Bi mendetan bete da Jules Vernek mila urterako egindako iragarpenen erdia

Bi mendetan bete da Jules Vernek mila urterako egindako iragarpenen erdia –

Amatiñok bere blogean.

Guztiz jakinekoa da zein aurrerapen handia izan duen teknologia-garapenak XIX. mendetik aitzina. Baina, aurrerapena bera nabarmena bada ere, areago aurrerakuntza horrek nozitu duen azeleratze ikaragarria.

Bi mendetan bete da Jules Vernek mila urterako egindako iragarpenen erdia

Gudaroste sumeriarrak (3.000 urte K. a.) eta Zumalakarregiren agintepeko karlista-samaldak (duela 200 urte baino ez) abiada beretsuan mugitu ohi ziren, zaldiaren lasterrean alegia. 1990eko Golkoko Gerra, ostera, argiaren abiadan gertatu zen. Hau da, bost mila urte igaro ziren animaliez tiratutako lehen orgak agertu zirenetik lurrun-lokomotorra (1825) asmatu arte, eta 200 urte baino ez, aldiz, geroztik lehen konputagailu elektronikoa (ENIAC, 1945) abian jarri arte.

Egun badakigu zientziaren garapena eta teknologia berrien etengabeko sorkuntza bezain garrantzitsua dela asmakizunon gizarteratze praktikoaren azkartasuna. Eta, nonbait, Jules Verne ez zen antza honetaz jabetu. Nobelagilerik unibertsalenak bete-betean iragarri zituen noizbait asmatuko ziren teknologia berri asko eta asko, baina, haatik, ez zuen horrenbeste atzeman epeak proposatzerakoan.

“Zientzia fikzioaren aitak” berrogeita hamarren bat idazlan burutu zituen 1863tik 1905era bitartean, zientziaz, teknologiaz, historiaz, bidaiez zein denetariko abenturez, baina bada nolabaiteko ipuin bat, “Kazetari amerikarraren jardunaldia 2889 urtean”, non, Michel semearen laguntzaz, laburbildu zituen etorkizunera begira iristear zeuden hainbat aurrerapen teknologiko.

Besteak beste, telekomunikazio aurreratuak (telefono, irrati, telebista, bideo-deiak, “teleskopio fonografikoak”, proiekzio holografikoak zein nolabaiteko podcastak), geoingenieritza (baliabide naturalen, ingurumenaren eta esparru klimatizatuen kudeaketa), garraiobide lasterrak (banakako ibilgailu bizkorrak, hegazkinak nahiz abiada azkarreko trenak eta espaloi mekanikoak), energia berriztagarriak (eguzki eta itsas-indarrez), ezagutzaren zentralizatzea (interneta, datu-baseak), medikuntza aurreratua (bizitzaren luzapena, osasun-teknologia, elikadura artifiziala) eta bidaia luzeak (kontinenteen, itsaspeen zein planeten artekoak). Hau guztia 1889an igartzeak badu meriturik, baina kontua da, ordea, 2889 urterako iragarri zuela. Nolatan, baina, hain berandurako?

Jakinekoa da Jules Vernek bere garaiko zientzialari, ingeniari, teknologo eta astronomoekin harreman estuak izan zituela, informazio ona erabili izan zuela eta, beti ere, “errealitate” zientifikoaren goiari eusten ahalegindu zela. Vernek ez zuen zientzia-fikzioa oinarri gabeko fantasia* moduan ulertu,  zientziaren garapen gertagarritzat baino. Segurutik Verne ausartu zen esatera, bere inguruko zientzialariek sekula euren kasa esango ez luketena, baina ukatu ere, inoiz ukatu ez ziotena. Aldea zera zen, zientzialariek, hainbat aurrerapen eta garapen sumatzen lehenak izan arren, nekez azal zitzaketela segurutzat frogatu arte. Aitzitik, oinarrizko informazio berberaz edo gutxiagoz, baina irudimen eta interpretazio aske samarraz, nobelagileak ezustekoak proposatu zituela, bere lizentzia bestelakoa zenez gero eta inork galbahe zorrotzegirik ezarriko ez ziolakoan.

Verne ez zen askorik tronpatu asmakizunak iragartzerakoan, bai, ordea, epeak zehazterakoan. Hain zuzen ere, zientzialariek sekula aurreratu ez zizkioten epeetan. Funtsean, Jules Verne bere garaiko semea izan zen, eta inguruan ezagutu izan zituen zientzialari, teknologo eta ikertzaileen garaikide. Denek ere bazekiten inoizko asmamen esponentzialen ataritan zeudela, baina sekula ez zuten atzeman, ordea, azeleratzea hain handia izango zenik. Asmakizunak sumatzeko ikuspegi aurreratua izan zuten, baina epeak finkatzerakoan oso zuhur jokatu zuten.

Bi mende baino ez dira Julio Verne hil zela eta, honezkero, egia bilakatu da mila urterako egin zituen iragarpenen erdia. Batek daki, martxa honetan, zientziak eta teknologiak zer aurrerapen egingo ote duten hurrengo zortzirehun urteetan. Denbora asko da. Orain dela zortzirehun urteko teknologiarik aurreratuenak izan ziren, nabigazioko konpas magnetikoa, erloju mekanikoa, errota hidraulikoa, burdinazko armadura eta katedral gotikoa, artean ez zen paperik Europan eta pergaminotan idazten zen. Azken bi mendeotako proportzioan jarraituz gero –eta “puxtarri” asko dago horretarako– benetan izugarria izango da hurrengo urteetako aurrerapen teknologikoa. Irudikatezina.

* Garai berekoa da Herbert G. Wellsen “Denboraren makina” ospetsua (The Time Machine, 1895), fantasia hutsa, erabat ezinezkoa, batere oinarri zientifikorik gabe eta moralkeriaz josia.

Bi mendetan bete da Jules Vernek mila urterako egindako iragarpenen erdia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude