“Amattoren Uzta” app berria

Amattoren uzta –

Klis-klasikoak app bildumako hirugarren app-a sortu du Galtzagorri Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin eta Erein argitaletxearen eta Orona Fundazioaren babesarekin: “Amattoren Uzta app”a. Bertan, transmedia kontakizunetara salto egin du Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak. “Amattoren Uzta” (Alberdania, Erein, Igela, 2012) liburuan bildutako 15 istorio tradizionaletako hiruri bizia eman die: Abentura grafiko bihurtu du horietako bat, 360 graduko diseinua eman dio beste bati, irakurlea istorioan bertan sar dadin, eta animazioa eta interaktibitatea eskaini die guztiei. Gainera, jolasten duen bitartean, istorio tradizional hauek entzuteko parada izango du irakurleak. App berri honi lotuta, lehendabiziko transmedia irakurketa kluba burutuko du elkarteak datorren uztailean Orona Fundazioaren egoitzan, Orona Ideon (Hernani, Galarreta). Honen helburua 8-12 urte bitarteko gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzea eta literatura dibertsioarekin lotzea da. Izen ematea zabalik dago ekainaren 22ra arte.

Amattoren uzta“Amattoren Uzta” liburuan Mayi Ariztiak Ipar Euskal Herriko ipuin kontalari zenbaiti entzun eta bildutako ipuinak hartu ditu oinarri Galtzagorrik app berri hau sortzerakoan. Horiek guztiak 1934an argitaratu zituen Ariztiak lehendabizi Baionan Gure herria aldizkariaren gehigarri gisa, eta, ondoren, 1982an, Elkar argitaletxearekin. XXI. Mendean, Galtzagorri Elkarteko Klik-Klasikoak proiektuari esker, Patxi Zubizarretak gaurkotu eta egokitu zituen eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak ilustratu.

“Amattoren Uzta app”an Patxi Zubizarreta izan da gidoigile eta Maite Gurrutxagak ilustratu ditu honen animazioak, eszenak eta pertsonaiak istorio horiei interaktibitatea eta animazioa emateko. Joserra Senperenak sortu die musika, Amaia Hennebutek Patxi Zubizarretarekin batera ahotsa jarri die. Eta Oreka Interactive enpresak egin du garapen informatiko osoa.

Klis-klasikoak APP bildumaren baitan, “Amattoren Uzta app”ak pauso bat gehiago ematea ekarri du: izan ere, XX. mende hasieran Ipar Euskal Herriko baserrietan ahoz kontatu eta mende horren erdialdetik aurrera paperera jasotako ipuin tradizionalak dira app honetan entzun eta dibertitzeko aukera eskainiko digutenak. Abentura grafikoa sortu dugu “Hartz-kumeren istorioa”rekin; 360 graduko esperientzia “Gameluaren istorioa”rekin eta ipuin interaktiboa “Arttoren istorioa”n oinarrituta. Guztia gainera berariaz sortutako musikaz lagundurik.
“Amattoren Uzta app”az gozatzeko liburua eskuratzea gomendatzen du Galtzagorrik, liburutegietan edo ohiko liburu-dendetan. Ondoren, irakurle eta nabigatzaileak nahikoa izango du internet bidez Galtzagorri Elkartearen web gunera sartu eta bertan aurkituko duen “Amattoren uzta app”aren ikonoan klikatzea. Zehazki, helbide honetan: www.galtzagorri.eus/appak

App berriaren inguruko Transmedia Irakurketa Kluba
App berria gutxi balitz, honi lotuta, eskaintza berezia bideratu du Galtzagorri elkarteak Orona Fundazioarekin elkarlanean: “KlisKlasIK” euskarri ezberdinetan oinarritutako lehendabiziko irakurketa kluba. Uztailaren 10, 11 eta 12an, goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ak arte gauzatuko da Orona Fundazioaren eraikinean (Hernaniko Galarretan).
Euskarri ezberdinetan oinarritutako irakurketa klub honetan, gehienez ere, 8 eta 12 urte bitarteko 15 haurrek parte hartu dezakete. Klubaren matrikula prezioa, 60 eurokoa da, haur bakoitzeko eta izen ematea zabalik dago ekainaren 22ra arte. Oraindik badago lekua, eta ez galdu aukera Transmedia irakurketa klub honetan literaturarekin eta teknologia berriekin dibertitzeko.

Horretarako, www.galtzagorri.eus helbidean dagoen formularioa bete behar da.

Informazio zabalagoa:
943 471 487 / galtzagorri@galtzagorri.eus
www.galtzagorri.eus

Amattoren uzta
Amattoren uzta
Amattoren uzta, aplikazioak, app, Teknologia

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude