“Begiratu urrunera” lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak

“Begiratu urrunera” lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak –

  • Judith Zubia Aranburu, Mattin Urbieta Galarraga, Iñaki Sanz Azkue eta Aitor Garmendia Etxeberria dira sarituak.
  • Sorkuntza-beka bi proiektuk jaso dute, epaimahaiak beka ex aequo ematea erabaki baitu. Proiektuetako bat “Semiosi-genesi” da, Jon Sánchez Carrascorena; bestea, “Ia dena”, Xabier Gantzarain Etxaniz, Aitor Bengoetxea Odriozola eta Garazi Lazkano Juaristirena.
  • CAF-Elhuyar merezimendu-saria Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du, euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.

Begiratu urrunera” lelopean banatu dira gaur CAF-Elhuyar sariak Usurbilgo Sutegi aretoan. Aurtengo leloaren mezua Isaac Newtonen esaldi honi lotuta dago: “Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da”. Hain zuzen ere, hori da ezagutza zientifikoaren muina: hutsetik sortzen duen jenioaren estereotipoa alde batera utzita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dute ikertzaileek, urrunera, aurkikuntza berriak egiteko.

Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin. Helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.

Edizio honetan 41 lan jaso dira, eta epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Judith Zubia Aranburu arrasatearrak irabazi du, “Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko” izeneko artikuluarekin. Lana saritzeko orduan, epaimahaiak nabarmendu du gaurkotasun bete-beteko gai bati heldu diola egileak, datuen biltegiratze digitalari, eta, arazoa azaltzeaz gain, irtenbide bat ere azaltzen duela modu argi eta ulergarrian. Horrez gain, azpimarratu dute irudiek testua ondo osatzen dutela, eta irudiak egileak berak egin izana ere kontuan eduki dute.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Mattin Urbieta Galarragak eskuratu du, “Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko” lanari esker. Urbieta Debakoa da. Epaimahaiaren iritziz, artikulu osatua eta landua aurkeztu du egileak, eta ondo azaltzen du zertan datzan tesia eta zer ondoriotara iritsi den bere ikerketan.

Zientzia-kazetaritza kategorian, “Dragoi txiki bat egongelako horman” lana izan da saritua. Iñaki Sanz Azkue da lanaren egilea, eta, epaimahaiak nabarmendu duenez, gai garrantzitsu bat landu du hernaniarrak bere artikuluan: klima-aldaketa. Baina, gaiaz harago, zein ikuspegirekin landu duen iruditu zaio azpimarratzekoa epaimahaiari. Izan ere, klima-aldaketari buruzko artikuluek hondamendi-kutsua izaten dute askotan, eta oraingoan, berriz, egileak xumetik eta txikitik heldu dio, eta estilo argia eta atsegina erabili du. Artikulua Gaur8 astekarian argitaratu zuten iazko uztailean.

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du NEIKER sariak, eta aurtengo saritua Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarra da, “Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean” lanari esker. Kategoria honetako epaimahaikideek garrantzi berezia eman diote egileak gaurkotasun handiko auzi bati heldu izanari, eta aintzat hartu dute eztabaida handia sortzen duen gaia izanik eztabaida horretan parte hartzen duten eragile guztiak kontuan izatea artikuluan.

Saridun guztiek 2.000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

Sariez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, bi proiektuk jaso dute sorkuntza-beka, epaimahaiak beka ex aequo ematea erabaki baitu. Jon Sánchez Carrasco donostiarraren “Semiosi-genesi” proiektua da sarituetako bat, eta bestea, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren “Ia dena” lana.

Epaimahaiaren esanetan, bi lan horiek adimen artifizialaren ertzak esploratzen dituzte, eta erabateko gaurkotasuna duen gai bati heldu diote hainbat alderdi uztartuta: artistikoa, filosofikoa, soziala eta teknologikoa. Bi proiektuak osagarriak eta bateragarriak dira epaimahaikideen ustetan; hori da beka ex aequo ematearen arrazoia.

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu izanik. Aurten, Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du aitortza hori, euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.

Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituztenak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillango, kazetari eta idazlea; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arlo-arduraduna. Neiker sariaren irabazlea, berriz, hauek aukeratu dute: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.

Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak honako hauek epaitu dituzte: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna; eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.

Sorkuntza-beka 2022

Saridunak ezagutzeaz gain, aurreko urteko sorkuntza-beka irabazi zuen proiektua ikusteko aukera izan da ekitaldian bertan.

Iaz, Arantzazu Luzarraga Iturrioz bilbotarrak jaso zuen sorkuntza-beka, Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuarengatik. Eskuratutako bekari esker, mapa bat egiteko aukera izan du, eta, ekitaldian egin duen aurkezpen baten bitartez, mapa horrek dakarren informazioa azaldu du. Ekitaldira bertaratu diren guztiek paperezko maparen ale bana jaso dute.

“Begiratu urrunera” lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak

“Begiratu urrunera” lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak “Begiratu urrunera” lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak “Begiratu urrunera” lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.