Abeltzain birtualak

Abeltzain birtualak –

Ideiez lehor nebilen Galderako egiten dudan artikulua osatzeko. Atzen hilabeteotan nire eskuetara ailegatu diren zientzia eta teknologiari buruzko berrietan ez dut sentitu atentzioa bereziki pizten zidan gaia edo ikuspegia. Eta izan, izango ziren jakina gai interesgarriak! Adibidez, gizakion eboluzioaren arbola berriaz edo zaldiak etxekotu izanak gure zibilizazioan izan duen eragin ukaezinaz leitu dudana.

Hara nola gaur bertan tupust egin dudan atentzioa bereziki erakarri nauen gai batekin. Akaso, Alkizako nekazal paraje hauetan egoteak eta etxe pareko belardi batean Zalmiña baserriko behitalde bat larratzen ikusteak erraztu dute gaia bereziki interesatzea: aurrerapen teknologikoak eta abeltzaintza. Edo akaso lanaren nekeaz sarri entzun izan dudan baserritarren kalaka izan da. Izan ere, abeltzainen lana erraztea eta nekea arintzea beti izango zaie mesedeko.

Enekoitz Telleria Sarriegik Berrian eskribitutako pieza leitzeko parada izan dut: ‘Itxitura birtualak, eta zintzarri digitalak’. Itxitura birtualaren kontuak harritu nau. Zintzarri digitalena erraz entendi daiteke GPS bidezko geolokalizaioa ohikoa baita mendian dabilen askorentzat. Zeozer entzunda neukan jada, azkenekotz abenduaren lehen astean eginiko CONEMA azokan entzun nion ahuntzain bati nola usatzen zuen esplikatuz.

Alabaina, itxitura birtualarena nola? Ezagutzen ditugu aintzinean harriz edo lataz itxitako esparruak edo esolez eta txarrantxaz eginiko ohiko itxiturak -bidenabar ohar dialektologikoa, Herniopeko inguru honetan ixtura esaten diegu horrelakoei- eta modernoagoak diren bateriak kargatutako hari elektrikoak, artzain elektrikoak alegia. Alabaina, buruan ez zitzaidan kabitzen nola antola daitekeen fisikoa ez den itxitura, nola lortu birtualitatea. Sorginkeria iruditu zait leitu orduko, baina nire garun zientifikoak ukatu egiten dit imajinatzea Intxarraundiagako Xabier erratz baten gainean hegan araoak edo konjuruak botatzen Gorri edo Beltxa gobernatzeko.

Abeltzain birtualakEnekoitzek erraz azaltzen du. Gainera ez dela hain gauza berria! Ohartu naiz hamar urte bat badirela itxituren birtualitatea errealitate bihurtuta dagoela. Norvergiako Nofence enpresak asmatutako sistema da. Wikipedian ikusi ahal izan dudanez, -ingelesezko artikuluan euskaraz ez baitago oraindik-, Oscar Hovde Berntsen izeneko gizasemea artzain elektrikoen alternatiben bila zebilenean, birtualitatearen ideia sortu zitzaion (en.wikipedia.org/wiki/Nofence). Oscar 2011an hasi zen hesi birtualen ideia lantzen eta 2016an proiektu pilotu bat egin zuen Norvegian 850 buruko ahuntz-talde batekin. Arrakastatsua izan zen eta 2017 Norvegiako gobernuak sistema homologatu eta baimendu zuen.

Ez pentsa urrutiko intxaurrak direnik. Euskal Herriko abeltzain batzuk usatzen ari dira jada eta, Berriako artikuluan diotenez, poz-pozik dira. Bizimodua errazten die abeltzainei itxitura fisikorik ez dutelako egin behar. Itxitura egiteko inbertsio eta lan nekeza ebitatzen die eta larreen kudeaketa errazten die aziendak batetik bestera mugitzea eta toki zehatz batean larratzen jartzea errazagoa
egiten baitu.

Honaino iritsita, nola lortzen da birtualitatea? Abelburuei iduneko bat ezartzen zaie gailu batekin. Abeltzainak definitu egiten du animalek mugitu ahal izango duten eremuaren perimetroa GPS teknologiaren bidez. Abelburua perimetro horretara hurbiltzen denean, hots bat egiten du gailuak, ozenagoa gehiago gerturatzen bada eta artzain elektrikoek ematen duten deskargen modukoa jasaten du perimetroa gainditzen badu. Ikasketa-prozesu baten bidez, animaliak badaki hotsa entzunez gero aurrerago ezin duela jarraitu. Erraza, ezta?

Ba pentsatzen hasia naiz gure etxekonekoei sistema aholkatzea, ea saihesten dudan behin-betiko beren ahutzak gure baratzera eta kiwi-sailera sartzea.

Galde 47 negua/2025

galdeAbeltzain birtualak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude