ERRESISTENTE dokumentalak saria jaso du eta Primeran plataforman egongo da ikusgai

ERRESISTENTE dokumentalak saria –

  • Antibiotikoekiko erresistente bihurtu diren bakterioen arazoa erakusten duen Erresistente dokumentalak ohorezko aipamena jaso du Italiako “Ponza Film Awards” zine-jaialdian.
  • Gaurtik aurrera, dokumentala ikusgai egongo da EITBren Primeran streaming.
  • Elhuyarrek egin eta ekoitzi duen dokumental honen zuzendaria eta gidoigilea Bego Zubia Gallastegi da, eta haren helburua izan da arazo global honek irtenbidea duela erakustea.

Antibiotikoekiko erresistente bihurtu diren bakterioen arazoa erakusten duen Erresistente dokumentalak ohorezko aipamena jaso du Italiako “Ponza Film Awards” zine-jaialdian. Jaialdi horren ezaugarritako bat da urteko sarituez gain beste film batzuk saritzen dituela hilero, eta Erresistente otsaileko sarituetako bat izan da: ponzafilmawards.com/february-2024. Hileroko errekonozimendu horri esker, talentu berriak eta ideia berriak nabarmentzen ditu jaialdiak etengabe. Gainera jaialdiarekiko eta parte hartzen duten zinegileekiko interesa bizirik mantentzen laguntzen du, eta babesa eta agerikotasuna ematen die zinegileei urte osoan.

Saria jasotzeaz gain, gaurtik aurrera, Erresistente dokumentala Primeran plataforman ikusteko aukera izango da: primeran.eus/erresistente. Elhuyarrek egin eta ekoitzi duen dokumentala guztien eskura egongo da EITBren streaming plataformari esker, eta dokumentalaren helburua beteko da horrela: arazoa gizarteratzea. Izan ere, superbakterioek osasun-arazo larri bihurtuko dituzte gaixotasun infekziosoak. Osasunaren Mundu Erakundearen aurreikuspenen arabera, 2050ean, superbakterioak mundu osoan egongo dira, eta minbiziak baino heriotza gehiago eragingo dituzte.

Erresistente dokumentala

Erresistente dokumentalaren zuzendaria eta gidoigilea da Bego Zubia Gallastegi. Dokumentalak planeta osoari eragiten dion arazoa mahai gainean jartzen du ikertzaile, mediku, albaitari eta medikuen testigantzen bitartez. Gaixotu eta osatu direnek ere izango dute ahotsa dokumentalean, edozeini gerta dakiokeela ikusiko da, baina, era berean, arazoari aurre egiteko aukera badagoela erakutsi nahi da. Bide horretatik, Estatu espainiarrean berria den tratamendu baten nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dugu, eta, horrekin batera, lehenengo pazienteetako baten bizipenak entzungo ditugu. “Infekzioa gainditzea lortu dutenen testigantzak hunkitu egingo gaitu, eta, aldi berean, bakterio erresistenteak areagotzearen ondorio larriak plazaratuko ditugu, eta horrek arazoari aurre egiten lagunduko digu, irtenbidearen zati bat guztion esku baitago”. Hitz horiekin laburbildu du zuzendariak Erresistente dokumentalaren muina.

Dokumentala eraikitzailea da, eta egon daitezkeen konponbideak azaltzen ditu protagonisten bitartez. Haiek izango dira arazo larri honi aurre egin behar diotenak. Irtenbidea haien esku bakarrik ez egon arren, ekarpen garrantzitsuak egingo dituzte, besteak beste, hauek: Lucia Gallego Andres, PRANeko kidea eta EHUko Medikuntza Fakultateko ikertzailea; Itziar Alkorta Calvo, UPV/EHUko Zientzia Fakultateko irakaslea eta kimikan doktorea; Pilar Domingo Calap, ikertzailea eta Fagoterapian aitzindaria; Maria Neira González, Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publikoko zuzendaria; Maitane Aranzamendi Zaldumbide, Donostia ospitaleko mikrobiologoa; Patxi Lazkanotegi Muxika, albaitaria; Ana Hurtado Esgueva, animalia-osasunean aditua, NEIKER; eta Nestor Etxebarria Loizate, UPV/EHU Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea. Haiekin guztiekin batera sartu da kamera laborategietara, landetxeetara, araztegietara, ibaietara eta ospitaleetara, bakterio erresistenteak leku guztietan daudelako.

Dokumental hau FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa) eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren laguntzarekin egin da, eta EITBren partaidetzarekin. Horrez gain, dokumentalak APIKA Ikus-entzunezko Produktoreen Elkartearen Audiovisual Project LAB egitasmoan parte hartu zuen 2022an. Egitasmo horren helburua da ikus-entzunezko proiektuen ekoizpena bultzatzea, sortzen ari den talentua sustatzea eta ikus-entzunezkoen ehuna dinamizatzea.

Fitxa teknikoa:

Zuzendari-gidoigilea: Bego Zubia Gallastegi

Zuzendariaren ondokoa: Jon Larrañaga Gurrutxaga

Argazki-zuzendaria: Eukeni Arriortua

Musika-konposatzailea: Haizea Huegun Duran

Zuzeneko-soinua: Miguel Ramírez Cantero

Muntaketa: Xabier Zabala Agirrezabal

Animazioa: Guillermo Roa Zubia

Ekoizle exekutiboa: Garazi Andonegi Beristain

Ekoizlea: Ana González Jaka

Jatorrizko hizkuntza: euskara.

Iraupena: 65 minutu.

Laguntzaileak:

FECYT. Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología. Ciencia e innovación para todos los públicos.

Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika saila

ICAA. Instituto de las Industrias Culturales y las Artes

EITB. Euskal Irrati Telebista

APIKA. Ikusentzunezko Produktoreen Elkartea

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude