60 bat zentimetroko diametroa duen amonite bat topatu dute Langraiz Okan
60 bat zentimetroko diametroa duen amonite bat Langraiz Okan –
Amaia Jimenez Larrea, berria egunkarian
Mendizale talde batek aurkitu zuen irail hasieran, eta Arabako Natura Zientzien Museoarekin jarri zen harremanetan aurkikuntzaren berri emateko. Kretazeokoa dela ondorioztatu dute, duela 87 milioi urtekoa.
Noizbehinka, espero baino hurbilago topa daitezke altxor txikiak, galdetu diezaiotela bestela irailean Langraiz Oka (Araba) inguruan zebilen mendizale talde bati. Irail hasieran herriko harrobiaren inguruan zebiltzala, amonite bat topatu zuten ustekabean —Fosilen pasealekua deitzen diote inguru harri—. Aurkikuntza ohiz kanpokoa zela jabetuta, Carmelo Corralekin harremanetan jarri zen taldea. Palenteologoa da Corral, Arabako Natura Zientzien Museoko bildumen mantentzeaz arduratzen da. Hark segituan eman zien notiziaren berri museoko beste sail batzuetako zuzendariei. Ez baita makala aurkikuntza: amoniteak 60 bat zentimetroko diametroa du, eta ondorioztatu dute duela 87 milioi urtekoa dela; Kretazeokoa, hain zuzen.
Segituan hasi ziren museoko kideak herriko arduradunekin bilerak egiten, erauzketa lanak antolatzeko. Behin lanekin hasita, arkeologoak konturatu ziren pieza osorik zegoela, inongo hausturarik gabe. Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kirol eta Kultura diputatuak adierazi duenez, amonitea zaharberritze zerbitzuaren esku dago jada, fosila «egoki» atera ostean. «Zalantzarik gabe, aurkikuntza handi bat da. Amoniteen fosilak 40 bat zentimetrokoak izaten dira, eta honek 60 ditu», adierazi du.
Zaharberritze zerbitzuak honako hau adierazi du: «Gure helburua fosila babestea eta jendaurrean ahalik eta bizkorren jartzea da. Hori baino lehen, ordea, kontserbaziorako beharrezkoak diren ikerketa zientifiko eta zaharberritze lanak egin behar dira». Arabako Natura Zientzien Museoan egongo da fosila, eta, aurkikuntza horrekin, guztira hiru amonite izango dira bertan ikusgai.
Bestalde, Kirol eta Kultura diputatuak adierazi du herritarren laguntzari eta protokoloak jarraitzeari esker gertatzen direla horrelako aurkikuntzak: «Edozein elementu paleontologikoren bat aurkituz gero, ardura duten agintariei jakinarazi behar zaie».
60 bat zentimetroko diametroa duen amonite bat topatu dute Langraiz Okan