240 Ikerbasque ikertzaile bildu dira Euskadiko zientziaren etorkizunari buruzko gogoeta egiteko
240 Ikerbasque ikertzaile bildu dira Euskadiko zientziaren etorkizunari buruzko gogoeta –
- Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, Tabakaleran egindako topaketan parte hartu du.
- Bilerak ikerketa-komunitatearen ekarpenak eta gogoetak jasotzea izan du helburu, etorkizuneko estrategiak definitze aldera.
- Ikerbasquek gaur egun 35 herrialdetako 400 zientzialari inguru ditu.
Tabakaleran ospatu da gaur goizean Ikerbasquek bere komunitate zientifikoarekin urtero antolatzen duen topaketa. Azken urteotan talentu zientifikoa erakartzeko, atxikitzeko eta berreskuratzeko egiten ari den lanari esker, euskal unibertsitateek eta Euskadiko ikerketa-zentroek ikertzaile bikainak izan ditzaten helburuan, ezinbesteko eragilea bilakatu da Ikerbasque. Gaur egun Ikerbasqueko ikertzaile direnetatik 240 ikertzaile bildu dira Donostian.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua den Juan Ignacio Pérez Iglesiasek parte hartu du topaketan, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa den Fernando Cossiorekin eta Ikerketako zuzendaria den Amaia Esquisabelekin batera. Sailburu izendatu zutenetik, gaurkoa izan da Pérez Iglesiaren lehenengo bilera Ikerbasqueko komunitate zientifikoarekin. Bertan, sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkie ezagutzaren arlo guztietan egunero egiten duten lanagatik eta euskal gizarteari eta zientziaren garapen globalari egiten dioten ekarpen zuzenagatik. Sailburua ziur agertu da ehun zientifikoa Euskadin izaten ari den bilakaera onak -zientzia-politiken indartzeak eta zientziako profesionalen inplikazioak-, euskal zientzia etengabe hobetzen ahalbidetuko duela; funtsezko gaia aurrera egin nahi duen edozein gizarterentzat.
Bestalde, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak, Fernando Cossiok – mahai-inguru batean parte hartu du Luis Oro eta Violeta Demonte zientzialariekin batera – ikerketaren aldeko apustuak sortzen duen eragin zuzena azpimarratu du. Cossiok aipatu duenez, egindako apustu ekonomikoak berehalako itzulkinak lortzen ditu, inbertsio gehiago eta enplegu berriak ahalbidetzen dituztenak. Halaber, epe luzera, ikerketak produktu eta zerbitzu berriak sortzen ditu, euskal enpresek lehiakortasuna hobetu dezaten eta aberastasuna eta enplegua sor dezan.
Nola hobetu zientzia Euskadin: 2025-2028 Plan Estrategikoa
Ikerbasquek sustatutako topaketak helburu bikoitza zuen oraingoan: alde batetik, ikertzaileen arteko sinergiak ahalbidetzea, ideiak eta etorkizuneko proiektuak sor ditzaketen hausnarketa partekatuak eragitea. Baina, gainera, kasu honetan ere, zientzialarien inplikazio eta parte-hartze zuzena bilatzen zen, Ikerbasqueren 2025-2028 Plan Estrategikoari begira.
Ideia, gogoeta eta proposamen guztiak baliotsuak eta beharrezkoak direla sinetsita, Ikerbasquek bere ikertzaileak inplikatu ditu erronkak, aukerak, indarguneak eta hobetzeko arloak identifikatzen. Gero eta konplexuagoa eta interkonektatuagoa den mundu honetan, zientziak aurrera egiten du hainbat diziplinaren ezagutzari ezker, hala nola gaixotasun neurodegeneratiboak, material berriak, adimen artifiziala eta sortzen duen eztabaida, teknologia kuantikoa, klima edo energia.
Ikerbasqueri buruz
Ikerbasqueren –Zientziarako Euskal Fundazioaren– programek talentua erakartzeko eta atxikitzeko helburu argia dute: batetik, ikerketa-lana atzerrian egiten ari direnak erakartzea, arreta berezia jarriz Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileen itzuleran; eta, bestetik, beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea Euskadin ikertzen ari direnei.