Elhuyar BECeko Umeen Gabonetako Parkean izango da lehen aldiz, zientzia eta teknologia jarduerak eskainiz

Elhuyar BECeko Umeen Gabonetako Parkean – 

  • Elhuyarrek “STEAM gunea” izeneko txokoa izango du, eta bertan haur eta gazteentzako tailerrak, ginkana eta ikuskizunak egingo dira.
  • Tailerren helburua da 6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeen zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna bultzatzea.
  • Emakume ikertzaileek gidatuko dituzte tailerrak, zientzia eta teknologiako profesionalen inguruan izan ditzaketen irudi estereotipatu okerrak baztertzeko
  • Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi arloak eta Innobasque-k lagundutako ekimena da.

Elhuyar BECen egiten den Umeen Gabonetako Parke erraldoian izango da lehen aldiz, eta haur eta gazteentzako zientzia-eta teknologia-jarduerak eskainiko ditu. Jarduera hauek “STEAM gunea” izeneko txokoan izango dira abenduaren 14tik urtarrilaren 5era. Gunea Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi arloaren eta Innobasque-ren laguntzarekin sortu da.

“STEAM gunea”n egingo diren tailer hauen helburu nagusia zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea da, esperientzia dinamiko eta praktikoen bidez. Baita pentsamendu kritikoa, sormena, arazoen ebazpena eta talde-lana bezalako gaitasunak bultzatzea ere.

Tailerrak ez ezik, ginkanak eta ikuskizunak ere izango dira. Tailerrei dagokionez, Bio-polimeroak, Natura mikroeskalan, Argia eta hologramak, Minirobot lasterketak, Lurreratze-egiturak, Termopolimeroak eta NFC etiketak tailerrak egingo dira. STEAM ginkanetan, ordea, denetariko zientzia- eta teknologia-erronkak gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek. Azkenik, adin guztiei zuzendutako hiru ikuskizun ere izango dira: Huts-ponpa, Elektrizitatea eta Kimika ikusgarria.

Tailer eta ikuskizunen gidari guztiak emakume ikertzaileak izango dira, zientziaren eta teknologiaren etorkizuna ordezkatzen duten emakumeak. Erreferenteak ezinbestekoak dira belaunaldi berriak inspiratzeko eta STEM diziplinetan interesa sustatzeko. Emakume zientzialarien parte-hartzeak, genero-estereotipoak hausteaz gain, STEMen lan egiteak esan nahi duenaren irudi hurbila eta errealista ere ematen die parte-hartzaileei.

UGPko atrakzioen fisikaren ginkana

Mugikorretarako “Action Bound” aplikazioa erabiliz, Umeen Gabonetako Parkeko atrakzioen inguruko ginkanan parte hartu ahal izango dute DBHko gazteek. Horretarako, atrakzioetan jarrita egongo diren QR kodeak eskaneatu eta galderari erantzun beharko diote. Ginkana osatuz gero, XXS 360 atrakzioan ibiltzeko Pase Express-a eskuratuko dute.

Bizilabe, gazteentzako ikerketa-zentroak

Tailer hauek Elhuyarren Bizilabe aisialdi-eskaintzaren parte dira. Bizilabe 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako 8 ikerketa-zentrok osatzen dute, egoitza Bilbo, Elgoibar, Laudio eta Abanto-Zierbenan dutenak. Zientziarekiko eta teknologiarekiko zaletasuna adin goiztiarrean pizteko helburua du, eta urtero 200 gaztek baino gehiagok ematen dute izena. Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta tokian tokiko udalen lankidetzarekin (Bilboko Udala, Elgoibarko Udala, Laudioko Udala eta Abanto-Zierbenako Udala) aurrera ateratako proiektua da.


Elhuyar BECeko Umeen Gabonetako Parkean izango da lehen aldiz, zientzia eta teknologia jarduerak eskainiz

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude