2025 Kuantikaren urtea

2025 Kuantikaren urtea –

Juan Ignacio Pérez Iglesias Sailburuak 2025 kuantikaren urtea aurkeztu du

  • Urtean zehar, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ekimen ugari bultzatuko ditu kuantikarekin lotuta.
  • IBMren System One ordenagailu kuantikoa urteko azken hiruhilekoan hasiko da martxan.
  • basquequantum.eus webguneak BasQ – Basque Quantum Estrategiari buruzko informazioa eskainiko du, baita elkarrizketa zientifikoak eta dibulgazio-materiala ere.

Juan Ignacio Pérez Iglesias, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, gaur goizean aurkeztu du Donostian 2025. urteko Kuantikaren Urtea, Euskadin aurrerapen zientifiko eta teknologikorako giltzarri izango den urtea.

UNESCOK 2025. urtea Zientzia eta Teknologia Kuantikoen urtea izendatu du, eta izendapen hori bereziki garrantzitsua da Euskadirentzat, non arlo horretan egindako ikerketa eta garapena izugarri hazi diren azken urteotan. Azken urteetako lanari esker, Euskadi posizio pribilegiatuan dago eraldaketa hau lideratzeko. Erakundeen, ikerketa-zentroen eta komunitate zientifikoaren elkarlanari esker, ekosistema sendo bat eratu da, eta aurten kalitatezko jauzi handia emango du.

Aurkezpenean, sailburuak eta bere taldeko arduradunek BasQ – BasqueQuantum Estrategiari bultzada ematearen garrantzia nabarmendu dute. Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektu honek hiru Foru Aldundien parte-hartzea du, eta lankidetza horrek teknologia kuantikoen ikerketa- eta garapen-ildo anbiziotsuak garatzeko aukera emango du sektore enpresarialean.

2025eko agenda

Bilera honetan, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak xehetasunez azaldu ditu BasQ Estrategiaren baitan Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan garatuko dituen ekintzak Euskadin. Ekintza hauek foru aldundiek garatu ditzaketen ekimenekin osatuko dira, BasQ Estrategian duten parte-hartzearen baitan.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak bere ekimen-programa lau arlo nagusitan egituratu du: zientzialarientzat, industria eta prestakuntzarako, gizartearentzat, eta IBM ordenagailu kuantikoari lotutako ekintzak.

Dagoeneko baieztatutako ekitaldi eta topaketen artean hauek daude, besteak beste:

  • Road to Practitioner Program: Konputazio kuantikoaren etorkizuneko profesionalak prestatzeko programa hezitzailea. Ikasle, irakasle eta sektoreko profesionalentzat zuzendua.
  • Visiones Cuánticas: Kuantika eta artea uztartzen dituen erakusketa, publiko orokorrari zuzendua. DIPC-k eta Tabakalerak antolatuta, Donostian, Bilbon eta Gasteizen egongo da, eta hitzaldiak eta tailerrak eskainiko ditu.
  • Basque-Bordeaux Meeting on Quantum Algorithms: Bi eguneko kongresua, algoritmo kuantikoetan zentratua. Euskadi eta Bordeleko komunitate zientifikoen arteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzea du helburu.
  • BasQ-IBM Quantum Challenge: Erronka global hau ikasle eta ikerlariei zuzenduta dago, konputazio kuantikoaren bidez arazo konplexuak ebazteko erronka sustatzen du, ikaskuntza eta berrikuntza bultzatzeko asmoz.
  • BasQ – Udako Ikastaroak: Konputazio kuantikoan adituak beren ezagutzak partekatuko dituzte eta arloko azken aurrerapenak eztabaidatuko dituzte.
  • Kuantika Herriz Herri: Dibulgazio ekimen ibiltaria, kuantika Euskal Herriko hainbat tokitan herritarrei hurbiltzeko helburuarekin, hitzaldien eta jarduera interaktiboen bidez.
  • Kuantikaren Jaialdia: Kuantikaren Urtea amaitzeko ospakizun jaialdi bat.

Iragarri diren ekintzez gain, beste hainbat ekimen gehituko dira urtean zehar.

IBM System One

Aipamen berezia merezi du IBMren System One ordenagailu kuantikoaren etorkizuneko eraikuntzak, BasQ Estrategiaren garapenerako azpiegitura giltzarri bat izango baita. Horrek Euskadi nazioarteko berrikuntza kuantikoaren polo bihurtuko du. Ordenagailua Ikerbasque eraikin berrian kokatuko da -gaur egun eraikitzen ari dena-, IBM-Euskadi Quantum Computational Center egoitza bihurtuz. Euskadi IBMren konputazio kuantikoaren seigarren nodoa izango da munduan, Estatu Batuak, Kanada, Alemania, Japonia eta Hego Korearekin batera. Mugarri teknologiko honek ikertzaileen, enpresen eta berrikuntza-zentroen arteko lankidetza indartuko du, konputazio kuantikoan oinarritutako irtenbideen garapena azkartuz.

www.basquequantum.eus

Komunitate zientifikoak eta gizarteak oro har BasQ Estrategiaren ezaugarriak ezagutzeko eta mundu kuantikoaren potentziala ulertzeko aukera izan dezaten, BasQ-k leiho bat ireki du mundura, webgunearen bidez.

Garatu beharreko ekintza ezberdinak, baita teknologia kuantikoaren esparruko berriak ere, webgunean jasoko dira. Webguneak BasQ Estrategiari buruzko informazioa eskainiko du -sorrera, kideak, egitura, helburuak-, baita ikerketa-ildo nagusiak eta berrikuntza eta hezkuntza-prestakuntza arloetan lortu beharreko helburuak ere. Era berean, zientzia munduko pertsona esanguratsuek beren ikuspegia eskainiko dute webgunearen bidez, eta bideo dibulgatiboek teknologia konplexu baina zirraragarri honen oinarrizko kontzeptuak azalduko dituzte.

2025 Kuantikaren urtea

Nola zaude?

Zientziarako Euskal Fundazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude