ChatGPT: zer da eta zenbateraino beldurtu behar gaitu?

ChatGPT: zer da eta zenbateraino beldurtu behar gaitu? –

Ane Iturzaetak sarean.eus atarian.

Seguraski jada jakingo duzu zerbait 2023ko lehen bonba teknologikoaren inguruan: ChatGPT. Sare sozialak eta komunikabideak oso gutxi erabiltzen dituen horietakoa bazara ere, gure egunerokotasunean (mundu analogikoan, eta ez digitalean), hala nola  eskolan, unibertsitatean, lan-inguruan edo pintxo-potean gai errepikakorra izan da azken asteetan.

Nahiz eta sarritan entzun duzun arren, nire helburua ChatGPT teknologiaren hurbilpen zehatzago bat ematea da, ulertu dezazun (oso erraz, lasai) zer den eta nola erabili dezakegun. Eta noski, erantzukizunari buruz hitz egitea oso aproposa iruditzen zaidanez, hausnarketa batzuk plazaratuz emango diogu amaiera artikuluari. Has gaitezen, beraz!

.

Zer da ChatGPT?

ChatGPT 2022. urtearen amaieran OpenAI enpresa estatubatuarrak kaleratu zuen chatbot bat da.

Zer da chatbot bat? Software aplikazio bat da, pertsona bat balitz bezala erabiltzaile batekin hizkuntza naturalean elkarrizketa bat edukitzeko prestatuta dagoena (ahotsez edo idatziz). Seguraski, inoiz topatu duzu horrelako bat enpresa edo erakunde batekin telefono bidez kontaktatu duzunean, ala web orri batean “laguntzarik behar al duzu?” azaldu zaizunean. Chatbotez inguratuta gauden harren, ChatGPT-ek denei aurre hartu diela ematen du eta erabat txundituta utzi gaitu bere gaitasunak.

Zein da ChatGPT-aren berezitasuna? ChatGPT (Chat Generative Pretrained Transformer) Interneteko milioika daturekin entrenatuta dagoen chatbota da. Berezitasun handiena da -eta barkatu hau teknikoegia bada- Hizkuntza Modelo Handietan (ingelesez, Large Language Models, LLMs) oinarrituta dagoela, tresnaren gaitasun generatiboarekin batera. Hau da, gure galdera edo eginkizuna ulertzeko eta bere kaxa erantzun berri bat sortzeko gai da. Horri esker, makina bat zeregin egiten ditu, hala nola, galdera konplexuak erantzun (adibidez, 2023ko MIReko azterketa gainditu dezake), eduki berria sortu (gutun bat edo poema bat sortzea kasu , gero ikusiko dugun bezala) eta gainera hori dena hainbat hizkuntzatan egiteko gai da.

Hainbeste jakinda, ba al daki euskaraz? Adimen artifizialeko kasu guztietan gertatzen den bezala, teknologia hauek entrenatzeko erabiltzen diren datuetan dago gakoa. Hau da, geroz eta datu gehiago erabili eta horiek gainera kalitate onekoak badira, aukera gehiago daude emaitza hobeak lortzeko. Kasu honetan, esan dugun bezala, ChatGPT Interneteko datu publikoekin entrenatuta dago (oraingoz 2021 arteko datuekin). Beraz, badakigu euskarazko berriak, artikuluak, dokumentuak, abestiak… ikasi dituela. Euskaraz hitz egiten badiozu, ikusiko duzu erantzungo dizula. Hala ere, eta gero ikusiko dugun bezala, ez da perfektua. Eta are gutxiago euskaraz, hizkuntzak berez dituen ezaugarriengatik eta ikasteko beste hizkuntza askok baino eduki gutxiago izan duelako.

Hemen adibide bat:

ChatGPT: zer da eta zenbateraino beldurtu behar gaitu?

Frogatu zuk zeuk: https://chat.openai.com/

Zergatik egin da hain famatua? ChatGPT teknologiaren demokratizazioaren adibide bikaina da. Azken batean, gizarte osoarentzat dago eskura, eta ez bakarrik arlo teknikoko adituentzat: edozeinek adimen artifiziala erabiltzeko aukera du, ordenagailu edo mugikorretatik, oso erraz eta dohainik. Hala ere, erabilera areagotzen joan den heinean, hainbat eztabaida sozial, legal eta filosofiko azaleratu dira, zeinak gure bizitza eta gizartea baldintzatzen duten. Esango nuke orain puntu horretan aurkitzen garela.

