5. mailarako ordenadoreen eta software librearen inguruan
Interesgarria Sustatuk gai honetaz egin duen laburpena eta jarritako lotura guztiak gauzak nondik nora ibili diren ikusteko. Garrantzitsua da prozesua nola izan den gogoratzea, ordenagailuak iristen zaizkigunean agindutako guztia betetzen den egiaztatzeko. Nik, administrazioaren ohiko jokaera ezagututa, eta sozialistek orain arte erakutsi dutenagatik, zalantza asko ditut.
Adibidez, demagun abiatze bikoitzarena betetzen dela. Horrek esan nahi du software librea instalatuta etorriko dela Windowsekin batera? edo eskola bakoitzean egin beharko ditugu instalazioak… Gogoan izan ordenagailu pila bat etorriko zaigula, gurean (Antiguako Jakintzan) 69 daude aurreikusita. Kalkulatzen badugu IKTko irakasleak astean 7 ordu dituela sarean dauden ordenagailu mugiezinak eta sarea bera zaintzeko eta IKTen esparruan sortzen diren gora behera guztiak kudeatzeko, zenbat hilabete beharko dira 69 ordenagailu horietan beharrezko instalazioak egiteko?
Suposa dezagun horrela dela eta ordenagailu bakoitza bi sistema eta beste programekin datorrela. Etorriko da horiekin batera haiekin lan egiteko behar den guztia? Etortzen direnerako, izango ditugu eskolan entxufeak, indar elektrikoa egokia, eramangarriak gordetzeko eta mugitzeko altzairuak, internet-konexio egokia, wifia, eskolako intranetarako laguntza, zaindu eta mantentze lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batek behar dituen orduak, lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza?
Kontatuko dizuet.