Airearen kutsadurari gainbegirada (eta III)

Airearen kutsadurari gainbegirada (eta III) –

Artikulu-sorta honen aurreko ataletan airea kutsatzen duten substantzia nagusienak zeintzuk diren berrikusi genuen. Era berean, behin eta berriz azpimarratu dugu airearen kutsaduraren eta osasun-arazoen arteko lotura. Kalkulatzen da munduan, urtero, aire kutsatua arnasteagatik 9 milioi lagun hiltzen direla. Zeintzuk dira, baina, kutsaduraren iturri nagusienak?

Airearen kutsadurari gainbegirada (eta III)
Bruselak airearen kutsaduraren muga berriak ezarri ditu, 2030. urterako bete beharko direnak. (Argazkia: Peggycohucair – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Aurreko ataletan airearen kutsatzaile nagusienen gainbegiratua egin genuen, eta aipatu genuen garrantzitsuenak direla PMak -PM2,5 zein PM10 partikulak-, ozono troposferikoa, karbono monoxidoa, nitrogenoaren oxidoak -NO-, sufrearen oxidoak -SOx-, eta metal astunak. Konposatu horien jatorriari dagokionez, airearen kutsaduraren iturri nagusienak hauexek dira: industria, energia-ekoizpenerako guneak -alegia, energia-ekoizpenarekin lotutako industria-, errekuntzako motorrak eta ibilgailuak -azken horiek erregai fosilen errekuntzarekin lotuak-. Neurri txikiagoan nekazaritza, gas-estazioak, garbiketa-produktuen erabilera, hondakinen errausketa eta iturri naturalak ditugu -bai, iturri naturalek ere kutsa dezakete, sumendiek eta suteek, kasu-.

Oro har, energia-ekoizpenarekin lotzen da kutsaduraren igorpen garrantzitsuena: bai etxebizitzen kontsumorako energia, bai industriarakoa. Zentral termikoek zein ikatza erretzen duten beste industriek kutsadura handia sortzen dute. Antza denez, gainera, ikatzaren errekuntzak ez du behera egingo epe motzean. Industriak sortzen duen aire-kutsadurarekin gainontzeko errekuntzak ere bilduko genituzke; are gehiago disolbatzaileak tarteko badaude.

Ibilgailuen kasuan, hainbat kutsatzaileren igorpenarekin lotzen dira; esaterako, karbono dioxido eta monoxidoa, nitrogenoaren oxidoak, materia partikulatua eta abar. Ibilgailuen garraioa gas kutsatzaileen igorpenaren eragile nagusiena da, eta baita osasun-arazo gehien eragiten dituen kutsadura-iturria ere. Nekazaritza eta abeltzaintza azaletik aipatu ditugun arren, negutegi-efektuko gasen igorpenaren eragileak dira -karbono dioxidoa eta metanoa, besteak beste- eta amoniako-igorpenak ere nekazaritza eta abeltzaintzarekin lotzen dira. Hondakinek ere airearen kalitatea larriki kaltetzen dute, gehien bat hondakin horiek errausten badira. Mundu mailan ekoizten diren hondakinen %40k erraustuta amaitzen dutela kalkulatzen da. Errekuntza horren ondorioz dioxinak, furanoak, metanoa, materia partikulatua eta abar igortzen dira airera.

Airearen kutsadura murrizteko, ezinbestekoa da kutsatzaileei muga zorrotzak ezartzea, baina horrek bakarrik ez du askorik aldatuko. Muga horiek bete ahal izateko, ezinbestekoa da ibilgailuen erabilera murriztea eta industria-prozesuak aldatzea. Nagusiki, industria-ekoizpena, ibilgailuen erabilera eta energia-kontsumoa murriztearekin lortuko genuke airearen kalitatearen parametroak hobetzea. Hori idaztea errazagoa da egitea baino. Hirigune kutsatuen kasurako, badira zenbait konponbide; esaterako, blog honetan bertan Amaia Portugalek azaldutako aire-garbigailu erraldoiak erabiltzea. Bestalde, jakin badakigu hiriguneetan gune berdeak ugaritzea ona dela osasunerako. Hala ere, aipatutako horiek arazo global baten irtenbide puntualak besterik ez dira. Lan asko dago oraindik egiteko.

Airearen kutsadurari aurre egiteko lehen pausoa airearen kalitatearen kontrola egitea da, jakina. Euskadiko kasuan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak herritarron eskura ditu airearen kalitatea neurtzen duen sarearen datuak. Estazioek neurtu egiten dituzte, besteak beste, sufre dioxidoa, nitrogeno oxidoak -NO eta NO2-, ozono troposferikoa, karbono monoxidoa, bentzenoa eta materia partikulatua -PM10 eta PM2.5-. Horretaz gain, beste hainbat parametro meteorologiko ere neurtzen dituzte; esate baterako, haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa eta prezipitazioa.

Estazioek neurtutako datuetara webgune honen bidez iritsi gaitezke eta datuak denbora ia errealean ikusi. Esaterako, hau idazten ari naizen bitartean, Durangoko estazioan goizeko 7:00etan neurtutako nitrogeno dioxido kontzentrazioa 35 mg/m3 izan da eta duela lau ordu -eskuragarri dagoen azken datua- 4 mg/m3 neurtzen ari zen. Aldiz, Tolosako estazioan goizeko 6:00etan PM10-en kontzentrazioa 12 mg/m3 izan da eta duela lau ordu 5 mg/m3. Datu horien irakurketak hainbat ondorio ekartzen ditu; esaterako, oso modu nabarmenean ikusten da nola lotzen diren zenbait kutsatzaile eta ibilgailuen garraioa -gora egiten dute biek goizeko lehen orduetan-. Horrek, zalantzarik gabe, tokian tokiko airearen kutsadura zein den ezagutzeko aukera ematen du. Azken batean, Bruselan hartzen diren erabakiak urrun dauden arren, norberak bere herrian duen airearen kalitatea ezagutzea interesgarria da urruti hartzen diren erabaki horien zergatia ulertzeko.

.

Erreferentzia bibliografikoa:

Manisaldis, Ioannis; Stavropoulou, Elisavet; Stavropoulos, Agathangelos; Bezirtzoglou, Eugenia (2020). Environmental and health impacts of air pollution: a review. Frontiers in Public Health, 8. DOI: 10.3389/fpubh.2020.00014

Airearen kutsadurari gainbegirada (I)

Airearen kutsadurari gainbegirada (eta III)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude