2020: Askatasun krisia pandemia garaian
2020: Askatasun krisia pandemia garaian –
Josu Waliñok sarean.eus atarian.
2020. urtea behingoz amaitzeko gogoz gauden arren pandemiak gurekin jarraituko du. Aurtengo urtea madarikatua izan da jende askorentzat koronabirusaren krisialdiak eragin dituen ondorio larriengatik. Heriotzak eta itxialdiak nagusi izan badira ere, zeharka bestelako kalteak ere jasan ditugu, arrakala digitalaren hazkundea edo askatasunen galera bezalakoak.
Garbi dago COVIDak eragindako pandemiak gure gizarteak zuen bizimodua aldatu duela urte honetan. 2020a digitalizazioaren urtea izan da eremu askotan: hezkuntza, merkataritza, harremanak… alor guztietan sarera jo behar izan dugu komunikazio eta lanerako irtenbide bila, baina horrek izan ditu bestelako ondorioak: erabiltzaileok segurtasuna galdu dugu, gobernuen kontrola handitu da eta batez ere arrakala digitala zabaldu da.
Urte honetan eman den arrakala digitalaren inguruan informazio eta ikerketa asko argitaratu dira urtean zehar, azkena ELGAk argitaratu berri duen “Digital Economy Outlook 2020” txostena. Honen arabera, COVIDaren krisialdiak arrakala digitala areagotu du pertsona, enpresa eta herrialdeen artean. Konektibitatea eta digitalizazioa ez da berdina lurralde guztietan, ezta familia guztietan ere, eta koronabirusaren krisialdiak are gehiago sakondu du arrakala hau.
Egoera honetan galtzaile eta irabazleak egon dira beti bezala. Galtzaile pertsonak eta enpresa zein kulturgile txikiak izan dira. Irabazle ohiko enpresa handiak izan dira, bereziki GAFAM moduan ezagutzen ditugun ingurune digitaleko arrain handiak. Jarraian dagoen grafikan ikus daiteken moduan, 2020ko lehen 9 hilabeteetan multinazional handi hauen diru-sarrerak nabarmen igo ziren, Amazonen kasuan bereziki, merkatari txikien kaltetan.
La Vanguardia egunkariak argitaratutako informazioaren arabera gaur egun Amazonek duen burtsako balioak mundu mailako herrialde aberatsenen BPGaren parekoa da. Besteak beste Espainia edo Australia bezalako herrialdeen aurretik kokatuko litzateke zerrendan 13. tokia hartuz.
.
Askatasun galera
Merkataritza edo arrakala digitalaz harago, bestelako eragina izan du pandemiak Interneteko askatasuna bezalako eremutan. Freedom House erakundeak argitaratutako Freedom on the Net 2020 txostenak garbi utzi du pandemiaren ondorioz askatasun galera nabarmenak izan ditugula urte honetan.
Txosten hau egiteko 65 herrialderen egoera aztertu dute. Azterketa honen arabera, 2020an koronabirusaren krisiaren ondorioz Interneteko askatasun globalaren beherakada izugarri azkartzen ari da, hamargarren urtez jarraian erabiltzaileen eskubide digitalak murriztuz: herrialde askotan koronabirusak sortutako aukera baliatzen ari dira sareko argitalpenak kontrolatu, diskurtso kritikoa zentsuratu eta gizarte-kontrolerako sistema teknologiko berriak eraikitzeko. 2020an eman diren hiru joera kezkagarri azpimarratu dituzte Freedom Housek landutako txostenean:
- Informaziora sarbidea mugatzea: agintari politikoek koronabirusa erabili dute informazioa eskuratzeko aukera mugatzeko aitzakia gisa.
- Gehiegizko zaintza: agintariek krisialdia erabili dute zaintza-ahalmenen zabalkuntza eta lehen intrusibotzat jotzen ziren teknologia berrien hedapena justifikatzeko.
- Interneten zatiketa bat gauzatu da, gobernu bakoitzak Interneteko berariazko arauak ezarrita, muga nazionalen bidezko informazio-fluxua murrizteko.
Jokabidea ez da bera izan munduko herrialde guztietan, baina joera globala identifikatu du Freedom Housek bere txostenean, adibide zehatz eta eremu bakoitzean emandako kasu nabarmenen grafikak azalduz. Adibidez, hain modan jarri diren Covidaren jarraipena egiteko mugikorreko aplikazioek egiten duten zaintzaren ingurukoa:
Freedom Housek landutako txostena aztertzeko garaian kontuan izan behar da erakunde hau Estatu Batuetan kokatuta egoteaz gain askotan salatu dela bere ikuspuntua ez dela neutrala. Hala ere, ezin ukatu koronabirusaren krisialdiak eremu askotan eragin duela, baita arrakala digital eta Interneteko askatasunean ere. Espero dezagun etorkizuneko neurriek joera hau zuzentzea.
2020: Askatasun krisia pandemia garaian