Egin al daiteke bideojoko oso bat urtebetean eta bakarrik?
Egin al daiteke bideojoko oso bat urtebetean eta bakarrik? –
Ibai Aizpuruak sarean.eus atarian.
Artikulu hau argitaratzen den bitartean lasaitu ederrean egotea gustatuko litzaidake, baina egia esan Barrakaren garapenaren azken pausuetan nabil buru-belarri, ahalik eta material gehien sartzen eta egindako lana borobiltzen. Bideojoko bat egitea lan erraldoia da eta beti dago zerbait egiteko!
Beraz, galderara itzuliz: Egin al daiteke bideojoko oso bat urtebetean eta bakarrik? BAI, egin daiteke. Urtebetean eta bakarrik bideojoko baten garapen prozesu osoa burutu daiteke; joko txiki baten prozesua.
Espero bezala, ideia eta kontzeptu mozketa mingarriak egon dira eta proiektuaren frogak, hau da, inguruko jendearen test eta iritzi bilketak, espero baina beranduago hasi ziren.
Edozein garatzaile hasi berriri emango niokeen gomendio garrantzitsuena txikitik hastea da. Denok ideia zoragarriak izan ohi ditugu, mundu handi eta interesgarriak, mekanika berritzaileak… Baina nire aholku nagusia oinarrizko zerbaitetik abiatu eta iraupena mugatzea izango litzateke. Arazoak beraien kabuz agertuko dira bidetik, ez dudarik izan.
Hilabete hauetan asko ikasi dut eta errepaso moduan, garrantziaren arabera, bideojoko batek behar dituen osagaiak aipatuko ditut.
.
Zerk osatzen du bideojoko bat?
Bideojoko bat garatzeko prozesua jakintza eta atal desberdin askok osatzen dute:
- Programazioa. Programatzailerik gabe ez dago bideojokorik. Bideojokoaren atal garrantzitsuena programazioa da, bideojoko batek funtzionatu egin behar baitu. Ez da bideo edo abesti bat, ez da narrazio zuzen bat. Software interaktiboa da eta jokoa zutabe sendoen gainean eraiki behar da. Nahiz eta programazioa jakintza oso espezializatua izan, gaur egun Unity, Godot, Game maker edo Constructeri esker atal hau inoiz baina eskuragarriagoa bilakatu da. Ni neu joko txikiak sortzeko gai naiz programazio formakuntza ofizialik gabe!
- Joko diseinua. Jokoaren atal guztiek jokoaren funtsa indartzen dute. Joko diseinua, jokoaren arau, helburu eta kontrolek osatzen dute gehien bat. Jokagarritasuna definitu eta erronka egokiak sortzean datza. Jokoaren muina da zalantzarik gabe, eta honek definituko du jokalariek biziko duten esperientzia. Munduaren diseinua, puzleak, borroka sistemak, interakzio motak… dena erabaki eta pentsatu behar da.
- Aurkezpena. Proiektuaren aurkezpena hiru ataletan bereizi dezakegu nahiz eta hiruek helburu bera izan: grafikoak, soinuak eta musika.
Bideojokoak betidanik begietatik sartu izan dira. Ukaezina da grafikoek duten indarra industrian, azken finean izaki oso bisualak gara. Lehen inpresioak garrantzi handia du eta kasu askotan interes puntu garrantzitsuena atal grafikoa izan ohi da. Hala ere, soinu eta musikak garrantzi IZUGARRIA dute, irudien helburu bera izanik. Hau da, jokoaren diseinua eta mundua erakargarria eta ulergarria egitea, eta egiten ditugun gauza guztiei erantzun atsegin bat sorraraztea.
Azaltzeko konplexua den arren, ikusi eta entzuten dugunak jokatzen dugunarekin bat egin behar du, sentimendu, arima edo zapore jakin bat sortuz. Batzuetan nahiz eta urteak pasa arren, nahikoa da soinu jakin bat entzutea bideojoko baten oroitzapenak burura etortzeko.
Istorioa- Jokoaren arabera, gidoia edo argumentua oinarrizkoa edo erabat ahazgarria izan daiteke. Batzuetan jokatzera bultzatzen gaituen arrazoi nagusia istorioan gertatzen dena jakitea da. Beste batzuetan, aldiz, argumentu nagusi bat edo ideia orokor bat emango digute hasieran jokoa nonbait kokatzeko, eta joko abstraktuen kasuan ez da existituko ere.
