Berogailua alferrik ez erabiltzeko ekidin beharreko 10 ohitura
Berogailua alferrik ez erabiltzeko ekidin beharreko 10 ohitura
Hotza heldu dela-eta, berogailua gehiegi erabiltzea eragiten duten hamar ohitura txarreko zerrenda egin du eldiario.es hedabide espainiarrak. Atzo argindarra nabarmen garestitu dela kontutan izanda, neguaren gorrienean, geure modura euskaratu eta ohiturak alda ditzagun zerrenda ZUZEUra ekartzea otu zaigu.
Esan beharrik ez dago ohitura hauetako batzuk kaltegarriak direnaz jabetzen garela, eta badakigula hauek aldatzea baino ez genukeela behar berogailua behar baino gehiago ez erabili eta aurrezteko; alta, denok dakigu zein zaila den jada barneratuak ditugun ohiturak aldatzea. Kasu beraz, hemen agertzen direnak ohitura txarrak dira-eta, ekidin beharrekoak.
.
Berogailua alferrik ez erabiltzeko ekidin beharreko 10 ohitura
1- Etxearen isolamendua sekula berraztertu ez.
Begiratu duzu inoiz etxeko leihoek ondo ixten duten, aire hotza sartzeko edo beroa irteteko zirrikiturik ote duten; atearen orpoa ondo ahokatua dagoen? Itxiduretan zinta isolatzailea jartzeak lagun zaitzake etxe barruko berotasuna mantentzen, leihoak eta egurrezkoak direnean batez ere.
Beroa galtzeko erraztasuna duten etxeko ormetan geruza isolatzailea jartzea ere ondo etor daiteke, kalera ematen duten ormetan bereziki. Zoruan, kortxoa erabil dezakezu, eta teilatupean, sabai faltsua.
.
2- Etxea goizean egurastu
Egia da etxeak aireztatu beharra duela, txikia bada gehiago, baina kanpoan hotz izugarria eginez gero, agudo galduko dugu berotasuna. Beraz, ahal izatekotan, hobe duzu eguerdian aireberritu, batez ere eguna eguzkitsua bada. Eta ezinezkoa baduzu, usai txarrak erretzen saia zaitezke, kandela edo intsentsu bidez.
.
3-Egunez pertsianak jaitsi kanpoan garen bitartean
Askok duzue lanera joan aurretik pertsianak jaitsi edo errezelak ixteko ohitura, auzokoak kuxkuxean ibili ez daitezen edo lapurren beldur direlako. Neurri honekin eguzkiaren beroari etxera sartzea eragotzi eta berau hotz mantentzen dugu; berogailuak lan handia egin beharko du gero.
.
4- Gauez pertsianarik ez jaitsi
Kontrara, gauean komenigarria duzu errezelak itxi eta pertsianak zarratzea beroak ihes egin ez dezan, beirak eta leihoak izan ohi baitira etxeko punturik ahulenak isolamenduari dagokionean.
.
5- Gelak irekita izatea bertan ez gaudenean
Berogailuak martxan eta gela guztiak zabalik direnean asko handitzen da berotu beharreko bolumena. Batzuetan, gela horietako batzuk lotarako baino ez ditugu erabiltzen (edo une labur baterako baino ez, komunen kasuan). Kasu horietan hobe duzu logelako berogailua lotaratu aurretxoan piztu.
.
6- Erabiltzen ez ditugun geletako berogailuak itzali ez
Batzuetan ixten ditugu erabiltzen ez ditugun gelak, baina berogailuak martxan direla. Gauean baino ez baditugu erabiltzen gela horiek, alferreko gastua egiten ari gara.
.
7- Etxetik joaterakoan termostatoa itzali
Kanpora goazela-eta, termostatoa hutsean jartzen duzu, oso txarto. Modu horretan etxea erabat hoztu arren ez da berogailua piztuko, eta bueltatzean indar handiarekin berotu beharko du. Komenigarriagoa duzu termostatoari muga batzuk jartzea, etxea izoztu ez dadin.
.
8- Etxea kolore ilunez margotu
Ados, gris ilun samarrak bogan daude; baina eguzkiak etxea berotzea nahi badugu, ez dira batere aproposak. Leihotik sartzen diren izpiak xurgatzen ditu kolore ilunak; horretxegatik, hain zuzen ere, izan ohi dira zuriak etxeetako ormak.
.
9- Etxe barruan erdi biluzik ibili
Ados, eroso ibiltzea gauza ederra da, baina etxe barruan egonik ere etxe barruan arroparik gabe bazabiltza, berogailuak berotu beharko zaitu. Pijama edo txandal txukunik ez duzu? Edo galtzerdi eta etxeko bata erosorik?
.
10- Hotzaren atalase-maila altua mantendu
Gorputzak sekulako gaitasuna du edozein egoeratara egokitzeko, besteak beste tenperatura ezberdinetara. Beraz, muturreko hotz edo beroetara ohitzera hel gaitezke. Badago 24 gradutik behera hotza sentitzen dutenak, baita 19 gradurekin gustura daudenak ere.
Norberaren metabolismoak zerikusia du honetan, baita ohiturek ere. Komeni zaizu zure hotzaren atalase-maila aurkitzea, eta behin ezagututa apur bat beherantz estutuz gero, hobe; poltsikoak eskertuko dizu.