Den-denak komunikatzen du

Ekitaldi baten komunikazioari erreparatu behar zaionean, gehiengoari prentsaurreko bat etortzen zaio burura, eta produktu baten kasuan, publizitatea. Baina komunikazioa hori baino askoz gehiago da. Aurrekoan, Twitteren horixe irakurri nion baten bati: “Publizitatearekin ezagunagoa zara, baina horrek ez du erran nahi gehiago salduko duzunik”. Bat nator, eta berdin balio du, nire ustez, prentsaurreko batekin.

Enpresa askok marketing sail bat daukate, eta ni ez naiz horren kontra arituko, baina marketing-a ere komunikazioaren zati bat baizik ez da, nire ustez. Prentsaurreko, afitxa edo publizitate hutsa baino landuagoa eta planifikatuagoa, nola ez, baina soilik horri erreparatuz gero, komunikazioa bere osotasunean ez dela lantzen erran daiteke, nire ustez berriz ere. Nire ustez diot, haien burua marketing-ean edo komunikazioan jartzen duten profesionalen artean eztabaida dagoelako gai horren inguruan.

Marketing-ak lau adar ditu: Zerbitzua edo produktua, prezioa, saltokia, eta produktuaren sustatzea.  Marketing mix-a, ordea, edo komunikazioa bere osotasunean, nik deitzen diodan bezala, beste lau ditu, alegia, zortzi guztira.

1.      Zerbitzua edo produktua: Baina bezeroaren behar bati erantzuteko ulertua, ez asmakizun propioa, edo alde bakarreko eskaintza bat bezala ulertua.

2.      Prezioa: Helburu den bezeroaren ezaugarriei egokitua. Produktu batzuk nahita saltzen dira garestiago, marka kontu batengatik preseski.

3.      Banaketa: Hau ere helburu den bezeroaren ezaugarriei egokitua. Izan daiteke modu tradizionalean, saltoki batean, edo interneten bidez, telefonoren bidez, katalogo baten bidez, edo produktua saiatuz.

4.      Komunikazioa: Eta ez sustatzea, aurreko hiru adar horiek bete ahal izateko ezinbestekoa baita bi norabideko harremana, edo feed back delakoa.

5.      Harrera: Edo bezeroarekin harremanetan egonen den pertsona, bera izanen baita bezeroak enpresarekin izanen duen lehen kontaktua, izan fisikoki, telefonoaren bidez edo korreoaren bidez.

6.     Baliabide fisikoak: Izan saltokia bera edo produktuaren kutxa.

7.      Zerbitzua ematean edo saldu ondoko komunikazioa: Marka bat sortu edo elikatu nahi badugu ezinbestekoa baita bezeroak jakitea enpresari importa zaiola hura kontent gelditzea.

8.      Antolakuntza: Aurreko zazpi puntuak egoki antolatuak izatea, eta akats baten egoeran erantzunak edo hartu beharreko neurriak prest edukitzea.

Zuetariko batzuek pentsatuko duzue zortzi puntu horiekin komunikazioa gainditu dudala eta enpresaren estrategian sartu naizela. Baina kontua da den-denak komunikatzen duela. Aipatutako zortzi puntu horiek enpresari buruzko irudi bat ematen diote bezeroari. Horretaz, askotan egiten den akats bat: Enpresa askok komunikazioa sartzen dute produktu edo zerbitzu bat gizarteratzekotan daudenean, alegia, azken momentuan. Baina gaur aipatutako guztiagatik ezinbestekoa da komunikazioa hasieratik barneratzea, are gehiago, produktu, marka edo zerbitzu berri baten ideia edo aukera baten lehen urratsa izan behar du.

Bospasei minutu gelditzen bazaizkizue, begiratu bideo hau. Ez zaizkit gustatzen aditu edo guru hitzak, baina onartu behar dut arlo honetan Philip Kotler horrela dela.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=bilOOPuAvTY]

GAUZA AGERIA