CAF-Elhuyar sariketaren 30. edizioko sariak banatu dira “konta(kta)tu” lelopean

CAF-Elhuyar sariketaren 30. edizioko sariak –

  • Ander Tobalina Novo, Antton Babaze Aizpurua, Uzuri Albizu Mallea, Enekoitz Telleria Sarriegi eta Mikel Ojinaga Juárez dira sarituak.
  • Sorkuntza-beka FEMIAS KOLETIBA taldeak aurkeztutako FemPRONT proiektuak jaso du. Alejandra Bueno de Santiago, Laura Martinez Martin eta Aiskoa Perez Alonsok osatzen dute taldea.
  • CAF-Elhuyar merezimendu-saria Miren Basaras Ibarzabalentzat izan da, euskarazko dibulgazioan erreferentea delako, mikrobiologiaren eremuan bereziki.

CAF-Elhuyar sariketaren 30. edizioko sariak “konta(kta)tu” lelopean banatu dira gaur Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia). Hain zuzen ere, bi helburu ditu sariketak: egileak (zientziazaleak, zientzialariak, eragileak) beren jakintza, ikerketa edo egitasmoen berri ematera bultzatzea, kontatzera gonbidatzea alegia; eta, horrekin batera, jendearen kezkei, beharrei edo interesei erantzutea, hau da, gizartearekin konektatzea.

Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin. Hogeita hamargarren edizio honetan 38 lan jaso dira eta parte-hartzea orekatua izan da generoaren aldetik. Epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:

Dibulgazio-artikulua kategorian, Ander Tobalina Novo gasteiztarrak irabazi du saria, “Arau berriak, jostailu berriak” izeneko artikuluarekin. Lana saritzeko orduan, epaimahaiak nabarmendu du gaurkotasun bete-beteko gai bati heldu diola egileak, eta argi erakusten duela teknika berriek esparru berriak irekitzen dituztela. Horrez gain, azpimarratu dute ezen, fisika kuantikoa berez azaltzen zaila bada ere, artikulua erraz eta gustura irakurtzen dela.

Doktore-tesiaren artikulua kategoriako saria, berriz, Antton Babaze Aizpurua irundarrak eskuratu du, “Argi ibili kuantikarekin” lanari esker. Kasu honetan, egileak transmititzen duen pasioa azpimarratu nahi izan du epaimahaiak. Artikulua, idazketa aldetik, argia eta irakurterraza iruditu zaie, eta adibide erakargarriak erabili dituela ere nabarmendu dute.

Kategoria honetan, halaber, beste lan bat gailendu nahi izan du epaimahaiak, aipamen bereziaren bidez. Uzuri Albizu Mallea gasteiztarra izan da saritua, “Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuen kartografia” lanarekin. Lan honek balorazio ona jaso du, diziplinartekotasunaren adibide bikaina delako, tesia ondo azalduta dagoelako, eta matematikari buruzko beste ikuspegi bat eskaintzen duelako.

Zientzia-kazetaritza kategorian, “Silfioaren enigma” lana izan da saritua. Enekoitz Telleria Sarriegi segurarra da egilea, eta, epaimahakideen iritziz, egileak asmatu du jakin-mina pizten gai ezezagun bati buruz. Hain zuzen ere, zientzia-dibulgazioko ohiko gaietatik ateratzen da, eta, hari buruzko informazioa lortzeko, detektibe-lana egin behar izan du. Hala, iturri oso desberdinak erabiltzen ditu: zientzia, poesia… Berezko estiloan, pieza gozagarri bat osatzea lortu du epaimahaikideen ustetan. Artikulua BERRIA egunkarian argitaratu zuten iazko ekainean.

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du NEIKER sariak, eta aurtengo saritua Mikel Ojinaga Juárez bermeotarra izan da, “Birusen aurkako gudari irrabarratsua” lanari esker. Kategoria honetako epaimahaikideek nabarmendu dute gaiak garrantzi handia duela sektorean eta egileak oso argi azaldu duela zein den arazoa eta nola egin aurre. Gainera, argazki ugariz eta esanguratsuz jantzi du testua. Finean, dibulgazio-lan ona egin duela iritzi dio epaimahaiak.

Saridun guztiek 2000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

Sariez gain, 5000 euroko dirulaguntza ere ematen du CAF-Elhuyar sariketak zientziaren eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, FEMIAS KOLEKTIBA taldeak aurkeztutako FemPRONT proiektuak jaso du sorkuntza-beka.

Genero-arrakalarik gabeko adimen artifizialeko TEXT-TO-IMAGE irudiak sortzeko gida interaktibo baten digitalizazio-proiektu artistikoa da FemPRONT, eta, epaimahaikideek esan dutenez, bereziki erakargarria da puri-purian dagoen arlo bati buruzkoa izatea eta genero-ikuspegia izatea haren ardatza.

FEMIAS KOLEKTIBA taldea honako hauek osatzen dute: Alejandra Bueno de Santiago, Laura Martinez Martin eta Aiskoa Perez Alonso.

CAF-Elhuyar merezimendu-saria

Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du euskaren normalizazioan eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzeko. Hogeita hamargarren edizio honetan, Miren Basaras Ibarzabalek jaso du aitortza hori, euskarazko dibulgazioan erreferentea delako, mikrobiologiaren eremuan bereziki. Patronatuak aintzatetsi nahi izan du COVID-19aren pandemiaren garaian gaixotasuna ulertarazteko eta prebentzio-neurriak hartzeko egin zuen lana, modu ulergarrian beti, alarmarik piztu gabe eta ikuspegi sozial handiarekin. Eta, horretaz gainera, euskarari eta euskarazko hedabideei emandako lehentasunezko tratamendua azpimarratu nahi izan du Patronatuak.

Epaimahaikideei dagokienez, hauek epaitu dituzte dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillango, kazetaria eta idazlea; Idoia Torregarai Martija, UEUko komunkazio-arduraduna; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arlo-arduraduna. Neiker sariaren irabazlea, berriz, hauek aukeratu dute: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.

Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak honako hauek epaitu dituzte: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna; eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.

Sorkuntza-beka 2023

Saridunak ezagutzeaz gain, aurreko urteko sorkuntza-beka irabazi zuten proiektuak ikusteko aukera izan da ekitaldian bertan. Iaz, bi proiektuk jaso zuten sorkuntza-beka, erdibana. Izan ere, biek zuten xede bera: adimen artifizialaz hausnartzea. Hala, “Semiosi-genesi” proiektuan, Jon Sánchez Carrascok adimen artifizialaren mitologia sortu du, eta, adimen artifizialeko tresnak erabilita, komiki bat egin du. Bestean, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren “Ia dena” proiektuan, jardunaldi batzuk egin dituzte adimen artifiziala aztertzeko ikuspegi desberdinetatik. Jardunaldiaren ondorioak poema gisa aurkeztu dituzte ekitaldian.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude