Bizikleta elektrikoa: ez dabil berez eta ez da lasterrena, baina bikoteak elkartarazten ditu

Bizikleta elektrikoa –

Amatiñok bere blogean.

Behar bada izango da norbait nonbait, baina ez dut inor ezagutzen bizikleta elektrikoa probatu eta hartaz gaizki esaka ari denik. Askotxo ezagutzen dut, ostera, inoiz ere probatu ez arren bateriadun txirrindua arbuiatzen edo mespretxatzen (1) duenik. Sekula bizikleta elektrikoan ibili ez denak ez daki zertaz ari den.

Bizikleta elektrikoa: ez dabil berez eta ez da lasterrena, baina bikoteak elkartarazten dituBizikleta elektrikoaren gainean inoiz ere ibili ez arren haren aukerak eta baliabideak kritikatzen dituztenak bi taldetan bereizten ditut nik. Batetik, nahiz bizikletaz ibiltzen jakin, ez bizikletarik eta ez zaletasunik ez dutenak. Bestetik, gutxi zein asko txirrinduzale direnak eta, bizikletaren jabe izateaz gainera, noizik behin -edo sarri- ibiltze aldera atera ohi direnak errepidez edo mendizidorrez

Lehenengoen artean nagusi dira txirrindu elektrikoaren eta betidaniko motozikletaren arteko aldea nabaritzen ez dutenak. Ez dira zehatz jabetzen, bizikleta elektrikoa, lehen eta behingoz, bizikleta baino ez dela.  Pedalei eragiteari utziz gero bertan behera geratzen den bizikleta, argindarraren laguntzaz orduko 25 kilometroko abiadaraino heldu daitekeena, eta ez matrikularik eta ez ezelango baimenik behar ez duena.

Uste ere, oker uste dute, bizikleta elektrikoa ohiko normala baino lasterragoa dela, bizkorragoa eta, ondorioz, arriskutsuagoa ere. Hau da, “logika handiz” pentsatzen dute, txirrindulariaren ohiko pedalkadari motor elektrikoaren indarra ezarriz gero, bizikleta elektrikoak beti  izan behar duela ez-elektrikoa baino lasterragoa. Baina ez da egia. Gezurra dirudien arren, bizikleta elektrikoa eta ez-elektrikoa elkarren lehian jarriz gero, motorraren laguntzaz doanak agian irabaz lezake noizbait maldan gora, baina sekula ez, aldiz, ordekan eta maldan behera, nahiz motorra ahalik eta indartsuen jarri.

Haatik, ohiko txirrinduzaleen kritika bestelakoa da. Betidaniko bizikletazale “benetalariek”  badakite zeintzuk diren txirrindu elektrikoaren ahalmenak eta ezinak. Haien gutxiespena filosofikoa da eta bizikleta elektrikoaz dabilen txirrindularia gutxiesteko tentaldia izan ohi dute, benetakoa ez delakoan, nork bere burua engainatzeko modua-edo, iruzurantza. Ez dakit, ordea, non den iruzurra. Halaxe izango litzateke inork inor engainatu nahi izango balu, motor elektrikoa ezkutuan joango balitz, isilpeko kontua balitz (2), baina ez da inondik ere horrelakorik. Zergatik motozikleta (edo motoa, edo autoa) ez da iruzurra,  eta bizikleta elektrikoa, ordea, bai?

Bizikleta elektrikoak barrena hogei urteko “bizitza” luza diezaioke adinez aurrera doan mendi-txirrinduzaleari. Bizikleta elektrikoaren erabilerak belaunaldiarteko “lagundia” bideratzen du. Bizikleta elektrikoak ahalmen fisiko desberdinetako lagun-taldeak elkartzen ditu. Bizikleta elektrikoak sekula txirrindu gainean elkarrekin atera ez diren bikoteak elkartarazten dihardu.

1) Hainbat giputzi Bizkaiko txakolinaz gertatzen zaion berbera.

2) Dopaje teknologikoa

Bizikleta elektrikoa: ez dabil berez eta ez da lasterrena, baina bikoteak elkartarazten ditu
Tourmaleten gora, 79 urteko agure zaharra iruzurretan…

Bizikleta elektrikoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude