CAF-Elhuyar sariak: Otsailaren 17ra arte dago irekita lanak aurkezteko epea
CAF-Elhuyar sariak: Otsailaren 17ra arte dago irekita lanak aurkezteko epea
|
Hauek dira CAF-Elhuyar sarien helburuak: zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko gizarteratzea aitortzea eta bultzatzea. Horrenbestez, horretan dabiltzan ikertzaileak, zientzia-zaleak, kazetariak eta sortzaileak animatu nahi ditugu, sariketan lanak aurkeztera. Otsailaren 17an amaitzen da epea!
Kategoria hauek ditu sariketak:
- Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat eskuratuko du.
- Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 eurorekin eta eskulturarekin saritzen da.
- Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasotzen du, baita eskultura ere.
Horrez gain, aurten beste sari bat dago, lehen sektoreari lotutako lanentzat. Hain zuzen ere, CAFek eta Elhuyarrek elkarlanean antolatzen duten sariketa honek bidelagun berria du, NEIKER, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea. Ikerketan euskararen erabilera bultzatzeko asmoa du NEIKERek, eta, horren erakusgarri, sariketaren babesle bihurtu da.
Oinarriak eta informazio guztia, cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean.