[Buru Ariketa] Kolore gorriari buruzko galdetegia
[Buru ariketa] Kolore gorriari buruzko galdetegia –
Zientzia Kaiera atariak dozena erdi ariketa proposatu ohi ditu udarako, eta horrela egiteko asmoa du aurten ere. Abuztuan, astelehenero ariketa bat jarriko dute webgunean -jada eskegia duzu bateren bat-, eta irailean emango omen dituzte erantzunak.
EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren blogak eredu bera erabili izan du aurreko bi urteetan ere, eta salabardoari iazko ariketak berreskuratzea otu zaio, oraindik egin gabe dituzun horrentzako. Igandero bat eskegiko dugu leiho honetan, aurreko ariketaren erantzunarekin batera.
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta udako oporretan egiteko astero ariketa matematiko bat izango duzu; Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta datorren astean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
.
.
KOLORE GORRIARI BURUZKO GALDETEGIA
(4. ariketa)
Galdetegi batean ea kolore gorria gustuko duten galdetu diete hainbat laguni. Gizonen %2k eta emakumeen %59k baietz erantzun dute. Denak batera hartuta, %17 dira baiezko erantzunak. Zenbat lagunek erantzun dute galdetegia, gutxienez?
.
Hirugarren ariketaren erantzuna (Osatu zenbakiak ipiniz):
Alboko irudian ikus daitekeen hauxe da erantzun zuzena.
Kanpoko zuzenkietako zenbakiak batuta 144 lortzen da. Erpinetako zirkuluetan dauden zenbakiak bi bider agertzen dira batura horretan, bakoitza zuzenki bitan agertzen delako. Erpinetako zirkuluetako zenbakien batura 72 da, beraz.
Barruko zuzenkietako zenbakiak batuta 116 lortzen da. Hor erpin bakoitzeko zenbakia behin agertzen da eta erdiko zirkulukoa lau bider. Kanpokoen batura 72 denez, 116-72=44 egin eta horren laurdena da erdiko zirkuluko zenbakia, 11. Behin hori ezagututa, besteak berehala betetzen dira.