Aro digitalaren pagotxa
Aro digitalaren pagotxa –
Aro digitalaren pagotxa
(edo eltzean goxo-goxo egosten doan apoaren paradoxa)
Hilak 17an izango da Internet Eguna eta euskal informatikarien biltzarra Donostiako Miramonen UEUk antolatuta. Parada ederra une honetan teknologiaren inguruan puri-purian diren gaiak aztertzeko, batzuetan etsipena gailentzen zaigu egun teknologia hartzen ari den joerarekin, harrapatu egin gaitu bere amaraunean, ezin bestean?
Dohainik eta erraz aplikazio bat deskargatu, bizkor-bizkor baiezkoa eman eta ateak irekitzen dira
Aukera ugari ematen zaizkigu gailu teknologikoetan dohainik edo merke eta erraz aplikazio bat deskargatzeko, bizkor-bizkor baiezkoa eman eta aurrera. Telefono berria erosi dut, deliberatu dut mugikorra, smartphone berria erostea. Luzaro eutsi diot mugikor zaharrari, obsoleszentzia dontsuari gogor egin nahirik, baina makina zaharra pixkanaka itzaltzen ari zen. Fairphonearen aukera aztertu nuen. Itxaron zerrenda zegoen, baina, eta prezioa ez zen pixka bat garestiago, ohiko smartphone merkeenak hiru halako baizik. Aitortzen dut, (prezio)apal erori naizela. “Ez inoiz ordaindu 160 euro baino gehiago smartphonearen truke!”, halaxe zioen telebistako komentaristak, merke-zurrean gabiltza, bai.
Invitación de boda film ederra da ikusgai orain zinemetan. Une batean, bertako protagonistetako batek “Facebook zu espiatzeko” baliatzen dutela esaten dio adiskide palestinar xaloari. Windows 10 gero eta ezaugarri eta erraztasun gehiagorekin dator…, geure ordenagailua Microsoften sukurtsal bat bihurtzearen truke; bide batez, Euskal Herriko Unibertsitateak Microsoft produktuak ditu campusetako fakultateetan. Google indartsu dator ere. Erosi dudan mugikorrak alde ederra ateratzen dio Fairphoneari prezioan, eta prezioari buruzko galdera ere bururatzen zaigu.
Hasierako pantailak oso itxura polita zuen, eta sinkronizazioa oso ona zen argazkien galeria eta Googleko hodeiaren artean
Lehenik ikusi nuen dena hasierako pantailak oso itxura polita zuela, eta sinkronizazioa oso ona zela argazkien galeria eta Googleko hodeiaren artean… ‘zoragarri’. Orduan, galderen eta datuen erromeria hasi zen, kasu! “Onartzen duzu…?”, zuhur jokatu nahi duzu, baina konturatu zarenerako, Bai – Ez pantaila desagertua da keinu laster batean, baita argazkien biltegi lokala hautatzeko aukera ere: Google bihurtzen da ia automatikoki argazkien biltegia; izan ere, telefonoko argazki karpeta lokala desaktibatuta dago. Google posta kontuko kontaktuak mugikorreko kontaktuekin nahasten dira, akabo… pribatutasuna!
Eta aukeratzeko askatasuna? Harriduraz eta amorruz, Garberako elektronika saltoki handi ezagunera itzuli nintzen hurrengo egun batean. Bada, han artatu ninduten. Esan nion zerbitzariari nire telefonoan dena Google produktuak zirela, eta nik, berriz, konpainia horretatik minimoa nahi nuela. Langileak mugikorra hartu eta hor hasi zen pazientzia handiz mugikorraren pantailan botoi joka. Bada, 15 minutuko eragiketa ‘kirurgiko’ horren ondoren, banuen jada Googleko hiruzpalau aplikazio bakarrik zituen mugikorra. Euskaraz eman zidaten zerbitzua gainera gehienean, alajaina, pozik joan nintzen oraingoan! (Helbide eta argazki batzuen pribatutasun galduta, hori bai) Hala ere, ezin eutsi galdetzeari: ez ote gara eltzean goxo-goxo eta pixkanaka egosten ari garen apoak?