.

Nola erabili dezakegu egunerokotasunean eta enpresa arloan?

Adimen artifizialari buruz hitz egitean oraindik askok etorkizunari eta zientzia fikzioari buruz hitz egiten duten arren, hau dena oraina eta erabat erreala da. Aurreko artikulu batean adimen artifizialaren hainbat aplikazio erreali buruz hitz egin nuen, interesatuz gero, hemen duzu esteka: Adimen artifizialaren aplikazioak eta 2023ko tendentziak – Sarean .eus.

Gauzak horrela, ChatGPT gure egunerokotasunean edo arlo profesionalean erabili dezakegu, hemen adibide esanguratsu batzuk:

  • Hezkuntzaren pertsonalizazioa: horrelako teknologia batek ikasleen ikaskuntza prozesua pertsonalizatzen lagundu diezaioke irakasle bati. Hala nola, gai berdinaren inguruan maila ezberdinetako galderak eta ariketak presta ditzake ikasleentzat, eta gainera galdera horiek zuzentzen lagundu. Halere, irakasleak ez dira teknologia baliatu dezaketen bakarrak. Ikasleak ere adimen artifizialaren onuradunak dira. Geroz eta hezkuntza-zentro gehiago ari dira ikusten ikasleek etxeko-lanak eta proiektuak egiteko ChatGPT erabiltzen dutela. Eta puntu honetara iritsita, iritzi polarizatuak daude: ChatGPT hezkuntzan debekatu eta kontrolatu behar dela esaten dutenak, eta hori ezinezkoa dela uste dutenak eta aldiz ariketak eta ikasteko modua errealitate honetara egokitu behar dela uste dutenak. Zein da zure iritzia?
  • Langileen ekoizkortasuna: geroz eta enpresa pribatu eta erakunde publiko gehiago ari dira ikusten eguneroko zeregin askotarako erraztasuna eta azkartasuna ekar ditzakeela. Adibidez, dokumentuak itzuli, laburtu eta aztertzen lagun gaitzake. Baita ere barne ezagutzarekin entrenatu dezakegu (modu seguruan eta konfidentzialtasuna bermatuz) eta edozein galdera erantzuteko gai izango da, informazioaren irisgarritasuna handituz. Baina, ezin da ukatu honek ere eztabaida sakona dakarrela berarekin. Izan ere, hainbat zeregin “robotiko” egiteko gai bada eta gure erakundeari buruz dena ikasten badu, zer gertatuko da langileekin? Hausnarketa interesgarri bat uzten dizut hemen: Adimen artifizialak lanik gabe utziko nau? – Sarean .eus (Xabi Mtz. De Arbulo). Ikusiko dugu ea zein den joera…
  • Sormena: betidanik esan izan da ordenagailuak gauza asko egiteko gai izango zirela, baina inoiz ez zutela gizakia gaindituko sormen arloan, ordenagailuek ezin dutelako sortzaileak eta originalak izan. Baina, ChatGPT bezala Adimen Artifizial Generatiboaren barnean dauden teknologiek sortzaileak izateko gaitasuna dutela demostratu digute. Jada ipuinak, poemak eta abestiak, eta baita ere marketineko eslogan erakargarriak segundo gutxian sortzeko gai da.

Adibidez, Donostiako auzoei buruz bertso bat sortzeko esaten badiogu (“sortu bertso bat donostiako auzoei buruz”), honako hau eskaintzen digu:

ChatGPT: zer da eta zenbateraino beldurtu behar gaitu?

Zuk zeuk epaitu… ez da perfektua, baina ziur nago zu ere ados zaudela lehenengo saiakera bezala ez dagoela bat ere gaizki.

.

Baina orduan… non dago eztabaida?

Zer den eta zer egiteko gai den ikusi dugun heinean, ChatGPT-aren mugei buruz hitz egitea ere oso garrantzitsua da, nahiz eta artikuluan zenbait alditan aipatu eta hausnartzera animatu zaituztedan arren.

