Adierazi zure kezka Espainiako Kongresuko diputatuei
xMiler programaren bidez, Kongresuko diputatuei emaila bidaltzeko aukera du nahi duen orok, norbere webean barneraturiko HTML kode baten bidez. “Demokrazia zuzeneko ekintza honen bidez”, Hacktivistas-ek Interneteko deskargei buruzko LES legearen inguruko kezka adierazi nahi die diputatuei. Formulario hau betez egin liteke kexa.
LES legea (Ekonomia Jasangarriko Legea) egun hauetan ari dira eztabaidatzen Espainiako kongresuan. Gonzalez Sindek aurkezturiko proposamena onartuko balitz, baimendu gabeko deskargak eskaintzen dituzten webguneak ixten hasi liteke Espainiako Gobernua martxotik aurrera. Oraingoz, SGAEk eta Espainiako Kultura ministerioak egin eta PSOEk aurkezturiko lege-proposamenaren aldeko jarrera erakutsi dute PPk, EAJk eta CIUk. Esquerra Republicanak eta IUk kontrako jarrera azaldu dute.
Hacktivistasen arabera, ondorengo hauek lirateke Sinde legearen ondorio batzuk:
- Epaile baten agindurik gabe itxi ahal izango dira webgune eta komunikabideak, ohiko prozedura judizialaren bermeak galduz.
- Webguneak eta komunikabideak ixteko aditu zentsoreen komitea sortuko litzateke, aliritzira aukeraturiko komitea.
- Atzerriko multinazionalek eragin zuzena izan dezakete webguneak ixteko proposamenak egitean.
- 1.500 weborri berehala ixteko aukera.