ongi oratu, egoki batu arte. Une horretatik aurrera, segida emango diogu errezetari. Eskatzen hasiz gero, ogi-orea olioarekin ora diezagula eska diezaiokegu okinari, berak zikinduko ditu orduan eskuak.
Betegarria egiteko
Kazola zabal batean, olioa isuri eta su ertainean gozatuko dugu hartan tipulina, gatz pixka batekin. Kazola tapatu eta izerditan edukiko dugu ondoren tipulina su eztian, ordu eta erdian. Epe honen ostean erantsiko ditugu baratxuria eta perrexila, piperrautsarekin batean. Gatz-puntua neurtuko dugu ondoren: ez du horrenbeste behar, bakailaoaren txanda alaiagoa iritsiko baita ondoren.
Enpanada bukatzeko: Mahaia irinez igurtzi eta haren gainean zabalduko dugu orea, gozogileen arrabol batez. Bi zirkulu moldeatuko ditugu, 30 bat cm-ko diametroaz (handiagoa bata bestea baino) eta 3 mm-ko lodieraz. Geroko gordeko ditugu mozkinak. Labe-erretilu bat olio pixar batez igurtzi eta hartan zabalduko dugu zirkulu txikiena. Haren gainean ipiniko ditugu barazki erregosiak, geruza mehean, eta gainean bakailao papurtua, ongi xukatua, eta Korintoko mahaspasak. Zirkulu handiagoaz estaliko dugu bestea; ongi itxiko ditugu ertzak, ximikoan hartu eta barrualdera pittin bat goratuz. Txirikordatua edo geldituko zaigu ertz guztia. Tximinia moduko zulo bat irekiko dugu enpanadaren erdialdean, eta gai batzuk apainduko ditugu azalean, gordetako mozkinez. Kontu handiz joka dezagun; labearen lana ez eragozteko, fin-fin landuko ditugu mozkinak, gainerako atal guztiak bezala egin, gorritu eta txigortzeko. Enpanadak fin eta dotore behar du, alde guztietatik berdin egina, egin ondoan mehe eta hostoretsu egon dadin.
Labeko lana
Brotxa batez, arrautza joaz (edo oliba olio birjinaz) igurtziko dugu enpanadaren azala. Labean sartu eta 180ยบ-ko tenperaturan edukiko dugu ordu betean. Epeltzen edo hozten utzi eta jan egingo dugu ondoren. Ez da hozkailuan sartzea komeni, bera-bera geldituko bailitzaiguke: itxura mamitsua eta zaporea galduko lituzke. Gogoan har dezagun beti enpanadaren hondoa ongi erre behar dela labean, gorri egon behar du: labearen hondoa oso bero dagoela erreko dugu, ahal izanez gero. Labe barruko aurreneko minutuetan gehiegi gorritzen bada, aluminio-paper batez bilduko dugu gainazal guztia, eta tenperatura apaldu. Erretzen segituko dugu enpanada, erabat eta egoki ondu arte.
On egin!
Eta hementxe enpanadatxo eta enpanada gehiago egiteko errezetak:
- Sardina enpanada
- Txahal enpanadatxoak
- Behi enpanadatxoak
- Gazta enpanadatxoak nola egin
- Txerri enpanadatxoak
- Enpanadatxoak koipetsuak izan ez daitezen
Errezeta gehiago: Sukaldean.com