Lana eta etorkizuna: lehen gai honi buruzko gogoeta adimen artifizialak langileen ekoizkortasunean lagun dezakeenaren inguruan zentratu dugu eta artikulu gomendagarri bat aurkeztu dut. Egia esanda, ez daukat iritzi garbirik honen inguruan, ez dakigulako teknologiak nola eboluzionatuko duen, eta batez ere, zein izango den enpresetan eta gizartean izango duen bilakaera erreala.

Teknologia inperfektua eta egia absolutua: aurrekoarekin lotuta, eta benetan teknologiak pertsonok ordezkatu gaitzakeen ebaluatzeko, garrantzitsua da esatea ChatGPT (eta horrelakoak) erabat inperfektuak direla. Dagoeneko probatu baduzu, edo besterik gabe nire adibideak irakurri badituzu, ohartuko zinen ez dela perfektua eta okerrak egin ditzakeela. Azken batean, Interneteko milioika datuekin entrenatuta dagoenez, sisteman dauden akatsak ere ikasten ditu, eta, maiz, informazio kontraesankorrekin jarduten du. Horrekin lotuta, ChatGPT-ek ez duela egia absolutua esango azpimarratu beharra dago. Azken batean, mundu osoko iritzi askoren nahasketa bateratua aurkeztuko du, zeinak ez duen zertan egia absolutua izan behar. Horregatik, teknologia generatiboak erabiltzean, gizakien eskuzko berrikuspena egitea gomendatzen da, akats horiek saihesteko helburuarekin.

Erantzukizuna: nahiz eta filosofiari eta legediari buruz asko jakin ez arren, ohar batzuk egitea gustatuko litzaidake, batez ere azken aldian egon diren berri eta zalaparten harira. Artikuluaren hasieran, ChatGPT-a probatzeko web orri ofizialaren esteka idatzi dut. Behin izena eman ostean, zerbitzuaren baldintzak onartzeko eskatuko dizu tresnak (gaur egun, web orri eta aplikazio askotan azaltzen den bezala) eta seguraski bat ere pentsatu gabe baiezkoa emango diozu. Jakin dezazun, baldintzak onartzean, zuk egindako galderak ChatGPT berriro entrenatzeko erabiliak izango dira. Azken hau larria izan daiteke enpresen eta erakunde publikoen datuak bidaliz gero. Pentsa mediku batek txosten baten laburpena egin nahi duela, eta paziente baten historia klinikoa bidaltzen duela. Hori izugarrizko arazoa izan daiteke, datu horiek jada burujabetasuna galdu dutelako. Kontuz honekin, azken batean erantzukizun indibiduala ere izan behar dugu, batez ere datu pribatuekin lan egitean. Azken adibide esanguratsuak, bi aipatzearren:

Hau guztia ikusita, nire ustez, irtenbidea ez da ChatGPT debekatu eta alde batera begiratzea, aldiz teknologia pixkanaka ezartzea, ondorengoa kontuan hartuta.

Datu pribatuak eta konfidentzialak bermatu behar dira, batez ere erakunde publiko eta pribatuen alorrean, hauek ere ChatGPT eta antzeko teknologien abantailak eta ekarpenak baliatu ditzaten. Orain arte, ChatGPT-aren doako bertsio publikoari buruz hitz egin dugun arren, Microsoft-ek bertsio enpresarial eta segurua komertzializatzen du, erakundeei zerbitzua emateko helburuarekin. Eta, Microsoft-en gai honetan aditua naizen neurrian, zin egiten dizuet, Estatu mailan enpresa eta erakunde publiko asko ari direla ChatGPT-a erabiltzen; bai langileentzat, bai bezeroekin harremantzeko.

Azken finean, hezkuntzaren kasuan ikusi dugun bezala, argi dago teknologiak gizartean bizi eta lan egiten dugun moduan eragin handia duela. Beraz, nire ustez, adimena ireki eta iraultza honetara egokitu beharko gara, haren ekarpenak aprobetxatzeko, beti ere erantzukizunez jokatuz. Bide horretan, erakunde publiko eta legegileen papera ezinbestekoa da, erabilera hauek erregulatzeko eta jokabide desegokiak zigortzeko.

Azkenik… ezetz asmatu zein den artikuluaren izenburuaren egilea? Ba, noski, ChatGPT-a ?

ChatGPT: zer da eta zenbateraino beldurtu behar gaitu?

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.