.
Barraka
Aurten Barrakarekin zerbait ikasi badut jokoaren diseinuari batzuten garrantzi nahikoa ematen ez diogula da. Normalean oso kritikoak izan ohi gara joko baten grafikoekin edo errendimenduaren kalitatearekin, baina batzuetan ez diogu nahikoa garrantzi ematen jokagarritasunari edo jokagarritasun berritzaileei.
Hutsetik zerbait sortzea aukera paregabea den arren, askotan zenbait arazo eta beldur sortzen ditu. Zer motatako jokoa egin beharko nuke? Kontzeptu hau dibertigarria al da? Zein da garapen prozesu batean hartu beharreko bide zuzena?
Proiektuan zehar, nire kezka nagusia programazioa izan zen, hots, Barrakako elementu guztiek ondo erantzutea eta errore arraroak konpontzea. Azken finean, nahiz eta joko txikiak sortzen moldatzen naizen, eta nik neuk ehundaka bideojoko sorkuntza lantegi eman, ez dut inoiz benetako programazio hezkuntzarik jaso.
Behin hau amaituta, joko froga desberdinekin hasi nintzen. Onerako edo txarrerako, ordenagailuan zein mugikorrean jolasteko aukerari garrantzi handia eman nion eta jokagarritasuneko erabaki asko mugikorreko bertsioak baldintzatu zituen; izan ere, jokoa lasaia izateak kontrolen erantzuna desberdina izatea dakar pantaila ukigarri batean, pertsonaia nagusia erdigunean mantentzea ukimen-kontrolen azpian ez gelditzeko, eta orokorrean, jokoaren erritmoa baldintzatuz.
Hasiera batean mundu ireki baten antzeko zerbait eraiki nahi nuen, edo behintzat espazio nahiko handiak esploratzeko aukera eskaintzea zen nire asmoa. Jokoaren lehen atalak edo tutoriala prestatzen nenbilela ohartu nintzen pantaila eta puzle txikiek erritmo atsegina sortzen zutela, eta egia esan joko garatzaile moduan erronka errealagoa zen bide hau jarraitzea hasierako ideia baino.
Nahiz eta puzle txikiez osatutako gelek Barrakaren muina osatu, urte hasieran barraken plazaren ideia bururatu zitzaidan. Pantaila edo leku desberdinak elkartuko zituen mundu txiki bat izango litzake, “Hub mundu” bat. Akzio eta puzzlez beteriko erronken ondoren beti herriko plaza lasai honetara itzuliko dira jokalariak bertako pertsonaiak ezagutu, topatu ditugun xoxak jostailuetan xahutu eta bide berriak irekitzera.
Proiektuaren bizkarrezurra osatzen ari nintzen bitartean, lehenik, behin-behineko grafikoak sortu nituen azken hauen kokapena, diseinua eta eskala frogatzeko. Orain bertan, pixkanaka behin-behineko grafiko hauek ordezkatzen nabil, itxura amaitu eta irudi eta animazio txukunak txertatuz.
Literaturan esan ohi da idaztea benetan berridaztea dela. Bidejokoen kasuan antzekoa da, pantailak eta puzleak sortzeaz gain, etengabe sortu eta aldatu behar dira. Honetarako ezinbestekoa izaten ari da lagun eta ezagunen laguntza (irakurtzen ari bazarete MILA ESKER!). Sortzaile moduan batzuetan, hain murgilduta egoten naiz, nik neuk sortutako atalak eta puzleak errazak egiten zaizkidala, eta hau ekiditeko kanpoko iritzi objetibo bat behar izaten dut beti.
Proiektuaren azken txanpa honetan, bideojokoaren diseinua frogatzen nabil eta aurkezpena borobiltzeko falta diren irudi guztiak ordezkatu, eta soinu egoki eta atseginak txertatzen ari naiz. Horretaz gain, azala ia prest daukat eta jokoaren barruko menu eta leihoak prestatzen dihardut.
Nire musikaria Gonzalo Sardón, jokoa sakonki frogatzeaz gain, azken abestiak prestatzen ari da Barrakarentzat. Talentu izugarrizko musikaria da eta irrikitan nago bere abestia zoragarriak zuokin partekatzeko!
Ez da denbora asko falta egun handirako eta lan handia daukat dena errepasatu eta txukuntzen.
Durangon ikusiko dugu elkar!
Egin al daiteke bideojoko oso bat Egin al daiteke bideojoko oso bat