Asteburu honetan: Croque-monsieur (mixtoa)
Asteburu honetan: Croque-monsieur (mixtoa)
Asteburu honetarako, parranda osterako ezin aproposagoa den sukalde laster errazaren adibide bat.
On egin!
Croque-monsieur (mixtoa)
.
Marcel Proust berak ere aipatzen du otarteko bero hau: «Kontzertu irteeran, hotelera bidean, amonak eta biok geldialdi bat egin genuen kai muturrean Villeparisis andrearekin hitzaspertu bat egiteko, zeinak erran baitzigun hotelean eskatuak zituela guretzat croque-monsieur zenbait eta arrautzak krematan ere bai…». Zu ez zara Proust baino gutiago izango, ez da?
…
Osagaiak:
- Moldeko bi ogi xafla
- Urdaiazpiko egosi xerra bat
- Urtzeko gazta xerra bat (ahal dela, emmental motakoa edo antzekoa)
- Gurin apur bat
…
Errezeta:
- Txapan gurin apur bat zabalduta egitea da egokiena, baina, gure antzera, txaparik ez baduzu, igurtzi zartaginaren hondoa gurinarekin eta jarri su ertainetan.
- Berotutakoan eta gurina iluntzen hasi aurretik, jarri ogi xafla bat bertan eta gehitu gazta eta urdaiazpiko xerrak, bigarren ogi xaflarekin.
- Utzi bost minutu inguru ogia zeure gustura xigortu arte.
- Gauza bera egin beste aldera iraulita, behin gurin apur bat gehiturik hondoan.
- Zeure gustuko kolorea hartu duenean, atera plater batera eta erdibitu diagonalean.
…
Kasu!
Guk krokmesié bakarra jarri dizugu hemen, baina pare bat ere erraz jango dituzu. Aldagai asko onartzen ditu croque-monsieur ogitarteko honek, xerra bakarraren lekuan, gehiago ere jar dezakezu, esaterako. Hotza ere jan liteke… Rukula entsalada bikain etortzen zaio. A, eta Croque-madame bat jan nahi baduzu, gehitu arrautza bat gainetik eta kito.
…